Sakelako bihotzak
Zeresana emango duen egile baten aurrean gaude, Azokako foku zurrunak gorabehera
Hastear dagoen Azoka aho biko munstro oro-irenslea da. Lehendik ere arrakasta duena esne-mamitan dago bertan, masa bainuaren jacuzzi epelean; horren ezagunak ez diren gainerako ia guztiak, argira hurbiltzeko ahaleginean dabiltza, papurren bat ahoan sartzeko. Liburu txukun askok itzalaren tolesduretan estalita geratzeko arrisku bizia dute Azokan. Ez dago denborarik denerako, eta komunikabideak izen eta salmenta handien Esne Bidearen atzetik doaz sarri askotan. Horregatik, Azokari begira idazteko eskatu didaten honetan, zentzuzkoagoa iruditu zait fokuek larregi bilatuko ez duten egile hasi berri eta interesgarri baten liburua hizpidera ekartzea.
Publicidad
2023an eman zuen bere burua ezagutzera euskal literaturan Julen Apella idazle gazte mañariarrak, DK Poesia saria irabazi eta bere lehen lana kaleratu ostean, 'Postal bat desertuan' (Balea Zuria) izenburuko poema-liburua. Identitatearen bilaketan murgildutako idazle bat antzematen zitekeen liburu hartako poemetan, erreferentzia eta tradizio literarioz ondo hornitua, munduaren eta norberaren artean dagoen distantziarekin sokatiran, hizkuntzarako eta gogoetarako gaitasun handiarekin. Urtebete geroago, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai Beka eskuratu zuen nobela bat ontzeko. Eta aurtengo udazkenean heldu da sari horren lanaren emaitza, 'Sakelako bihotzak' eleberria. Jokin eta Felix protagonista dituen belaunaldi eleberria. Gaur egunera garamatza nobelak, 2023ra. «Etxebizitza garestien eta audio luzeen garaia da. Eta jendea alde batetik bestera dabil, zertan ari den oso ondo jakin gabe». Eta nobela ardazten duten pertsonaiei horixe bera gertatzen zaie, ez dakitela oso ondo zertan ari diren, krisi existentzialean murgilduta daude, nortasun propioaren bilaketan. Unibertsitatean dabiltza, hura amaitzen edo hura amaitu osteko masterrean. Jokinek depresioa ezagutu du aurrez aurre. Felixek malabarrak egin behar ditu lana eta ikasketak uztartzeko, klase azpiratuaren kontzientzia hozkaka duela. Ez dakite ze punturaino diren eurenak hartzen dituzten erabakiak. Zalantza dute ez ote diren moldatzen gainontzekoen uste, jarrera eta erreakzioetara, sistemarekiko kritikoegia den sistemaren parte ez ote diren. Ingurukoez kutsatzen dira, inork ez du izaera finko eta pieza batekoa, erreferente sendoen min dira. Ezinezkoa da inguruarekiko gatazka etengabean bizitzea, baina, era berean, ezin bizi txalo errazaren bila.
Eta ziurgabetasun horretatik babestu nahian eraikitako oskolak pose arrazional eta epel bihur daitezke. Jokin jendearengandik urruntzen doa, isolamenduan erortzen. Eta Felixek, berriz, hotzegi eta kalkulatuegi jokatzen duela uste du. Gehiegi hausnartzen ditu gauzak, naturaltasuna falta zaio. Bere bikotekidea, Maitane, Erromara joan denetik eta harremana irekitzea hitzartu dutenetik, eskutik ihes egiten diote aukera zehaztu gabeek. Noa ezagutu du, eta ez daki hortik zerbait aterako den. Erabakiak hartu beharko ditu derrigor. Felix eta Jokin biak ala biak dabiltza galduta, munduari zentzua bilatu nahian. Helduaroan sartzen ari dira, baina ez dute jauzi hori argi ikusten. Rilkeren hitzak egiten dituzte bere noiz edo noiz: «haurtzaroa da benetako aberria». Nostalgiaz ere mintzo dira, baina garraztasunez ere bai, kostunbrismoari eta endogamiari bizkarra ematen diote. Susmoa dute, gainera, jende heldua eurak bezain galduta eta alderrai dabilela. Mundua erridikulua dela. Artista jendea eta buru kultureta astunak ere agertzen dira liburuan, oro har pedanteak eta pretentziosoak. Poeta madarikatuen postureo dramatikoa, hirien ordez haien errepresentazio estetikoak baizik gogoko ez dituzten artistak… Eta, hala ere, ezinbestekoak dira kultur erreferentziak, eta liburuan zehar orotarikoak daude: telesailak, liburuak, abestiak… Noaren pisukide den Matias txiletarra ateratzen zaie bidera, zeinaren aitona 68ko Parisen eta Euskal Herrian izan zen. Cristina Peri Rossiren 'Habitación de Hotel' poema-liburua utzi du Matiasek Jokinen eskutan. Nobelan zehar, iparrorratz modukoa izango da liburu hori Jokinentzat, batez ere liburuko azken poema, 'Asombro' izenburukoa: «Enseñamé, dices, desde tus veintiún años/ávidos, creyendo, todavía, que se puede enseñar alguna cosa». Ez da erraza harridurarako gaitasunari tinko eustea.
Apellak estilo zainduz eta xehetasunak eta keinuak mimatuz eraikitzen du eleberria, eta ez ohiko heldutasuna erakusten du pertsonaien barne mundua azaleratzeko orduan. Zalantzarik gabe, zeresana emango duen egile baten aurrean gaude, Azokako foku zurrunak gorabehera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión