'Itzala, hitzaren ahala' lelopean ospatuko da Literaturia
Irailaren 24tik 26ra Zarautz euskal letren plaza bihurtuko da askotariko liburu azokaren baitan egingo diren ekitaldi eta espazioekin
2020ko ekitaldiaren «arrakastaren» ostean «indarberrituta» dator Literaturia liburu azoka. Iazko hariari helduta, irailaren 24tik 26ra 'Itzala, hitzaren ahala' lelopean Zarautz «euskal letren plaza» bihurtzeko asmoa izango du ekimenak «askotariko ekitaldi eta espazio» bitartez. Hainbat argitaletxek Lege Zaharren enparantzan kokatuko den azokan postuak jarriko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, bertaratzen direnek euskal literaturako liburuak erosteko aukera izan dezaten.
Publicidad
Nola ez, Covid-19aren pandemia dela-eta, azokan eta ekimen guztietan «hartu beharreko segurtasun eta osasun neurri guztiak» hartuko direla adierazi dute sustatzaileek. Zehazki bi izango dira guneak: batetik, Modelo aretoan; eta, bestetik, Lege Zaharren enparantzan. Antolatutako ekitaldietarako sarrerak Literaturiako webgunean eskegiko diren esteketan zein leihatilan erosi ahalko dira. Azken hau hasiera ordua baino ordubete lehenago irekiko da, beti ere ekitaldiko sarrerak aurrez amaitu ez badira.
Ahotsenearekin elkarlanean
Agerraldian zehaztu dutenez, Literaturia Ahotsenea sortzaileen gunearekin «elkarlan estuan» arituko da. «Haien eskutik izango ditugu karpan bertan liburu aurkezpenak», azaldu dute. Era berean, haurrentzako Literattipia atala osatzeko Galtzagorri elkartearen laguntza izango dute eta Berria hedabidearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez oihartzun gehiago lortzea espero dute. «Balioak partekatzen ditugu, euskara eta euskal kultura sustatzea».
Lutxo Egiaren manifestu irakurketarekin emango zaio hasiera 2021eko Literaturia hilaren 24an, arratsaldeko 20:00etan Modelo Aretoan eta, ostean, ekitaldiko preseski egin den Asisko Urmenetaren 'Sugarren mende' liburuan oinarritutako antzezlana izango da 7 euroan. Sarrera erosten dutenek 2 euroko bonua jasoko dute liburutan erabiltzeko.
Larunbatean bi guneetan izango dira pil-pilean. Goizeko 11etan irekiko da Lege Zaharren enparantzako liburu-azoka eta, aldi berean, Modelo aretoan 4-7 urte arteko haurrentzat 'Laminen putzuan igeri' ipuin kontaketa izango da Juan Kruz Igerabideren eskutik. Eguerdi aldera, 12:00etan (H)ilbeltza –urtez urte Baztanen antolatzen den euskal nobela beltzaren astea– omenduko da «txikitasunetik euskal literaturari egiten dion ekarpen erraldoia dela eta». Eta Modelon 'Zientzia fikzioa Euskal Herrian' mahai-ingurua Arrate Hidalgo, Amaia Apalauza Ollo, Danele Sarriugarte Mochales eta Katti Olaizola Gabirondorekin.
Publicidad
Igandean ere liburu azoka izango da, hainbat liburu aurkezpenekin. Aretoan, aldiz, bi ekitaldi egingo dira: 11:00etan Literattipia atalean, 'Hitzak josten' ipuin kontaketa, Mireia Delgadoren eskutik; eta 17:00etan 'Oraindik, orain eta oraingoz' poesia eta musika emanaldia Modelon Iñigo Astizen eta Jon Basagurenen eskutik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión