'Bizipox', Karlos Linazasororen umore beltz, zirikatzaile eta intentzioz betea
Zahar-etxea batean girotutako «ipuin luzea» argitaratu du bere baitan idazle asko dituen idazle tolosarrak
nerea azurmendi
Ostirala, 18 martxoa 2022, 13:48
Idazle asko biltzen ditu bere baitan Karlos Linazasoro idazle tolosarrak. Elkarreko editore Xabier Mendigurenek bost bat identifikatu ditu, landutako estilo eta generoen arabera: ipuin laburrak eta mikroistorioak idazten dituena; poeta, «etengabe ari dena obra poetikoa aberasten»; aforismo-sortzailea; antzerkigilea; nobela labur «absurdo, ikonoklasta, ganberro eta umoretsuen idazlea»...
Azken Linazasoro hori da ostiral goiz honetan, Donostian, Mendigurenekin batera 'Bizipox' liburua aurkeztu duena. «Hasteko esan nahi dut liburua ez dela nobela batera iristen, gehiago dela ipuin luze bat, 'nouvelle' bat», argitu du egileak. Antzezlan bihurtzeko ere aproposa ikusten du espazio itxian eta bederatzi pertsonaiaren bueltan gertatzen den istorioa. Bazeukan luzeagoa egitea, baina materiala pilatu ordez «kendu eta kendu, kimatu eta kimatu» egin du, funtsezkoarekin gelditu arte.
LIBURUA
-
Izenburua: Bizipox.
-
Egilea: Karlos Linazasoro.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Orrialde kopurua: 72.
-
Salneurria: 11,30 euro.
Funtsean, elkarrizketa koral moduan emandako askoren arteko hizketaldia den kontakizunaren muina Bizipox zahar-egoitzako irakurketa-kluba da. «Oso klub berezia da, hor bizi diren zaharrak ere oso bereziak direlako», azaldu du Linazasorok. Adineko pertsona horiek «badaramate bolada nat nahiko triste, eta Javiertxo irakurketa-klubeko gidariari esaten diote zaharrak pixka bat berpizteko, pixka bat alaitzeko». Kontxi, Arantza, Rosita, Karmen, Gergori eta Gorgoni eta Jesus eta Joxeinazio ez dira, baina, Javiertxok espero zuena. Ezer ez da dirudiena, alegia. «Gauza batek itxura bat dauka, baina gero ez da hori... Liburua sorpresaz beteta dago, eta ezin ditut esan», da egileak sorpresa horiei buruz esan duen gauza bakarra.
72 orrialdeko liburua segituan irakurtzen da, baina irakurketak arin-arin korritzen duen azal horren azpialdea ez dago hutsik. Linazasorok azaldu duenez, bere «betiko kezkak azaltzen dira. Gauza umoretsuekin batera, zaharrek egiten dituzten erreflexio serioagoak, sakonagoak; asko hitz egiten dute heriotzaz, denbora nola badihoan...». Orrialdeak blaitzen dituen ironia, Karlos Linazasororen estilo honetako beste lan batzuk zein azkenaldiko zutabeak irakurtzen dituztenei oso ezaguna egingo zaien umore beltz, zirikatzaile, 'gaixto' eta intentzioz betea, «gustatzen ez zaizkidan gauzak kritikatzeko» ere baliatu du idazleak.