Orain arte bertsoa izan zu Goikoetxeak espresiobide nagusi. usoz

'Balio erantzia', isiltasunean ondutako aforismoak

«Gutxiagorekin gehiago esatea» eta gogoeta sustatzea da Ekaitz Goikoetxeak Balea Zuriaren eskutik ekarri duen estreinako liburuare xedea

nerea azurmendi

Sábado, 9 de abril 2022, 20:11

Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain, 1980) pieza asko joan da batzen eta elkarren ondoan jartzen bere ibilbidean: bat-bateko bertsoa, bertso jarria, abestietarako letrak, aforismoak... Ez du ordea pilaketarako joerarik. Gehiago jotzen du eranztera eranstera baino; funtsezkoaren bila, soberan dagoena kentzera.

Publicidad

Ez da hortaz harritzekoa horrenbeste idatzi duen Goikoetxearen aurreneko liburua, Balea Zuriak argitaratua eta berriki Donostian aurkeztua, 'Balio erantzia' aforismo bilduma izatea. Bide batez, izenburua eta ikuspegia partekatzen dituena hilaren 23a arte Tolosako Aranburu jauregian ikusgai dagoen 'Balio erantzia. Edertasunari buruzko gogoeta' erakusketarekin, non bat egiten duten Goikoetxearen hitz zehatzek eta Josu Marotoren marrazki biluziek.

Liburua

  • Generoa. Aforismoak.

  • Izenburua. Balio erantzia.

  • Egilea. Ekaintz Goikoetxea Asurabarrena.

  • Argitaletxea. Balea Zuria.

  • Orrialdeak. 82.

  • Sakneurria. 12 euro

Liburuko hitzaurrea idatzi duen Felipe Juaristi poeta izan zuen lagun aurkezpenean idazle beasaindarrak. Juaristik jatorria Grezia klasikoan duen eta euskal literaturan ere arrastoa utzi duen tradizio aforistikoan txertatu zuen Goikoetxearen lana, azken urteetan generoa dezente landu duten Juan Kruz Igerabide edo Karlos Linazasoro aipatuz, besteak beste.

Goikotxeak, baina, ba du berezitasun bat. Kasu guztietan, «aforismoa hitz egoki eta neurtuekin egia esateko ahalegina» bada ere Felipe Juaristiren ustez, Goikoetxearen aforismoei igartzen zaie «bertsolari artista» batenak direla, «hitzak dantzan» jartzeko gaitasun aparta duen sortzaile batenak.

Hitz doiaren bila

Umetan hasi zen bertsotan Ekaitz Goikoetxea, orduan ere hitz egokiaren bila, betidanik liluratu izan baitu hizkuntzak gutxirekin asko esateko eta edertasuna sortzeko duen gaitasunak. Bat-batekoan beste exijentzia batzuei ere egin behar zaie kasu, damurako edo zuzenketarako astirik gabe. Bertso jarrietan aurkitu zuen, bada, bertsolaritzaren xarma eta hitz doiaren bilaketa patxadatsua uztartzeko modua. Arlo horretan diren sari gehientsuenak irabazi ditu; entzutetsuenetakoa den Zarauzko Basarri sarian, esaterako, iaz jantzi zuen zazpigarren txapela, zeresan handia eman zuen 'Mingarri den bitartean' sortarekin.

Publicidad

Bertsoak idaztean bere «obsesioetako bat» da «bertsoaren mugaren barruan gutxirekin asko esatea, hitzek esaten dutenaz haragoko zerbait iradokitzea». Esan nahi dena esaldi batean kontzentzatzen duen aforismoak izan behar zuen hurrengo urratsa etenik gabeko eranzte ariketan. Hala, 2016an, aurretik aforismorik idatzi gabe, Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Oihenart aforismo lehiaketa irabazi zuen. Hamar urtetik gorako isilaldi batetik zetorren, alegia, 'Balio erantzia'-ren aurkezpenean bere isiltasunerako joera ez ezik isiltasunaren garrantzia nabarmendu zuen Goikoetxeak.

Isiltasunaren garrantzia

Isilalditik irtetean sortu zituen «bertso aforistikoek» eta ezer argitaratu gabeko urteetan irakurritako aforismoek jarri zuten Goikoetxea isiltasunean onduz joan den aforismoen arrastoan. «Isiltasunak elikatzen ditu esatekoak», adierazi zuen aurkezpenean.

Publicidad

Isiltasunaren garrantzian bezainbeste sinesten du aforismoen onuretan, batez ere txinpartak edo tximistak bezala argitzen gaituzten esaldi labur eta indartsu horiek «hausnarketa eragiteko» duten gaitasunean. Eta gizarteak behar du «pentsamentutik, hausnarketatik». Hori eskaintzen eta eskatzen dute gai nagusi ia denak –heriotza, bizitza, denbora...– ukitzen dituzten aforismook: «Pentsatzea, norbere baitara egitea».

Dena presa eta zalaparta den garai hauetan pentsa liteke irakurleek eskertuko zituztela di-da batean jaso eta hausnar luzerako ematen duten proposamen laburrak. Kontrakoa gertatzen da, tamalez, eta pentsatzeari uko egitea eskatzen duten ehunka orrialdeko liburukoteak dira arrakastatsuenak. Hala ere, edertasunaren eta gogoetaren aldeko apustua berretsi zuen Goikoetxeak, eta eskertu zion Balea Zuria argitaletxeari beste horrenbeste egitea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad