«Istorio gogorra, gordina da, baina ahotsa eman behar zaio»
Astiberrik Joe Saccoren trilogia osatu du 'Gazako oin-oharrak' euskaratuta, berriro ere Julen Gabiria itzultzailearen eskutik
Azken bi urteotan sarri aipatu da Rafah, Gazako Zerrendaren hego-hegoan kokatutako hiria, tarteka lerroburuetan ere. «Hiri nabarmena da gatazkarik sutsuenetako baten erdian, toki errukarria», baina ez soilik orain, duela mende erditik gora baizik. Hala, artxiboen zokorik sakonenean kukututa dagoen 1956ko gertakari odoltsua du ardatz 2009ko Joe Saccoren 'Gazako oin-oharrak' album ilustratuak, berriki Julen Gabiriak Astiberrirentzat euskaratu duena. «Soldadu israeldarrek 111 palestinar akabatu zituzten tiroz. Hilketaz jositako historia luze bateko oin-oharra dirudien arren, Rafahko egun hark –odol hotzean burututako masakrea ala akats izugarria– agerian uzten ditu konponbiderik gabeko gerra baten atzean dauden errealitate ugariak», laburtzen du sinopsiak. Durangoko Azokan izango da Astiberriren erakusmahaian (Goienkale 022, 023).
Publicidad
«Gaur egun Gazan gertatzen ari den izugarrikeriaren sustraiei buruzko ikuspegi sakona ematen du», dio Victor Navarro Astiberriko editoreak. «Istorio gogorra, gordina da, baina ahotsa eman behar zaio». Eta, bide horretan, komikia dibulgaziorako tresna paregabea dela iritzi du. «Komikiak publiko ezberdinengana iristeko duen gaitasuna agerikoa da. Eta Joe Saccoren kalitatearen, zorroztasunaren eta ageriko konpromisoaren egileek irakurlearekin konektatzea lortzen dute, mundu nahasi honetan zer gertatzen ari den jakiteko gogoz». Bide horretan, gainera, konplize dute Julen Gabiria idazle eta itzultzailea. Izan ere, Libros del K.O.-n Ander Izagirreren euskal ahotsa den bezala –'Beruna patrikan' (2015), 'Amona eta beste hamar' (2018)–, Joe Saccorena ere bada Astiberrirentzat. Trilogiako beste biak, 'Palestina' (2023) eta 'Gerra Gazan', ere hark itzuli ditu.
Album ilustratuetan «etengabe espazioaren baldintzapean» egiten da lan eta, bide horretan, esperientzia bada zerbait. Hori bai, lan bakoitza mundu bat izan da. «'Palestina' komikian Saccoren bertsio ziniko batekin egin nuen topo, eta hasieran ez zen erraza izan horrekin konektatzea; 'Gerra Gazan' komikian, bere bertsiorik amorratuena erakusten zuen, eta soineko hori guztiz bat zetorkidan; eta 'Gazako oin-oharrak' komikian, berriz, begirada analitikoagoa izateaz gain, komiki-formatuaren gaineko kontrol osoa daukala erakusten du, sekulako gaitasuna du komikiaren baliabide guztiak ustiatzeko, eta ni, itzultzaile gisa, eroso sentitu naiz bere bertsio honekin».
Sacco eta haren estiloa ezagutzeak bidea zertxobait erraztu du trilogia osatzen duen lanean. «Oraingoan ez dut ahalegin handirik egin behar izan haren ahotsa eta tonua harrapatzeko, eta erraz sartu ahal izan naiz bere azalean, aktoreek esaten duten moduan, itzultzaileak horixe gara eta, nola edo hala». Hori bai, haren «inkontinentzia testuala» erronka da beti. «Prozesua izugarri luzea eta neketsua bihurtzen du, ez soilik denbora aldetik, baizik teknikoki ere». Are gehiago 'Gazako oin-oharrak' komikian. «Hau izan da orain arte itzuli dudan komikirik luze eta dentsoena».
Azkenik, formatuaren aldarrikapena egiten du Gabiriak. «Agerikoa da azken urteotan komikiek tokia lortu dutela, oro har, literaturaren barruan, eta zehazki euskal literaturaren barruan». Maiz genero arin etiketa ezarria izan badu ere, publiko orokorretik saga zehatz batzuei lotua –Asterix, Tintin, superheroiak...– «tokia lortu eta aintzat» hartua izaten ari dela iritzi du. «Komikigintzak erakutsi du bizitza propioa duela genero literario gisa eta funtzionatzen dutela artefaktu literario gisa, edozer kontatzeko balio dutela». Hau da, «prestigioa» lortu du. Eta haren eskutik salmenta kopuruak ere, nitxoko kontua, «frikien kontua, denda espezializatuetan erosi behar» dela egozten baitzaio askotan. «'Maus' eta 'Palestina', adibidez, 2.000 aletik gora salduta jada». «Bi komiki horien bitartez orain Gazan gertatzen ari den guzti-guztia ulertu daiteke».
Publicidad
Bat dator Navarro, eta adibide bezala gehitzen du Paco Rocaren 'Arrugas' edo Miguel Gallardoren 'Maria y yo' lanek ikastetxeetan egindako ibilbidea. «[Komikiak] irakasleentzat oso tresna garrantzitsua izatea lortu du askotariko gaiak jorratzeko». Eta euskarara ekartzearena ere ez da ausazko erabakia. Duela bost urte abiatu zuten haien katalogokoak ez diren lanak itzultzeko lan-lerroa, «unibertsalak iruditzen zaizkigun eta euskal irakurlearentzat eskura ez zeudenak». Lehena Art Spiegelmanen 'Maus' izan zen, jarraian Joe Saccoren 'Palestina' edota iaz kaleratutako Corto Maltesen lehen bildumakia, 'Itsaso gaziaren balada bat'. «Etorkizunean egile eta tematika berriak izango ditugu», aurreratzen du Navarrok.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión