«Nola konpetituko dugu idazleok nerabeek dituzten estimulu guztiekin?»
Fantasiaren bidetik jo du berriro Yolanda Arrietak gazteei zuzendutako 'Txokolategia' liburuan. Ia denetarik du, 'Ataria' lanarekiko lotura barne
nerea azurmendi
Donostia
Astelehena, 2 azaroa 2020
Aparteko gehigarririk erabiltzen ez bada, osagai gutxi ditu berez txokolateak: kakao-orea eta kakao-gantza eta, zapore mingotsak gogoko ez dituztenentzat, azukre pitin bat. Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak (Etxebarri, 1963) txokolatea hartu du ardatz gazteei zuzendutako azkeneko liburuan, baina 'Txokolategia'-ren osagaien zerrenda ez da inondik ere laburra.
Bidaiak daude, espazioan zein denboran; egiazko pertsonaiak eta fantastikoak; kakaoaren jatorriari eta txokolateren ekoizpenari buruzko azalpen jakingarriak; errealitatea eta ametsa; mitologia; historia; rolak... «eta bakoitzak sentitzen duen eran bizitzeko daukan eskubidea».
Zergatik aukeratu txokolatea hori guztia azaltzeko? «Kakaoak joko handia ematen du, hasiera-hasieratik esanahi sinbolikoa duelako. Oro har, kakaoak eta txokolateak aukera aparta ematen zidaten gai horiei buruz aritzeko», dio Yolanda Arrietak.
Txokolatearen inguruan eraiki duen istorioari dagokionez, bi protagonista nagusi ditu: Lili eta Dona, hamalau eta hamabost urteko ahizpak. Txokolategile familiako bi nerabeoi –jarduerari lotutako hirugarren belaunaldia dira– XIX. mendearen bukaeran bizitzea tokatu zaie, eta atentzioa ematen die txokolate-maistrarik ez egotea. Txokolategian, amona da ugazabandrea, baina txokolate-maisua aitona da, «garai hartan soilik gizonezkoek eskura zezaketelako izendapen hori, bai Gipuzkoan bai mundu osoan». Yolanda Arrietaren lanaren muina bere baitan beste asko biltzen dituen honako galdera hau da: zergatik ez da ageri txokolate-maistrarik historian?
Historia aldatzeko aukera
Historia ez da ordea uste bezain aldaezina. Ez behintzat 'Txokolategia'-n, non posible den espazioan eta denboran bidaiatzea eta gauzak aldatzea. Puntu horretan du lotura 'Txokolategia'-k Arrietaren aurreko liburua den 'Ataria'-rekin. 'Ataria'-n, alegia, institutu bereko lau gaztek hitzordu baterako gonbidapen bana jasotzen dute. Denboran salto egiteko gonbita egiteko da.
«'Txokolategia' idazten ari nintzela, polita iruditu zitzaidan adar bat zabaltzea eta lotzea bi liburuak, jokoa eman zidan denboran salto egiteko, aurrerantz eta atzerantz», gogoratu du. Lilik eta Donak izango dute horrelako bidaia bat egiteko aukera, etorkizunetik datorren emakumeari esker: «Ordu erdiz faltako dira hemen, eta behar adina denbora igaroko dute han. Helburua? Etorkizuna ezagutuz beren geroan eragitea, ikusiz beste era batera bizi daitekeela».
Bi liburuen artean zubiak luzatu baditu ere, ez omen du sail bat osatzeko asmorik. Bigarrena da azkena eta, une honetan, garrantzitsuena. Osagai ugariko errezeta konplexua sukaldatu du, garatzeko orrialde dezente behar izan dituena. «Liburu potoloak ateratzen zaizkit», aitortzen du, eta asko eskertzen dio Denonartean argitaletxe nafarrari bere lanei eskaintzen dien arreta. Honek 220 orrialde ditu, eta 16 euroko salneurria.
Dena iruditzen zaio gutxi alegia irakurle gazteak erakartzeko, nahiz eta ikastetxez ikastetxe ibiltzeak, ikasleekin zein irakasleekin, ez dion baikortasunerako bide handirik ematen. Besteak beste, «gero eta bitartekari gutxiago dauzkagulako. Institutuetan, adibidez, desagertu egin dira liburuak ikasgeletatik, plataformetan dago dena».
Dibergenteak gogoan
Zailtasunak zailtasun, ez dago etsita. Aitzitik, saiatzen da «dauzkagun baliabide urriekin ahalik eta gauza erakargarrienak egiten. Urte asko daramatzat lanean, nire lurra euskara eta Euskal Herria dira, eta hemen ere badago zer kontatua», adierazi du liburu berri bakoitzarekin berritzen duen «erronkatxoaz, apustuaz» mintzatzean.
Horren zati garrantzitsu bat da «euskaraz sortzea gazteentzako literatura fantastikoa», uste duelako hori dela ondo ezagutzen dituen irakurleengana heltzeko bideetako bat. Funtsezkoa, hain zuzen, ez da gehiegi aldatzen ingurua adatu arren, nerabezaroa delako «heroiaren bidaiaren, bidaia iniziatikoaren garaia. Ibiltzen naiz bizitzaren muinean dauden betiko pasio, nahi, oztopo eta ezin horiei kasu egiten, eta horiek janzten...».
Nerabeen testuingurua, baina, ez da lehengoa, eta horrek eragin zuzena du irakurzaletasunean: «Informazio pila jasotzen dute, ia filtrorik gabe. Ehuneko handienak ez du irakurtzen irakasleak behartuta ez bada, laburpen edo iruzkin bat egiteko. Eta orduan ere, egiten duten aprobatzeko. eta geropaso».
«Nola konpetituko dugu idazleok gaurko nerabeek dituzten estimulu guztiekin, irakurtzeak baino esfortzu txikiagoa eskatzen duten kolorinetako telesail eta jokoekin?», galdetzen dio bere buruari. Eta erantzuna da idazten jarraitzea «gutxiengo horrentzat, irakurtzea gogoko duten dibergenteentzat. Horiek ditut gogoan».