Haurtzaroko jolasak artefaktu literario bilakatu dituzte

Vicente Vazquez eta Nader Koochaki, Kaxilda liburu dendan./A. I.
Vicente Vazquez eta Nader Koochaki, Kaxilda liburu dendan. / A. I.

89 goitibehera fitxa, 59 jaitsiera fitxa, poster bat, argazki album bat, kartografia, inbentario indizeak edota lehiaketen klasifikazioek osatzen dute 'Geldi. 2011-2017 Goitibehera jaitsierak' dokumentu bilduma

Amalia Ibargutxi
AMALIA IBARGUTXIDonostia

Artefaktu bat. Artxibo, liburuxka zabalgarri eta liburuaren arteko poster koloretsua da 'Geldi. 2011-2017 Goitibehera jaitsierak'. Usue Arrieta eta Vicente Vazquezek sortutako lanak muga lausoak ditu, eta -ZKO argitaletxe berriak plazaratu du. Bertako Nader Koochaki-ren laguntza jaso dute. Euskal Herriko goitibeheren inguruko lehen liburu monografikoa da, Donostiako Kaxilda liburu-dendan Vazquez eta Koochaki-k azaldu dutenez.

Goitibeherak bide asfaltatuetan behera jaisteko erabiltzen diren motorrik gabeko ibilgailu auto-eraikiak dira, industri makineria astuna eta automobilgintza piezak berrantolatuz.

Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez irakurri daiteke 'Geldi'; euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dute, eta ingelesera oso-osorik itzuli. Vicentek soinuarekin alderatzen du, tolestu eta zabaldu egin daitekeelako zazpi urteko ikerketa. 89 goitibehera fitxa, 59 jaitsiera fitxa, poster bat, argazki album bat, kartografia, inbentario indizeak edota lehiaketen klasifikazioek osatzen dute dokumentu bilduma. Gainera, lau liburuxka ere badira, edukia azaldu eta burututako ikerketaren berri emateko. Testuak izan ezik, gainerako dokumentuak era indibidualean ere eskuratu daitezke.

Ikertutako goitiberen lasterketak mapa batean irudikatu dituzte. / A.I.

Film labur bat zen hasiera batean proiektua, hari horri tiraka liburu bilakatu zena. «Igotzen eta jaisten dena islatzeko nahia» zeukaten, eta autoreek euren haurtzaroetatik atera zuten goitibeherak ikertzeko desira.

«Usuek eta biok komunean daukagun orubea da goitibeherena, edo antzeko gailuena. Indar handia izan zuten haurtzaroan -azaldu du Vazquezek-, maldan behera amiltzeko gailuek. Mugitzeko erabiltzen genituen, irristatzeko, urrundu eta zabaltzeko. Era berean, plan urbanistikoek baldintzatu zituzten gure eskolarako bideak, adibidez». Horrela hasi zen liburua, orube hutsak jolasean gurutzatzearen oroitzapen «nitido» horrekin.

Jolaslekuak abiapuntu hartuta, goitiberen piloto, makina eta material moten inguruko ia ehun fitxa sortu dituzte. Saiatu dira, baita ere, jolasak Euskal Herriko udalerrietan duen esanahia argitzen, eta «konpetentzia edo profesionaltasunaz harago, irudikatu nahi izan dituzte kuadrilla, jolas eta sortzen diren gainerako koreografia sozialak».

Inguruneari erabat loturiko aktibitatea dira goitibeherak, azaldu dutenez. Industria handiko esparruetan ematen den fenomenoa, Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian, besteak beste. Modu desberdinean bada ere, materialen berrerabilpena, espazio publikoaren okupazioa eta jolasa dituzte komunean diziplina guztiek.

Haien eraikuntza eta erabilpena, Euskal Herrian, bi fenomenoren arteko bidegurutzean agertzen dira: bailaren industrializazioa eta errepideen asfaltatzea. Hain zuzen, bihar Legazpin egingo dute Inertzia Kirolen Europako Koparako baliogarria den proba bat, industria metalurgikoko Patricio Etxeberria fabrika ezaguna zegoen herrian. Beste hitz batzuetan esanda, Europako goitibehera onenak lehiatuko dira udalerrian. Frantzia, Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Espainiako partaideak izango dira bertan.