36ko gerratik gaur egunera arteko mundua jasotzen duen poesia-liburua
Iñaki Irazuk 'Zakur zaunkak' (Susa) argitaratu du, «oroimen kolektibo moduko» batean murgilketa
Oroimenean «murgilketa» eginda ondu du Iñaki Irazu idazleak 'Zakur zaunkak' (Susa) poesia-liburua. Hori bai, ez soilik oroimen propio batean, «oroimen kolektibo moduko» batean baizik. Izan ere, idazle asteasuarrak defendatu duen bezala «liburu bat ekoizpen soziala da, ez da ni baten emaitza, gu bat da». Hitzartzean azaldu duenez poesia-liburua gauzatzeko fikzioak emandako tresnak baliatu ditu eta «haiek emandako bideei tiraka» jardun du. Muin hori, egileak azpimarratu bezala, ezin hobe islatu du Alain Urrutiak egindako azalak. «Konkordantzia du barruko istorioekin, ilunabarra edo goizabarra, hotza ikusten dugu. Eta armonia gordetzen du», goraipatu du egileak.
Publicidad
Pertsonaien bizitzak «markatutakoak» direla iritzi du Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editoreak, politikak, gertatutako zerbaitek edo haien egoera sozialak, besteak beste. Liburua osatzen duten 20 poemetan islatzen diren istorioak ere askotarikoak dira, esaterako 36ko gerran jipoitutako batena, eskola erlijiosoan esku luzeak zituen apaizarena, poliziek hiltzen duten militantearena, desagertutako haur batena edo torturak jasan dituztenenak edo erretiratu ostean etxetxoak egiten dituenarenak irakurriko ditu irakurleak. «36ko gerratik gaur egunera arteko mundua jasotzen du liburuak», laburtu du Lopez Ziluagak.
Ildo horretan, markaren zergatia irakurleak ikusteaz gain protagonistak berak ere sentituko duela azaldu dute. «Bada konstante bat liburuan, bertako pertsonaiek zerbait ikusi edo ulertuko dute eta kasu batzuetan hil egingo dira horren ostean, ulertzea bizitzako helburua balitz bezala».
'Zakur zaunkak'
-
Egilea: Iñaki Irazu
-
Argitaletxea: Susa.
-
Estiloa: Poesia.
-
Orri-kopurua: 120.
-
Prezioa: 15 euro.
Asteazken honetan aurkeztutakoa Irazuren bigarren poema-liburua da 2018an argitaratutako 'Errukiaren saria' (Erein) lanaren ostean. Hura irakurri zuenarentzat hainbat elementu ezagunak izango dira Susako editoreak azaldu duenez, besteak beste «ireki eta irakurtzen hasi aurretik nagusitzen den forma, lerro guztiek baitute antzeko luzera liburuari simetria moduko bat sortuz liburu osoan». Ildo horretan, lerro gehienak «bi kolpetan» emanak daudela xehatu du, bi hitzez osatuak baitaude asko edo, bestela, gehienez lau hitz erabilita.
Hala ere, forma ez da nabarmendu nahi izan duen ezaugarri bakarra, eta hain begi-bistakoa ez den tonua azpimarratu du Lopez Ziluagak. «Kontalari lasai baten tonu narratiboak ematen dio liburuari batasuna». Bere hitzetan, hain nabarmenekoa ez delako da hain nabarmena eta irakurlea lehen lerrotik hartu eta azkenera arte eramaten du «ia konturatu barik». Irazuk sakondu bezala, koruak kontzertua ematen duenean zuzendariak tonua ematen die nondik jo behar duten jakiteko. «Liburuan 'Orbaina' poemako hasierako paragrafoetan» ederki jasotzen dena. Tonu orokor hori «batzuetan lagunarteko edo apalagoa da, besteetan intentsuagoa; batzuetan xehea eta ohikoari lotuagoa, besteetan ametsaren bidea hartzen duena».
Publicidad
Sinopsiak dioen bezala, «nonbait badabil poeta, oroimenaren basoan dabil orriotan. Betiereko forma hartu duten hitzen bideetan doa aurrera, izuaren zimurrak, gauaren atzaparrak, argi orbanak, lurrazpiko gelak eta harrizko etzalekuak zeharkatuz igaroaldian. Gerra garaiko kontuak eta ondoko urteetako behe-laino beltza datoz Iñaki Irazuren bigarren poema liburuan, inoiz utzi gabeko lekuetara eta inoiz agurtu gabeko jende batengana itzulera bat».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión