Heldu zaio agur esateko ordua 'Erradikalak' emanaldien zikloari
Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek larunbat honetan itxiko dute, Donostiako Doka Kafe Antzokian eta lagunartean, 2017an hasi zuten ibilbidea
Ostirala, 24 ekaina 2022, 16:38
Larunbat honetan, ekainaren 25ean, egingo diote despedida 'Erradikalak' emanaldien zikloari Beatriz Egiazabal antzerkilari eta ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak, Donostiako Doka Antzokian, 19:00etatik aurrera. Ane Labakak Bertsoa.eus-i eskaini dion elkarrizketan gogoratu bezala, «bost urteko bidea eta 180 emanaldi eginda» agurtuko dute, lagun artean eta festa giroan, bertso jarrietan eta bakarrizketetan oinarritutako proposamen arrakastatsua. Berriki Ganbila bildumaren baitan aurkeztu den 'Erradikalak' liburua ere utzi du legatu gisa proiektuak.
2016an aurreneko Lanku Beka irabazi ostean, 2017ko otsailean estreinatu zuten Labakak eta Egizabalek 'Erradikalak gara', ikusleen aldetik harrera izugarri ona izan zuen ikuskizuna. Emanaldi asko eginda, atseden eman zioten aurreneko ziklo hari, eta bigarrena ekarri zuten 2019an, 'Erradikalak ginen', bien artean marka guztiak gaindituz emanaldien kopuruari dagokionez.
«Lehen aldi hartako pasioz, korseak askatuta, bertso eta bakarrizketa bidezko formatuari eutsi eta buruberokiak eduki berriz betetzeko gogoz» zetozela iragarri zuten proiektuari bigarrenez heldu ziotenean. Hain zuzen ere, «'neska gazte promesa' etiketaz, zahartzeaz, gorputzaren aldaketez, sexualitateaz, merkatu patriarkalaz, intersekzionalitateaz, beldurraz, biolentziaz eta zeharkatzen gaituzten beste hainbat gaiz kantatu eta kontatu nahi dugu», zioten, «feminismoa zeharlerrotzat hartuta eta umorez. Umorez, beraz, serio». Formatuaz harago, alegia, diskurtsoan zentratu dute ahalegina: «esaten den horretan, esaten denak atzean ezkutatzen duen horren konstzientzian, umoretik zein seriotik».