Zahartzaroaren mapa berria osatze bidean eztabaida hauspotzeko saiakera
Arantxa Urretabizkaia idazle eta hedabide honetako iritzi-zutabegileak 'Zahartzaroaren maparen bila' argitaratu du, azken mende laurdeneko hausnarketak apailatuta
Zer egin zahartzaroan eman zaizkigun urteekin? Galdera hori du ardatz Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazle eta hedabide honetako iritzi-zutabegileak patxadaz, buelta asko emanda eta su motelean ondu duen 'Zahartzaroaren maparen bila' (Pamiela) saiakerak. «Bere sorreran mende laurdena badu», kontatu du agerraldian. Ez da donostiarrak gaia jorratzen duen lehen aldia, Lander Majuelo Pamielako editoreak esan bezala 'Azken Etxea' (Pamiela, 2022; Euskadi Saria 2023) eleberrian edota bidean emandako hainbat hitzalditan ere -berriki Guadajalarako (Mexiko) azokan eskaini du- landu baitu. Aldiz, oraingoan, «mamiari buruzko hausnarketa lasaiagoa» plazaratu du. Fernando Reyk lagundu du edizio lanetan.
Urretabizkaiak esan bezala, aurkeztutakoa ez da «saiakera akademikoa», bere hitzetan «ez naizelako gai». «Ez da soziologia, ez da autolaguntza. Hausnarketa bat da». Abiapuntuan molde aldaketa, orain arte arautua zegoen zahartzaroak jada ez duela balio dago. «Zahartzeko modu tradizionala desagertu da eta orain eredu gabe gaude. Aztarnaka gabiltza nola zahartu, baina ez daukagu maparik». Hori bai, argi du erantzuna ez duela berak ere eta eztabaidatzera deitu du. «Oraindik badira hala zahartu nahi dutenak [modu tradizionalean]. Baina guk aukera dezakegu nola zahartu, aurrekoek ezin zuten. Hori baliatuz hausnarketa bota dut, eztabaida dezagun nolako zahartzaroa nahi dugun. Ez dut ez nik ez hamaika aldiz argiago den batek osatuko, agian bi edo hiru belaunaldiren lana da».
'Azken etxea' lanean zein osteko elkarrizketetan esan bezala, azpimarratu du adinekoei gizarteak bidaltzean dien mezua «atseden hartzeko» dela, «zazpi egun astero, 24 ordu egunero. Eta disfrutatu. Hori bai, erabakiak hartzen diren lekutik urrun, Peñiscolatik, Benidormetik edo zure etxetik». Erantzun modura, oroitu du giza eskubideak ez direla «adinarekin iraungitzen» eta maiz adinekoekin izan ohi den «gurasokeria», haurrak bezala tratatzea, salatu du. Horren aurrean «espazio berriak» sortzea aldarrikatu du eta aktibaziora deitu. «Erantzukizuna ez da erakundeena bakarri, norbanakoena da. Guk sortu behar ditugu espazio horiek. Erakundeak atzetik datoz beti. Bakardadea aipatzen denean bezala. Badaude lekuak konpainia bilatzeko».
'Zahartzaroaren maparen bila'
-
Egilea: Arantxa Urretabizkaia.
-
Argitaletxea: Pamiela.
-
Estiloa: Saiakera.
-
Orrialdea: 112.
-
Prezioa: 16 euro.
Bat azaldu da Majuelo, iritziz zahartzaroa gehiago aldatu dela azken 50 edo 60 urteotan lehenago mende askoan baino. «Bizitza luzatu eta bizitza-kalitatea aldatu den bezala, eskaintzen zaizkio bi hamarkada gizartean aktibo mantentzeko». Hala, Urretabizkaiak mahai gainean jarritakoa «proposamen ausarta, politikoa erabat eta autonomoa» dela aurreratu du. «Unibertsala den kontua da denoi etorriko zaigulako. Galdera da zer egin eman zaizkigun urteekin, nola probestu eta aldarrikatu». Gaien artean dira zaintza, gorputza, pentsiodunen aldarrikapen eta protestak, jubilazioa edo zahar-etxeen dilema, besteak beste. Pamielako editorearen hitzetan «publiko zabal batek halako hausnarketak» eskatzen zituen eta pozik azaldu da argitalpena egin izanagatik. Ernamuina, hala ere, Urretabizkaiak '3 Mariak' (Erein, 2010) eleberrian kokatu du. «Protagonistak 80 urteko emakumeak ziren eta argitaratzean nire harridurarako zahartzaroan aditua nintzen». Ordutik bueltak ematen jarraitu omen du, «ahal dudan neurrian ikasten». «Nire harridurarako esaten nituen esaldi gutxi horiek harrigarriak ziren eta etorri nintzen pentsatzen 'txukunduko banitu eman ditudan hitzaldiak'...». Hala, oraindik hitzaldiak eskatzen dizkiotela kontatu du, baina urte berrira arte konpromiso berririk ez hartzea erabaki duela «indarrak hartzeko». «Ez naiz etxera lasai joango nik esandako zerbait oker zegoela edo gutxienez findu behar zela. Ikasteko gogo handia daukat. Nire funtzioa ez da lezioak ematea, lezioak jasotzea baizik», gehitu du. Akuilu lana egin du, esan duenez, Pello Elzaburuk.
Emaitzarekin pozik ala ez, hausnartu du liburua amaitzean idazleak sarri ez dakiela «zer egin duen». «Zer egin nahi duzun badakizu, zer egin duzun irakurleak daki. Zure alde kontzientea, inkontzientea... irakurlearen esperientzia eta subkontzientziarekin lotzen denean osatzen da». Bere aldetik, Pamielako editoreak azken testua goraipatu du, batetik «arazo zabal eta berritu bati proposamen eta haustura» bat ematen zaiolako; eta, bestetik, erabilitako tonua «irakurlearekiko oso gertukoa» delako. «Ez du akademikoa edo zehatza izan nahi, tesiak azalduz eta ados edo aurka egonez».
Ildo horretan, 111 Akademiaren itxieraren albistea «letren munduarentzat oso txarra» dela iritzi du, «irakurle edo idazle izan». «Azaldu dutenez arazoa diru falta izan da, horrek adierazten du dirua jarri behar duenak -administrazio zein enpresa pribatu.- zer garrantzia ematen dioten literatura eta kulturari. Lau sos daude jokoan, beste gai askotan lasai asko gastatzen da». Gainera, idazle bezala idatzitako lanen kritikak ederki biltzen zituela oroitu du. «Lanabes hori ez daukat. Orain argitaletxeak esan beharko dit».
Hala, euskal irakurleak «miraria» direla iritzi du, bere belaunaldia idazten hasi zenean ez zelako. «Eta orain ditugu irakurle antolatuak. Ni joaten naiz, ahal badut, edozein muturreraino». Anekdota modura kontatu du bere errekorra Baliarrain dela. «140 biztanle izango ditu eta irakurle taldea dute». Amezketakoa gehitu du, 'Bidean Ikasia' (2016) saiakera aurkezteko bertan izan zela azalduz. «Burmuinean tatuatua daukat emakume batek esan zidala 'liburu honetan ez dago porrotarik'. Edota mutil gazte batek esan zidala Amezketa hobe ulertzen dut liburu hau irakurri ostean».