Lizardi «XXI. mendera» ekartzeko berrargitalpena
'Bihotz begietan' poema-liburua berrargitaratu du Susa argitaletxeak liburu-dendetan aurkitzeko zailtasunak bultzatuta eta irakurle gazteek ezagutu dezaten
1932an Xabier Lizardik argitaratutako 'Bihotz begietan' poema-liburua berrargitaratu du Susa argitaletxeak, «euskal poesiako liburu garrantzitsuenetakoa» eta ondorengo ia «belaunaldi guztietan» eragina izan duena Leire L. Ziluagaren esanetan. «Mintzaera poetiko berri bat sortzeko egindako ahalegina» eta irudi eta sinboloen erabilera, besteak beste, azpimarratu ditu goizean Donostian egindako prentsaurrekoan.
Publicidad
Bere esanetan azken urteetan Lizardi «gehiago zen literatur ikertzaileena eta itzultzaileena literatur zaleena baino» eta klasiko baten «berreskuratze eta erreibindikatze» honen bitartez, justu poeta jaio zeneko 125. urtemugan, lana berriro ere liburu dendetara eramanez «XXI. Mendera» ekarri nahi izan dute. Liburu-dendetan eskuratzeko zailtasunek bultzatu dute Susa pausua ematera eta gaur egungo ortografia estandarrera ekarrita irakurle gazteengana gerturatzea espero dute. Irakurleek, era berean, originala eranskin modura topatuko dute.
Lehen argitalpenetik gaur aurkeztutako 80 urte pasa direnez, argitaletxetik testuingurua eskaintzea funtsezkoa iruditu zaie eta, horretarako, Anjel Lertxundi izan da hitzaurrea egiteko hautatua. «Berehala etorri zitzaigun bere izena, besteak beste aurrez ere irakurri izan diogulako Lizardiri buruz».
Hasierako testu horri erreferentzia ere egin dio Josu Landak, Bihotz begietan' poema-liburuaren estandarizazioa gidatzearen arduradunak. Poesia bilduma gutxi berreskuratu direla zehaztu du – Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' zitatu du beste adibide bezala– eta hori «ez dela kasualitatea» azpimarratu du. «Euskal poesia ez-garaikidean oso gutxi daude haien pare, bi edo hiruk gehienez izan dute halako eragina», iritzi du Landak. «Eta Aresti ez dago ulertzerik Lizardi existituko ez balitz, 'Bihotz begietan' gabe».
Egungo poesian zantzuak
Eragin hori denboran luzatu dela adierazi du Landak eta egungo poesian zantzuak ikusten dituela, Oihana Arana edo Iñigo Astiz irakurtzean esaterako. «Nolabaiteko arrastoa sumatu dut, eta agian oker egongo naiz ez dutelako 'Bihotz begietan' irakurrita, baina Koldo Izagirre poeta irakurri ditu, eta Koldo Izagirre poeta irakurtzen duenak zeharka bada ere Lizardiren eragina du. Kate bat da».
Publicidad
Poema-liburuak denboran hainbeste eta hain ondo irauteko lau arrazoi eman ditu Landak. Batetik, testuingurua. «Orduko panorama poetikoa desoladorea zen eta mintzamolde poetikoa besteekin alderatuz, salbuespen eta anomalia zoragarria izan zela ikus daiteke». Bigarrenik, lana egiteko denbora. «Lizardik 12 urteko produkzioa bildu zuen eta bilakaera nabari da, amaieran asmo osoagoa zuen, poema bera metafora bihurtzeko asmoa». Hirugarrenik, trinkotasuna, «hitz gutxirekin ahalik eta gehien esateko asmoa». Eta, azkenik, zuen garbizalekeria gutxia. «nazioarteko ereduak zituen eta poesia jasoa egiten zuen, mintzaera poetiko berria sortu nahi zuen eta liburu bakarrarekin lortu zuen».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión