Arantxa Urretabizkaia
'Zahartzaroaren maparen bila' saiakera argitaratu du, non gaiaren inguruko kontraesanak, topikoak, arakatu dituen
Aiora Sampedro
Jueves, 4 de diciembre 2025, 06:57
Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1948) 'Zahartzaroaren maparen bila' (Pamiela) saiakera argitaratu du. Ez da gaia lantzen duen lehen aldiz, 2022an 'Azken etxea' (Pamiela) plazaratu baitzuen ere. Lan honetan dioenez, zahartzaroa gizartean eta literaturan 'terra incognita' bat da oraino; eta haren inguruan hausnartuz, berrikuspen kolektibo bat egiteko premia dago. Horretarako, zahartzaroari loturiko gaien inguruko kontraesanak, topikoak, arakatu ditu: pentsioak, zahartze aktiboa, bakardadea, zaintza… bere iritzian eta kideen testuetan oinarrituz.
Publicidad
– 1968ko udaberritik aurrera, diozu, gaitzetsita ageri da zahartzaroa. Iruditzen zaizu 2020ko hamarkada hau zahartzaroaren ahalduntze fase bat?
– Baliteke. Egia esan, nik mende honen hasieratik daramat kontu honi bueltak ematen eta gero eta gehiago ikusten dut han eta hemen, elkarrizketetan edo erreportajeetan, zahartzaroaren gaia tratatzen dela. Lehen ez. Ez dut liburuan aipatzen, baina duela gutxi Madrildik deitu zidaten eta eskatu zidaten eginkizun batean parte hartzeko. Ekimena kosmetika marka ezagunenetako batek ordaintzen zuen. Esan zidaten firma hori, frantsesa, jabetu zela hor diru bat dagoela. Beraz, badago mugimendu bat, ez gizarte zibilarena bakarrik, baizik eta enpresena ere bai. Kontzeptu bat erabiltzen zuten izendatzeko: 'silver economy'.
– Berrikuntzen bide honetatik, jorratzen dituzu gai batzuk garai guztietan zahartzaroarekin lotuta egon direnak. Eta aldi berean, beste gai batzuk soilik gaur egungoak direnak. Adibidez, zahartzaroa, bere horretan, arbuiatzea. Zuk baduzu sentsazioa badaudela gaur egun gai batzuk berriki zahartzaroari lotu zaizkionak?
– Etengabe denok gazte izan behar izate hori bai, dudarik gabe. Zahartzaro tradizionalak bazituen bere abantailak. Zahar tradizionala ez zen zeukan adinaz lotsatzen eta oso argi esaten zizun zenbat urte zituen. Izan ere, bazekiten edonor ez zela heltzen adin horretara eta meritu gisa hartzen zuten. Orain, berriz, zahartzea ezkutatu egin behar da. Bestetik, itxura gaztetzearen kontua ere berria da. Gogoan dut gaztetan Estatu Batuetara joan nintzela hilabete batzuetan eta itzuleran pentsatu nuela amarentzat opari bat ekarri behar nuela. Almazen handi batzuetan sartu eta pertsona helduen atalera joan nintzen. Han dena zen arrosa kolorekoa, baina gure amak kolore horiek ez zituen janzten.
– Ama aipatu duzu. Asko agertzen da liburuan. Amaren aipu guztiak intimitatetik egindakoak dira.
– Iruditu zait hori txertatzen banuen antzeman zitekeela nola joan den aldatzen zahartzaroari buruz nik neukan ideia. Aita ez dut sartzen duela ia 60 urte joan zelako eta amari begira hasi nintzen kontu honetaz hausnartzen; ikusita amak eta bere lagunek zer egiten zuten, zer esaten zuten: «hau ez nuke inolaz egingo, hau ordea, bai». Hala ere, hasiera batean iruditu zitzaidan gauza autobiografikoak jartzen banituen saiakerari akademikotasuna kentzen ziola; eta hori arrisku bat zen lana serio hartzeko. Argitaletxeak, aldiz, esan zidan hori zela bere abantaila, ez dela akademikoa. Horrek beldur hori ezabatu zidan.
Publicidad
– Liburuan gizonezko zein emakumezko egileak aipatzen badituzu ere, bigarrenak nagusitzen dira. Kasualitatea da gure literaturan zahartzaroari emakumeek begiratzea?
– Agian emakumeok, eta batez ere feminismoan luzaroan jardun dugunok, gure bizitza aztertzeko ohitura dugu. Izan ere, errepasatu behar izan dugu zer egiten genuen, zer ikasi genuen, zer desikasi behar dugun. Eta hori modu kolektibo batean egin da. Gizonek ez dute tradizio hori. Gizontasunari buruz agian bakarka bai, baina ez dute taldean hori egiteko ohiturarik; salbuespenak salbu.
– Nork ikusten duzu beharrezkoago liburu hau irakurtzea: gazteenek, zahartzaroan sartzera doazenek edo nork gustatuko litzaizuke irakurtzea?
– Liburua kaleratu denetik behin baino gehiagotan norentzat dagoen idatzia galdetu didate. Batetik, jendeak pentsatu du zaharrentzat edo zahartzaroan dagoenarentzat dagoela idatzita. Hori ez da egia. Haserretu egiten nau. Badirudi beti irakurtzen dugula geure buruaren ispilu baten bila, gutaz hitz egin dezaten. Baina askotan, nik beste batzuen bizitza nolakoa den ikusteko, besteen bizitzetan sartzeko, irakurtzen dut. Idaztean ez dut modu berezian zaharrengan pentsatu, jakin-mina duen edonorengan baizik. Eta bestalde, ez nik ez beste inork ez du zahartzaroaren mapa bakarka osatuko: belaunaldi oso batek osatuko dugu. Ni ausartu naiz soilik nire ekarpena egitera, baina behar dut besteen ekarpena. Uste dut oraindik asko dudala ikasteko zahartzaroaz. Nik liburu bat idatzi dut eta orain espero dut erantzunekin eta oihartzunarekin apur bat gehiago ikastea.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión