Borrar

Maixa Zugasti

Idazlea | 'Zozabarrak'
«Jazarleek ikastaldearen aurkaritza sentituko balute, arazoa konponduko litzateke»

Maixa Zugasti idazleak 'Zozabarrak' (Erein) argitaratu du, eskola-jazarpena ardatz duen gazteentzako eleberri laburra

Iraitz Urkulo

Larunbata, 11 urria 2025, 08:21

Comenta

Idazle-lanean jardun aurretik, irakasle aritutakoa da Maixa Zugasti (Tolosa, 1973). Eta, hain zuzen, eskolan kokatu du bere istorio berria: 'Zozabarrak' izeneko gazte eleberria (Erein). Hartan Junek, hamaika urteko neska batek, lehen pertsonan kontatzen du ikaskideen jazarpenak eragiten dion sufrimendua. Ez dio egoerari bakarrik aurre egingo, ordea; Maria eta Loreto adiskideak eta gurasoak alboan izango ditu.

-Gai zaila aukeratu duzu: eskola-jazarpena.

-Irakasle-lanean aritu naizen urteetan, ia gela guztietan bizi izan dugu jazarpena. Ikasleek sufritzen duten arazoa da, baina gizarte osoaren parte-hartzea eskatzen duena. Idazteko garaian, niretzat garrantzitsuak diren gaiak aukeratzen ditut, eta aspaldidanik nuen jazarpenaren inguruan istorio bat ontzeko nahia.

-Protagonistaren aurkako jazarpena ez da eskola-orduetara mugatzen, cyberbullyingaren bidez bere bizitzaren eremu guztietara hedatzen da.

-Lehen, jazarpena ikastetxera mugatzen zen, eta gazteek etxea babesleku senti zezaketen; gaur egun, ordea, teknologiak arnasa hartzeko denbora eta lekurik gabe uzten ditu nerabeak. Horietako asko era guztietako gailuen menpe bizi dira, sare sozialetan harrapatuta, eta ez dute ihesbiderik jazarpen digitalaren aurrean.

-Juneri jazarleen erasoak bezain mingarria zaio ikaskideen isiltasun konplizea.

-Martin Luther Kingek azpimarratu zuen lagunen isiltasunak eragin handiagoa duela gugan, etsaien hitzak baino. Edozein arazotan, oso garrantzitsua iruditzen zait taldearen, gehiengoaren portaera. Kasu honetan, isiltasun konplize horren oinarrian beldurra dago, eta izuak askatasuna kendu ohi digu. Hori aldatzea lortuko bagenu, arazo asko konponduko lirateke, erasotzaileek taldearen aurkaritza sentituko bailukete.

-Eraso fisiko eta mespretxuen deskribapen xehean galdu beharrean, fokua biktimaren sentipenetan jarri duzu.

-June da narratzailea, eta horrek biktimaren bizipenak hobeki adierazteko aukera eskaintzen duenez, saiatu naiz istorioa sinesgarria egiten. June gazte bakartia da, baina zoriontsu bizi da ingurukoek hori aldatu beharreko ezaugarritzat hartzen duten arte. Lagunak egiteko eramango dute gela berrira, eta bertan sufrimenduarekin egingo du topo: zurrumurruak, irainak, indarkeria… Ondorioak larriak dira: osasun arazoak, izua, larrimina…

Naturaren indarra

- Etengabeak dira hegaztiei, eguraldiari eta, oro har, naturari lotutako metaforak. Juneren gogo-aldartea islatzeko erabili dituzu.

-2022an, Leire Bilbao eta biok Verinesera joan ginen natura eta literatura lotzen zituen jardunaldi batzuetara. Nire ideiak 'El bosque, la ventana y el dedo del niño' idatzian azaldu nituen. Hausnarketa horien harira, istorio honetan naturari garrantzi handia ematea erabaki nuen, gaztetxoak naturatik geroz eta urrunago bizi direlako.

«Nerabe asko gailuen menpe bizi dira, sare sozialetan harrapatuta, eta ez dute ihesbiderik jazarpen digitalaren aurrean»

-Eleberrian hain esanguratsua den zozabarren hegaldiari lotuta, liburuak azal eder-ederra du, oso adierazgarria.

-Idazleak istorioa sortzen duen unetik aurrera, liburua talde-lana bihurtzen da. Ildo horretan, azala Ivan Landa Ereineko ilustratzaileari bururatu zitzaion. Nire ustez, oso ondo adierazten du taldearen jarrerak, zozabarren hegaldiak, Junerengan sortutako sufrimendua.

Babeslekuak

-Itsaso, protagonistaren ahizpa nagusia, izenez baino ez da agertzen, baina hala ere badu pisua istorioan.

-Junerentzat, Itsaso babesa da, zoriona. Alemaniara doanean, etxeko guztiek bizi dute haren hutsunea, baina Juneri jazarpenak hutsune hori biderkatu egiten dio, eta bakardade bihurtu.

-Eskolako korridoreen arriskuetatik ihesi, Junek patioko txokoan dagoen arrainez betetako urmaela du babesleku.

-Donostiako ikastetxe batean badago horrelako urmael bat adineko egoitza baten eta ikastetxe baten artean. Bi mundu lotzen dituen leku zoragarria iruditu izan zait beti. Urmaela garrantzitsua izango da Junerentzat, han aurkituko duelako bakardadearen eta lagunen babesa. Hala ere, natura agertzeko garaian, saiatzen naiz ez idealizatzen; urmaeleko arrainak ere babes bila bizi dira kaioen mehatxuaren pean. Horregatik opa die Junek gordeleku bat, igebelarren azpian eta kanaberen babesean.

-Jazarpenaren biktimak bakarrik irudikatu ohi dira; zure istorioan ez, ordea. Ondoan du Loreto eta haren babes isila.

-Urmaelaren alboan Loreto aurkitzen duenean, Junek badaki hari ikusezin batzuk elkartzen dituztela: biak dira bakartiak eta isilak; ez dute irakurtzea maite… Lotura hori indartzean, lagun bihurtuko dira. Loretok taldearen aurrean ziurtasuna eta askatasuna agertzen ditu.

«Eskola-jazarpena gizarte arazo larria da, eta guztiok irmotasunez gaitzetsi behar genuke eta neurriak hartu»

-Maria da ziurrenik Juneren konplizerik ustekabekoena. Indarkeriaren aurrean, andre zaharrak baretasuna eta adeitasuna eskaintzen dizkio, baita irakaspen baliotsuak ere.

-Mariaren bidez, belaunaldien arteko lotura adierazi nahi izan dut. Gaztetxoak ez dira konturatzen adinekoek bizitza luzea eta interesgarria dutela. Gainera, asko dira bizitzak emandako jakinduria eskaini dezaketenak. Mariak adiskidetasunaren babesa ematen die. Liburuen munduarekiko zubi-lana ere egingo du…

Konponbidea

-Bullyingari amaiera emateko, funtsezkoa da Juneren gurasoen jarrera sendoa.

-Jazarpenaren biktima izututa bizi da, eta horietatik herenak ez dio inori sufrimendua aitortzen, mendekuaren beldur delako. June zorteduna da, gurasoek babesa eskaintzen baitiote.

-Zoritxarrez, errealitatean maiz gertatzen den bezala, ez dirudi zure istorioko irakasleek eta ikastetxeko zuzendaritzak hain egoera larriak eskatzen duen mailan jokatzen dutenik...

-Errealitatean, nik denetik ezagutu dut: irakasle eta zuzendari konprometituak, ardura eta kezka agertzen dutenak, eta baita jazarpenaren aurrean, ikasle askoren moduan, isiltasun konplizea aukeratzen dutenak ere, jazarpena ukatuz edo ardura biktimarengan jarriz. Nire ustez, jazarpena gizartearen arazo larria da, eta guztiok ‒erakundeek, zuzendariek, gurasoek, irakasleek, ikasleek…‒ irmotasunez gaitzetsi behar genuke eta neurriak hartu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Jazarleek ikastaldearen aurkaritza sentituko balute, arazoa konponduko litzateke»

«Jazarleek ikastaldearen aurkaritza sentituko balute, arazoa konponduko litzateke»