Hiru gerrillari abenturaz abentura Napoleonen menpeko Nafarroan
Elkarrek argitaratu duen '...eta infernuko demonioa adiskide' Iñaki Irisarri iruindarraren aurreneko eleberria da
Elkar argitaletxearen eskutik kaleratu du Iñaki Irisarri iruindarrak bere aurreneko eleberria, '...eta infernuko demonioa adiskide', garai historiko oso berezi batean kokatutako abenturazko nobela. Ez da ordea idazle hasiberria, eta «dotore idatzitako liburu bat» ekarri du, «entrenamendu dezente» duen seinale, Xabier Mendiguren editorearen hitzetan.
«2021eko urte literarioa» ez ezik ipuingintzan trebatu den, eta arlo horretan hainbat sari irabazi dituen, Irisarriren nobelagile ibilbidea abiarazi duen liburua akzio ugariko eleberri laburra da, 140 orrikoa. «Abenturazko nobela, nobela historikoa baino gehiago», esan du idazleak, aitortuz ez duela bereziki gogoko historian oinarritutako generoa eta bera ere harrituta gelditu zela tankera horretako lan bat ateratzen ari zitzaiola ikustean. Hortaz, eutsi die zenbait gertakari eta tokiri, baina idazteko orduan bere asmo nagusia izan da «jendeak ondo pasatzea».
Nobela 1811 urtean girotu du, 1808-1813 urteen artean luzatu zen Napoleonen armadaren aurkako gerran, frantsesek Iruñea menpe hartuta zeukatela. «Garai historiko polita» iruditzen zaio egileari Antzinako Erregimenaren eta «Napoleonek ekarri nahi zuen aire berria»-ren arteko talka biolentoa eta botere biren arteko borroka nagusi zen hura, non «premia gorrian bizi zen herri xehea» suertatu zen, ohikoa denez, galtzaile.
Babil, txirulari mutua
Jainkoa lagun eta, badaezpada, demonioa adiskide izatea komeni den testuinguru historiko nahasi horretan kokatu du eleberria. Kontakizuna abiatzen denean, hiru urte daramatzate nafarrek inbaditzaile frantsesak jasaten eta mantentzen. Haserrearen haserrez, gero eta herritar gehiago doaz Espoz Minak antolatutako gerrillara biltzen.
Horixe da hain zuzen Babil gaztearen asmoa. 16 urte ditu, mutua da, txirularia, eta frantsesek aita hil diote. «Gizontzen ari den mutiko sanoa da, mundu guztiak maite duena», esan du idazleak, onartuz arraroa izan daitekeela «protagonista zentrala izatea hitz egiten ez duen pertsonaia, adierazpen bide bakarra txirula» duena.
Gerrillan, aurrena eskarmentu handiko Txalo jarriko diote 'maisu', «gizon zakar eta basati samarra», eta hirukotea Bordeletik datorren Lauren gazte ilustratu «zalantzati eta gogoetatsuak» osatuko du. Iruñean elkartuko diren gerrillarioi jarriko dieten misioa da eleberriaren ardatza, mugaldera joan beharko baitute bidaiariak beldurtuta dauzkan bidelapur bat antzematera eta merkatarien joan etorriak babestera.
«Gatazkaren bi aldeek ondo zaintzen duten mugako benta» bateko jabearen laguntza izango badute ere, ez dira abenturarik gabeak izango hiru lagunon ibilerak. Irakurleak entretenituta edukitzeko daude pentsatuak, eta Volkswagen-en lan egiten duen Iñaki Irisarriri ere lagundu zioten «burua libre uzten didan lan oso mekanikoa» eramangarriagoa egiten.