Pako Aristi, Donostian egindako aurkezpenean. IÑIGO ARIZMENDI
Pako Aristi | 'Irunberri 1990: Arroilaren negarra'

Bertsio ofiziala «desmontatu» eta «egira gerturatzeko» ekarpena

Pako Aristi idazleak «lan eta ikerketa kolektibo» bati forma eman eta 'Irunberri 1990: Arroilaren negarra' (Erein) liburua aurkeztu du

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 21 de abril 2023, 19:08

1990eko ekainean Irunberrin izan ziren gertakarietan «bertsio ofizialaren ondoan alternatiboa» eskaintzeko eta «egira ahalik eta gehien gerturatzeko» 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra' liburua aurkeztu du Erein argitaletxeak ostiral honetan. Pako Aristik idatzi du testua eta agerraldian hamabi arrazoi, froga eta argudio eman ditu Kongresuan Jose Luis Corcuera Espainiako Barne Ministroak aurkeztutako «bertsio ofiziala», hau da, Guardia Zibilarekin izandako tiroketa batean ostean Nafarroa komandoa osatzen zuten Jon Lizarralde, Susana Arregi eta German Rubenach ETAko militanteek euren buruaz beste egin zutela gezurtatzeko.

Publicidad

Irunberrikoa gertatu eta lau egunetara Jose Luis Corcuera barne ministroak bederatzi folio 27 minututan irakurri zituen «bertsio ofiziala ezartzeko gaur arte» eta agerraldian eredu berberarekin erantzun nahi izan dio liburuaren egileak, tesia laburtzen duten bederatzi orri irakurriz aipatutako denbora tartean. «Bertsio ofizialaren ondoan alternatiboa ezarri nahi dugu egia jakiteko. Dexente hurbildu garela uste dut, Corcueraren testua fikzio hutsa delako». Hala ere, azken hitza historialariei utzi die Aristik. «Bi informazio iturriak izatea nahi dugu, eurak erabakiko dute kasu honi buruz idazterakoan zein ondorio atera».

Hamabi arrazoietatik hiru nabarmendu ditu Aristik. Batetik, Marian Husken Holandako kazetariak 2018an argitaratutako liburuan deklarazioa aldatu zuen eta honek «lehen minututik poliziak hiru etakideak non dauden badakiela» demostratuko luke. Berau ostean gutun bitartez berretsi dio ikerketa taldeari, baita German korrika ikusi zuela ere. Gainera, lekukotza honek agenteak «fusila sorbaldan» kokatzen ditu «militanteei tiroka».

'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra'

  • Egilea: Pako Aristi. Hori bai, «ikerketa kolektiboa» izan dela azpimarratu zuen hainbatetan.

  • Argitaletxea: Erein.

  • Orri kopurua: 272.

  • Prezioa: 22 euro.

  • Estiloa: Ikerketa. Eleberria

Germanena da gakoetako bigarrena. Belaunean zuen ustezko zauriarena, zehazki, Huskenen testigantzaren arabera ez baitzen tiroketan zauritua izan. «German korrika ezkutatu bada, nork eman dio ilunabarrean aurkitzen dutenean eskuin belaunean duen tiroa?» galdetzen du liburuak. Arratsaldean izan beharko zukeen, ikerketa taldearen hipotesiaren arabera.

Hirugarren eta azken arrazoi nagusia Jon Lizarralde etakidearen pistola da. Sumarioan aipatzen den balistikaren arabera Hervasen eta Pirisen gorputzetan aurkitu ziren hiru balak bere pistolakoak dira, baina pistola aurkitzen dutenean bala bakarra falta zaio. «Manipulatua izan da, norbaitek kargatu du ostean», defendatzen du Aristik testuan.

Publicidad

Prozesu kolektiboa

Proposamena jasotzean kasua buruz mahaigaineratutako galderak eta susmoak «oso interesgarriak» iruditu zitzaizkiela adierazi du Uxue Razquin, Erein argitaletxeko editoreak, ikerketa taldeko kideek informazio berria eskaintzen baitute sumarioa aztertu eta garaiko hemeroteka arakatu ostean. «Erritmo bizikoa da, nobela bat bezala irakurtzen dena, baina aldi berean gertaera guztiak tentuz aztertzeko sosegua ematen du», laburtu du Razquinek. Aurkezpenean izan dira Aristi eta Razquinekin batera Pilar Garaialde, Egiari Zor fundazioko kidea; eta Ander Lizarralde, Oñatiko Gure Bazterrak elkarteko kidea.

Azken hauek abiatu zuten ostiral honetan aurkeztutako liburuaren proiektua «bertsio ofiziala sekula ez genuelako sinetsi», Lizarraldek azaldu bezala. Hala ere euren ahalmenetatik harago zihoala ikusi eta Pako Aristirekin bildu ziren proposamena aurkezteko. Hamabost egunen ostean eman zien baiezkoa Urrestilako idazleak eta emaitzarekin pozik eta harro azaldu dira. «Gure espektatiba guztiak gainditzea lortu du ikerketak». Eta hitzartzean argi eta garbi utzi nahi izan du Aristik kolektibotasun hori. «Jende asko aritu da laguntzen. Informazio asko bildu dute eta niri mahai gainean jarri didate».

Publicidad

Horretaz gain, liburua egiterako orduan sortutako erronka eta zailtasunei erantzuna emateko izandako laguntzak ere eskertu ditu. Izan ere, 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra'-k laurogeitik gora elementu ditu, tartean marrazkiak edo garaiko egunkarietako lerroburuak edo argazkiak, eta hainbat iturri informatibo, esaterako hedabideetako testuak, lekukoei egindako elkarrizketak edo sumarioan datozen testuak. «Bakoitzak tipografia bereizgarri bat dauka, horrek maketazioa konplikatzen zuen, eta guztia ataletan antolatzeko lana Asier Beltzak egin du», azaldu du Aristik.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad