«Mailegu» bat arantza bat ateratzeko
Jon Alonsok Enekoitz Ramirez Lanbas detektibea protagonista duen trilogia osatu du «metaliteratura» ariketa batekin
1995ean hasiberriaren ilusioarekin eta inozentziarekin ekin zion Jon Alonso idazleak Enekoitz Ramirez Lanbas detektibea protagonista duen trilogia idazteko asmoari. «Bost urtean osatuko dut», oroitu du ostegun honetako aurkezpenean bota ziola Gorka Arrese editoreari, baita lan bakoitzean «gure herriaren hiru une» aintzat hartuko zituela: Erdi Aroa eta XVI. mendea, Frankismoa eta Trantsizioa. Nahi baino epe luzeagoa behar izan badu ere, 'Carvalho Euskadin' (Susa) argitaratuta osatu du helburua iruñarrak 'Katebegi galdua' (1995) eta 'Hodei berdeak' (2003) plazaratu ostean.
Izenburua irakurrita irakurle askok nabarituko dute Manuel Vazquez Montalban idazleak sortutako detektibe ezagunaren eragina, Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak azaldu bezala keinu hutsetik harago doana, Alonsok «maileguan» hartu baitio Pepe Carvalho «jolas metaliterarioa» egiteko. Hala, aurkeztutako 'Carvalho Euskadin' baitan beste nobela bat aurkituko du irakurleak, hau ere 'Carvalho Euskadin' deitua eta traman gai zentrala dena. «Nahiko liosoa da, bai», onartu du barre artean egileak.
2016an kokatuta, Sanchez Godin izeneko intelektualak Montalbanen nobela argitaragabe bat aurkitu du eta Nafarroako Gobernu autonomiko berriak Iruñean antolatu duten goi mailako kultur jardunaldi batean aurkezteko asmoa du. Aldiz, norbaitek eleberria lapurtuko du eta helduko da tramara Alonsoren trilogiako detektibea, Enekoitz Ramirez Lanbas, liburua berreskuratzeko kontratatuko baitute. Orriak pasa ahala barneko liburua osorik irakurtzeko aukera izango du irakurleak eta bertako traman murgiltzeko: 2003an Pepe Carvalhok Guadalupe Agirre euskal enpresariaren enkargua jasoko du 'Kokotsa' euskal militantearen desagerpena ikertzeko. Hartarako trantsizio garaian kasurik egin ez zitzaion pista bat emango dio, 'Kokotsa'-ren azken neska aurki dezala.
Donostian girotuko da barne-eleberria eta han detektibeak bilakaera gorabeheratsua izan duten 'Kokotsa'-ren militantzia kideak, euskal burgesiaren nora-nahiak, euskal politikarien eta enpresarien arteko loturak, bete gabeko desirak, janariaren zeremonia errepikatua, esan gabekoek eragindako susmo eta jarraipenak, besteak beste, aurkituko ditu, Susako editoreak xehatu duenez.
'Carvalho Euskadin'
-
Egilea: Jon Alonso.
-
Argitaletxea: Susa.
-
Estiloa: Eleberria.
-
Orrialdeak: 296.
-
Prezioa: 20 euro.
-
Azalaren egilea: Joseba Larratxe.
Mailegua baliatuta trilogia ixteaz arantza bat ere atera du Alonsok, trantsizioari heltzerakoan «trabatuta» geratu baitzen, apalean hainbat saiakera pilatuz, baita 100 orrikoak ere. «Banekien gainera desagertzearen ukitua landu nahi nuela, baina ez nekien nondik heldu. Enfoke txarra zuten, agerikoa zen ezin zezakeela aurrera egin». Irtenbidea bilatze aldera trantsizioa eta batez ere nobela politikoa landu dituzten egileetara jo zuen eta horien guztien artean Manuel Vazquez Montalban nabarmendu du, bereziki 'Asesinato en el Comité Central' eleberria.
Handik abiatuz eta pertsonaiaren zenbait ezaugarri -leloak, esaldi biribil eta «sententziosoak»- errespetatuz, Alonsok «markoa» gehitu dio joko metaliterario kalifikatu duenari, 80ko hamarkadan modan zeudenak eta egun «agian molde apur bat anakronikoa» dutenak. «Espero dut gehiegi ezetz», bota du umorez.
Ildo horretan, Lopez Ziluagak azpimarratu du Alonsok aurkeztutako liburua «literarioki pertinentea izan dadin» izan dadin egindako lana. «Errazena, errazkeria, Pepe Carvalhoren abentura beri bat sortu duela esatea litzateke. Beste idazle baten pertsonaia bat hartu eta hark asmatu ez zuen istorio bat sortzeko jolas literario itzela egin du, bihurrituz».
Eleberriaren xehetasunak aipatzeaz gain, Alonsok oso argi utzi nahi izan du aurkeztutako liburuaren barneko bigarren liburuan lantzen den desagertze kasua «guztiz fikziozkoa» dela. «Denok ditugu erreferente batzuk eta nolabait hori ez dut ukatzen, baina desagertua eta inguruan dauden pertsonaiak, familiak, edo lagunek ez dute batere zerikusirik egiazko kasuekin. Oso inportantea da niretzat azpimarratzea, gai hori buruz idazten hastean oso zaila delako distantzia hartzea».