'Erle-produktuak, osasun-iturri' argitaratu du Martxel Aizpuruak
Hauekiko jakin-mina baino gehiago erabilera handitu dela argitzen du alegiarrak
J. A.
Larunbata, 6 iraila 2025, 10:56
Duela lau hamarkada, «erle-mundua marjinala» zenean oparitu zion Xabier Kintanak lehen erlea Martxel Aizpurua Agirreri (Alegia, 1949). Txispa bat edo piztu zion, apenas hiru urtean ordura arte zituen beste zereginak alde batera utzi, eta profesionalki erlezaintzara dedikatzea erabaki baitzuen. «Nire lehen asmoa ezti-ekoizpena eta ikerketa partekatzea zen. Hala izan zen lehen bi urteetan; orduan burutu nuen 'Zarauzko erleen polen-ekarpena' deituriko ikerketa», azaldu du. Izan ere, ordutik beste hainbat kontu heldu dira, azkena UEUk kaleratu berri duen 'Erle-produktuak, osasun-iturri', haiekin argitaratzen duen hirugarrena 'Erleekin solasean' (2020) eta 'Erletxo, erletxo, nagusia hil da' (2023) ostean. Webgunean eskura daiteke.
'Erle-produktuak, osasun-iturri'
-
Egilea: Martxel Aizpurua Agirre.
-
Argitaletxea: UEU.
-
Orrialdeak: 210.
-
Prezioa: 20 euro.
80ko hamarkadatik hona erlezaintza-elkarte desberdinetan hartutako ardurak pilatzen joan zen, kudeaketa-lanek garrantzi handiagoa hartuz ezti-ekoizpenaren eta ikerketaren kaltean. Ildo berean, adierazi duenez animaliekiko eta hauen produktuekiko jakin-mina baino «erabilera da handitu dena», hauei buruzko informazioa handitu ahala osasunarekin ere lotu delako. Hala ere, ez da erabilera bakarra.
Horregatik da 'Erle-produktuak, osasun-iturri' «dibulgazio-lana». «Liburuko erle-produktu bakoitzaren eskema orokorra» aurkituko du irakurleak, hau da: produktu bakoitza nondik sortzen den; produktuaren konposizio kimikoa; eta, azkenik, osasunerako dituen onurak.
Era berean, ez da ezkutatzen erle-produktuak kaltegarri ere izan daitezkeela zenbaitentzat. «Hor ere komeni da horren zergatia jakitea; zergatia, noski, bere osaketan edo erabileran egongo da. Uste dut kezka horietako batzuk argitzeko balioko duela liburuak», azaldu du.