Borrar
Urgente Pradales, agredido con un espray de pimienta en Barakaldo
Ana Urkiza eta Begoña Durruty, Donostian, euripean. lusa
Ipuin labur-laburrak eta marrazki iradokitzaileak, paperezko ahozapietan

Ipuin labur-laburrak eta marrazki iradokitzaileak, paperezko ahozapietan

«Txikitasunari gorazarre» egin dio Ana Urkiza idazleak Begoña Durruty ilustratzailearekin batera osatu duen liburu bitxian

Nerea Azurmendi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Jueves, 19 de noviembre 2020, 20:31

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Paperezko ahozapiei inoiz baino gehiago erreparatu diegu azken boladan. Taberna eta kafetegiak zabalik baina murrizketa ugariren pean zeudenean, desagertu egin ziren barra eta mahaietatik. Taberna eta kafetegiak itxi dituztenetik, bakarra ematen dute, kasurik onenean, eramateko kafearekin. Faltan eman ditugunean ohartu gara paperezko ahozapien garrantziaz, baina bestela objektu xumeak dira, erabili eta botatzekoak, ia baliorik gabekoak.

Ana Urkizaren familian, baina, badira paperezko ahozapiei berezkoa duten funtzioaz haragoko balioa ematen dieten kideak. Berak, berriz, «baliorik handiena momentuan behar dugun hori ematea» duten paper zatitxoak euskarri literario bilakatu eta, Begoña Durruty ilustratzaile nafarrarekin lankidetzan, 'Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak' liburua argitaratu du.

Donostian Elkar etxeko editore Xabier Mendigurenekin batera egin zuten aurkezpenean, liburu hain bitxi bat argitaratzeko erabakia hartu izana eskertu zion Ana Urkizak argitaletxeari, «oso gutxi baitaude gurean horrelako liburuak»: ilustrazioek testuek bezainbesteko pisua duten helduei zuzendutako ipuin bildumak. Honetan, zehazki, orrialde banatan paratuta daude, bata bestearen ondoan, Urkizaren ipuin oso laburrak eta horiei dagozkien Durrutyren ilustrazio hori-beltzak.

Tamaina egokiena

Batik bat haur literatura, poesia eta narraziogintza landu dituen Ana Urkiza ez da sekula izan luzera jo zalea, baina atzo onartu zuen gero eta gehiago erakartzen duela labur aritzeak. Ez du gaurko joera. 2011. urtean, esaterako, 'Atzorako geratzen dena' (Alberdania) aforismo liburua argitaratu zuen, eta haurrei zuzendutako lanen batean ere erabili izan ditu ipuintxo laburrak.

Orain dela hilabete batzuk Eusko Ikaskuntzako lehendakari hautatu zuten Ana Urkizak atzo aurkezpenean adierazi zuenez, «inpaktu asko jasotzen ditugu, eta horiek islatzeko egokiena iruditzen zait testu laburra». Irakurtzeko gero eta denbora gutxiago dugunez, bestalde, aproposak izan daitezke testu laburrak irakurzaletasuna eta denbora falta bateragarri egiteko.

'Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak' «hurrengo urratsa» izan da azken urteetan gauzatzen joan den bilakaera horretan, eta paperezko ahozapi itxurako orrialde zurietan jaso ditu era askotako ipuinak, denetariko gaiei buruzkoak.

Denak dira oso laburrak, 200-300 karaktere ingurukoak (orain arte irakurri duzun testuak baditu 2.000tik gora), eta ia denak sortu dira «bizitzan harrapatu eta harritu nauten gaietatik». Idatzi, idatzi ditu «sorpresa eta hausnarketa eragiteko, egonezina sortzeko...». Diferenteak dira gaien, giroen eta tonuen aldetik, baina guztiekin egiten die gorazarre «txikitasunari, laburrean aritzeari eta momentua gozatzeari».

Paperezko ahozapiek bezala, «momentuan behar dugun hori ematea» dute balio nagusia ipuinok, alegia. Horregatik ez da beharrezkoa -ezta gomendagarria ere, segidan gehienez hiru irakurri behar direla esan zuen idazlearen ustez-, bata bestearen atzetik irakurtzea.

«Liburu magikoa da»

Ipuinetara marrazkietatik abiatuta iristea izan daiteke liburuaz gozatzeko modu bat, aukeraz betetako bikoteak osatzen baitituzte Ana Urkizaren testuen eta Begoña Durrutyren ilustrazioek.

Durrutyk onartu zuen susto galanta hartu zuela Urkiza testuekin agertu zitzaionean, horietan oinarritutako ilustrazioak egin zitzan eskatuz. «Motzak dira, intimoak, bizitzari buruzkoak, eta denek eskatzen dute barnera begiratzea», esan zuen.

Sorpresaz sorpresa joan zen ipuinak deskubritzen, gero hausnartzen, gero ilustrazio bilakatzen: akuarela horia oinarri, eta tinta beltza marrazkirako. «Oso libre ibili naiz bide osoan, batere presarik gabe», esan zuen ilustratzaile nafarrak, zeinaren ustez 95 ipuin eta beste horrenbeste marrazki biltzen dituen lana den «liburu magiko bat, sospresaz betea».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios