Z belaunaldia protagonista duen nobela idatzi du Julen Apellak
Augustin Zubikarai bekari esker argitaratu du bere lehen eleberria da
Bere iniziazio-nobela du 'Sakelako bihotzak' Julen Apellak (Berriz, 1998). Iaz Augustin Zubikarai beka irabazi ondoren idatzi du lan hau, adiskide-talde bateko kideen ibilerak kontatuz. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten saria lortu ondoren, urtebeteko epea izan du orain Elkar argitaletxeak kaleratu duen lana aurkezteko, «oso esperientzia polita eta abesgarria» izan dena autorearentzat, baita «ikasketa prozesu bat».
Liburuaren aurkezpenean aitortu zuenez, hasieran ez zuen oso garbi zeri buruz idatzi. Argi zuen gauza bakarra «nire garaiarekin kontaktuan egon behar zen zerbait kontatu behar nuela zen, eta pandemia osteko giro hori islatu nahi nuela». Izan ere, Apellak literaturari funtzio hori aitortzen dio: «nire inguruan ikusten dudan hori ulertzen saiatzeko funtzioa». Xabier Mendiguren editoreak zehaztu zuenez, ez dira asko 2000 urte inguruan jaiotako idazleak, «Z belaunaldiaz ezagutzen direnak», eta Julen Apellak bere belaunaldiko gauza eta kontuak azaltzen ditu, horrek liburuari «berritasuna» eta baita «interesgunea» ematen diotelarik.
2023an kokatu du nobela idazleak, eta 21 urte dituzten bi gazte dira liburuko protagonistak, ikasketak amaitu eta bizitzako «fase berri batetan» murgiltzen diren bi lagun. Bata ikasle fina eta gazte aktiboa, baina depresio egoeran murgilduta egon dena. Bestea, inoiz ezertan destakatu ez duen gaztea, orain noraezean dabilena zer egin jakin gabe. Egilearen esanetan, «narrazioak pertsona baten heltze prozesua kontatzen du eta prozesu horretan bizi duen garapen psikologikoa, soziala, identitarioa e.a.».
Nobela «errealista» dela dio egileak, egungo gizarteko gaiek eta arazoek zeharkatzen dutelako, baina aldi berean, literaturak lantzen dituen «gai unibertsalak» ere jorratzen dituena, hala nola maitasuna, beldurra, desioa edo komunikazioa, besteak beste. Drama existentzialista ez dela aldarrikatu zuen Apellak, eta horretarako idazleak distantzia hartu nahi izan du protagonistekiko, eta horrek «kanpotik forma analitiko batetan aztertzeko modu bat ematen du».