Memoriaren eragina eta amatasunaren katramilak
Familia bereko hiru emakumeren arteko hariari segika, Antxiñe Mendizabalek sei hamarkada zeharkatu ditu 'Odolekoak' nobelan
«Ez da esajerazioa. Egun hau gogoratuko dugu Antxiñe Mendizabalek 'Odolekoak' aurkeztu zuelako. Historia handi bat da, pertsonaia handi batzuena eta aldi berean beren herriaren historia. Anbizio handiko nobela, eder eta handia. Irakurlearen gogoan gelditzen den horietakoa».
Eguna ez ahazteko, azaroaren 3an esan zituen hitzok Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, Ameriketako Estatu Batuek presidentea hautatzen zuten egunean, etxe berean editore den Antxiñe Mendizabal Aranbururen (Zumarraga, 1968) aurreneko nobela, hainbat urtez landua eta ondua, aurkeztean.
Nobelaren epizentroa Iruñea da, Mendizabalen ustez bikain islatzen baitira bertan 36ko gerraz geroztik Euskal Herri osoari eragin dioten gertaera eta aldaketak. Garaia, 1941etik 2005era bitartekoa; gerraostea, frankismoa; iragan hurbila... Atzeraka tira egiten duten elementuak ere badaude, iraganaren zama ez baita arina.
Protagonista nagusiak «izen oneko familia tradizionalista» bateko hiru belaunalditako beste horrenbeste emakume dira: Matilde, Teresa eta Amaia. Echaluce familiako hiru emakume horien inguruan unibertso zabal bat eraiki du Antxiñe Mendizabalek. Hain da zabala, non zerrenda luze bat duen liburuak, «eleberrian ez galtzeko».
Zehatza eta zorrotza izan da idazlea pertsonaia denak, nagusiak zein bigarren mailakoak –berak asmatuak ez ezik, «egiazkoak ere badaude, tramari sinesgarritasun gehiago emate aldera»– sortzeko orduan. Bizitzea tokatu zaizkien garaiak deskribatzerakoan eta nobelak hartzen dituen 64 urteetan gertatutakoa kontatzerakoan ere antzera jokatu du. «Data asko daude, dokumentazio lan handia eskatu dit, baina ez da historia handiari buruzko lan bat, gehiago izan da eguneroko bizitzan sakontzea», argitu zuen.
Memoriaren seme-alabak
Osagai desberdin asko ditu Antxiñe Mendizabalen nobela mardulak. Ez du nobela historiko bat idatzi, baina pisu handia du historiak. «Endredo nobela bat ere bada», gustatzen zaiolako «pertsonaiak elkarren artean nahasten joatea, haiekin jolastea, eta tarteka sorpresatxoren bat ematea, guztiok gaudelako besteen bizitzetan nahastuta». «Trama txiki bat badago, eta misterio bat ere bai». 'Dos cafeteras' etxeko gozoki-kaxa batean aurkituko dituzten eskutitz batzuk, 1936ko 'gerrako amabitxi' batenak, dira nobelari misterio ukitua ematen diotenak.
Fikzioko misterioa, gainera, areagotu egin da egiazko batekin, berak 'gerrako amabitxi' haren joan-etorriko gutunak –frontean zeuden soldaduei idatziak, eta haiek bueltan igorriak–, irudikatzen zituen bitartean egiazko batzuk eskuratu ahal izan zituelako, identifikatzeke dagoen Donostiako emakume batenak.
Edonola ere, 'Odolekoak' memoria ariketa da batik bat, ezinbestean lotuta doazen amatasunaren eta alabatasunaren inguruko gogoeta den bezala. «Gizarte memoria, etxeko memoria eta jaiotzetik daukagun memoriaren» seme-alabak garela uste duenez egileak, eleberrian «memoriak irudimenak bezainbeste garrantzi du».
Memoriaren araberakoak dira hain zuzen liburua egituratzen duten hiru atalak: 'Indarkeriaren memoria', 'Kontzientziaren memoria' eta 'Maitasunaren memoria'. Odol bereko hiru belaunaldi islatzen dituzten hiru emakumeak hurrenkera horretan agertzen dira, nahiz eta «pertsonaiek atzera eta aurrera egiten duten, etorkizuneko gertakarietan eragiteko».
Askoren ahotsak
«Liburu honetako familiak ez dauka nire familiarekin zerikusirik, baina istorio honetako emakumeengandik oso gertu sentitu naiz», adierazi zuen Antxiñe Mendizabalek. Sortu dituen pertsonaiekiko lotura sendoena amatasuna eta alabatasuna dira, «esperientzia pertsonal gisa, eta eraikuntza kolektibo bezala –zehaztu zuen– ama eta alaba askoren ahotsak baitaude nobelan: ama nahi izan ez duen amarena; amaren falta nozitu duen alabarena; amatasun eta alabatasun zapuztuenak...».
Amatasun eta alabatasun zapuztu horien ahotsak Matilde, Teresa eta Amaiarenak ere badira. Bata hurrengoaren ama eta aurrekoaren alaba izanik, matrioxka itogarri baten zati izango balira bezala irudikatu ditu, bata bestearen barruan itxita, «ama irensleak» iruditu zaizkiolako beti panpina horiek.
Askoz emakume gehiago daude nobelan. Era askotakoak dira. Idazlea saiatu da haien bizipenak eta munduaren ikuskera «euren ikuspegi propiotik kontatzen, gizonezkoak jaun eta jabe ziren garaietan». Eta, azkenean, «askapen bide bat eskaini diet protagonistei, maitasunari leku emanaz».