Borrar
Jabier Kaltzakorta, Adolfo Arejita eta Eider Inunciaga
'Esaera goikoaz behera irauliak'

Adolfo Arejita euskaltzain osoak 100 errefrau bildu eta hausnartu ditu

Euskaltzaindiak Durangoko Azokaren atarian egin du aurkezpena eta Landako gunean eskuragai izango da

I. Mendia

Osteguna, 28 azaroa 2024, 15:12

Comenta

Adolfo Arejita euskaltzain osoak 'Esaera goikoaz behera irauliak' (Herri-literaturan errefrau-jorran) liburua aurkeztu du, berbagai eta azterkizun ehun errefrau hartzen dituen lana. «Euskararen lurralde desberdinetako ehun errefrau bildu ditut, eta, horrekin batera, esaera bakoitzaren azpian dagoen mezua ere azaldu nahi izan dut, errefrauak erabiltzen ditugulako ikasgairen bat transmititzeko. Zentzu honetan, hizkuntzaren egitura aberatsak dira esaera zaharrak», ohartarazi du egileak.

Azalpenean, euskaltzain oseak esan du herri baten ispilu direla errefrauak, kasu honetan, «euskal gizartearen ispilu». Eta aitortu du baliatu dela errefrauez «jende xeheari irakasteko zein den gure kultura, herri-jakintza». Arejitak liburuak zer dakarren zehaztu du: «Atsotitz edo errefrau generoko edukia du liburu honek, beraz, saiakera generoko obra da. Bizkaia Irratian emandako bertsioen gainean landutako eta osatutako bertsio idatziak dira. Azkuek Euskalerriaren Yakintza izeneko hiru liburuki argitaratu zituen, eta hirugarrenean euskal errefrauen bilduma handia egin zuen. Nik bide horri eutsi nahi izan diot, herri-literaturaren iturri horrek emari ugari duenez, baita ere gaurko euskararentzat eta literatura modernoarentzat, errekurtso asko ematen baititu».

Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen agerpenean, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak ikerlanaren onurak azpimarratu ditu: «Liburu-egileak jaso dituen esaerak —batez ere Bizkaikoak—, irakurleak orri hauetan baino ez ditu irakurriko. Errefrau-erramoldeetatik harago, egileak hitzak berak ere gogoetagai ditu. Hala, euskal klasikoen testuetan ez ezik, umetatik ikasitako euskaran zein urteetan zehar handik eta hemendik entzundako berbetan murgildu da. Era horretara hainbat ñabardura eman ditu hitzen gainean».

Bere aldetik, Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotziak ikerketaren garrantzia nabarmendu du, eta «euskal literaturarentzat eta gure etxeko liburutegi guztientzat opari» gisa definitu du, «Olentzeroren eguna hurbiltzen ari den honetan kontuan izatekoa». Inunciagak Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren arteko lotura estuak gogorarazi ditu: «Bilboko txoko guztietan euskararen erabilera sustatzea, indartzea, zabaltzea eta normalizatzea da erakunde bien helburua, eta horretan gabiltza azken bi hamarkadetan, hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko konpromisoa sendoa daukagulako».

Euskaltzaindiak Durangoko Azokaren atarian egin du aurkezpena eta Landako gunean eskuragai izango da Arejitaren lana. Akademiak Bilboko Udalarekin eta Bizkaia Irratiarekin elkarlanean editatu du ikerlana.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Adolfo Arejita euskaltzain osoak 100 errefrau bildu eta hausnartu ditu

Adolfo Arejita euskaltzain osoak 100 errefrau bildu eta hausnartu ditu