Juan Mari Lekuonaren bertsoak, «apalak baina ez arduragabeak»

Ezkerretik eskuinera, Jon Kortazar, Oiartzungo Udaleko Kuktura zinegotzi Josune Cousillas eta, familiaren izenean, Oihana Lekuona. / UNANUE
Ezkerretik eskuinera, Jon Kortazar, Oiartzungo Udaleko Kuktura zinegotzi Josune Cousillas eta, familiaren izenean, Oihana Lekuona. / UNANUE

Jon eta Paul Kortazarrek poeta, abade, irakasle eta euskaltzain oiartzuarrak idatzitako bertsoak bildu dituzte Pamielak argitaratu duen 'Juan Mari Lekuona. Bertsoak' liburuan

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

1966tik ('Mindura gaur') 1990ra ('Mimodramak eta ikonoak') argitaratu zituen lau liburuak nahikoa izan zituen Juan Mari Lekuonak (1927-2005) XX. mendeko euskal poeta bikainenen taldean sartzeko. Abade, irakasle eta euskaltzain oiartzuarraren ibilbide poetikoa osatzeko jo daiteke, halaber, 1996an UPV-EHUk argitaratu zuen eta Lekuonaren poesiaren ikuspegi osoa eskaintzen duen 'Ibilaldia. Itinerario' liburura, eta 2008an EHUk berak kaleratu zuen 'Ibaiak basamortuan', amaitu gabe utzi zuen poema-liburua.

Ahozko literatura biltzea, ikertzea eta hedatzea izan zen Lekuonaren beste egiteko handietako bat. Azken batean, beraxek etxean jasotakoaz ziharduen bertso eta koplez ari zenean. Umetan amonak kantatzen zizkien baserrian kopla eta bertsoak, eta osaba On Manuel Lekuonaren eragina ere handia izan zuen Juan Marik gaztetan.

Bere burua ez zeukan bertsolaritzat, bertsogiletzat baizik, eta egin zituen makina bat. Txukun-txukun idatzi eta fotokopiatutako eskuizkribuetan eta, modu ez horren arduratsuan, agenda batean utzi zituen jasota. Bi iturri horiek, 'Kantak eta bertsoak' eskuizkribua eta familiak emandako agenda, baliatu dituzte Jon eta Paul Kortazar aita-semeek, EHUko irakasleak biak, Juan Mari Lekuonaren bertsoak berreskuratu eta argitaratzeko.

Aspalditxo zeukaten lana prestatuta, baina ez zaie erraza gertatu liburua kaleratzea. Azkenean, Pamielak argitaratu du 'Juan Mari Lekuona. Bertsoak' liburua (160 orrialde, 14 euro), Oiartzungo Udalaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzaz. Oiartzungo Kultur zinegotzi Josune Cousillas eta, familiaren izenean, Oihana Lekuona alboan zituela aurkeztu zuen atzo Donostian Jon Kortazarrek «bertsoak maite zituen poeta handiaren» bertsoak biltzen dituen liburua.

Bertso horiek dira, hain zuzen, «gure eskuetan gelditu ziren material ineditoetan azkenak». Kortazarren ustez, «bertso apalak dira, baina ez arduragabeak», behin eta berriro lantzen, zuzentzen eta berridazten zituelako, familiarengandik jaso duten agenda horretan ikusi ahal izan dutenez. «Badira bost eta sei bertsio dituzten bertsoak», gogoratu zuen Kortazarrek, «pertsonaz beteriko bertsoak» direla nabarmenduz.

Juan Mari Lekuonak, hain zuzen, okasio berezietarako egiten zituen bertsoak, batez ere azken urteetakoak. Etxekoei, ezagunei, adiskide eta lankideei eskaintzen zizkien, liburuan jaso diren gehienak eremu nahiko pribatu horiei dagozkiela. «Bertso zirkunstantzial» horiekin batera, liburuaren zati handi bat Jon eta Paul Kortazarrek sinatutako eta argazkiz ondo hornitutako sarrera zabal eta argigarri betek hartzen du.

Temas

Euskera