'Larart', kultura eta sormena errefuxiatuen egoera latza arintzeko

Ola Mobayed siriar errefuxiaua eta Hotz Zarautzeko Agate Burgaña, dokumentalean. /LARART
Ola Mobayed siriar errefuxiaua eta Hotz Zarautzeko Agate Burgaña, dokumentalean. / LARART

Osagai asko dituen proiektuak, besteak beste, 'crowfunding' bidez finantzatu nahi duten 'Basotik Itsasora' dokumentala hartzen du barne

M. IMAZ

Ekialdetik eta hegoaldetik datozen milaka errefuxiaturen bizitza eta etorkizuna daude jokoan Mediterraneoan, eta Europaren duintasuna ere bai. Bizi duguna, dena den, ez da inondik ere errefuxiatuen inguruko lehen krisia. Diferentzia izan daiteke, hori bai, beste batzuetan geu izan garela errefuxiatu eta iheslariak...

Irtenbide zaileko arazoari aurre egiteko era asko daude, eta horietako bat da artearen, sormenaren eta kulturaren bidetik jotzea. Horixe proposatzen du hain zuzen Zarautzen sortutako 'Larart' proiektuak: kultura eta sormen Industrien bidez errefuxiatuei lekua ematea eta haien egoera latza arintzen laguntzea.

Proiektua Hotz Zarautz, Dantzaz konpainia eta Txikota Komunikazioaren elkarlanaren ondorio da, eta Zarauzko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du.

«Aski ezaguna da errefuxiatuek bizi duten egoera lazgarria; bizitzeko lekurik ez eta ihes egin beharra, inolako igarobide segururik gabe. Baliabiderik gabe. Baina soka honek urte mordoxka bat daramatza tenkatuegi eta hari eusten dioten hariek hausten jarraitzen dute, gizarteak, oro har, duen jarrera eta inplikazioa oso txikia delako» diote «proiektu poliedriko» honen sustatzaileek, indiferentzia horren aurka hainbat erantzun proposatuz.

Hainbat osagai

Izan ere, proiektuak dantza, ikus-entzunezkoak eta ekintza pedagogikoak elkartzen ditu: 'Basoa' ekoizpen koreografikoa, 'Basotik Itsasora' ikus-entzunezko ekoizpena, gigantografien erakusketa eta mediazio prozesuak. Eta ni erreferentzia historiko eta geografiko nagusi ditu: Gurseko kontzentrazio-eremua eta Mediterraneoa. Hain zuzen ere, aurreikusitako ekoizpen artistikoak datorren apirilean izango dute estreinaldia. 'La Retirada'-ren, Gurseko kanpalekuaren 80. urteurrena betetzearekin batera.

Gurs, beste zenbait eremu bezaka, Frantziako agintariek eraiki zuten Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean muga zeharkatu zuten milaka errepublikarrak eta nazioarteko brigadistak hartzeko. Proiektuaren aurkezpenean gogoratzen dutenez, «errefuxiatuen etorrera masiboak frantziarren iritzi publikoan zatiketa handia eragin zuen. Herritarren zati handi batek mobilizatu eta laguntza eskaini bazieten ere, beste askok haien kanporatzea eskatu zuten».

Zortzi hamarkada geroago gertatzen ari denarekin parekotasunak aurkitzea ez da zaila... Egoera nahasi honetan, zein funtzio izan dezake arteak? Babesleku izan daiteke, besteak beste, Gursen izan zen bezala. Izan ere, «barrakak kultura eta arte aretoetan bilakatu ziren: konferentziak, errezitaldiak, obra klasikoak eta kabareten testigu izan ziren». Hala ere, hor jarraitzen dute funtsezko galderek: «Zer aportatu dezake arteak errefuxiatuen bizitzan? Zer da errefuxiatu izatea egun? Artea eta kultura babesleku bilakatu al dira?».

Proiektuaren adierazpide nagusiei dagokienez, 'Basoa' ekoizpen koreografikoa, Josu Mujikaren koreografia eta Iñaki Salvadorren musika dituena, Dantzaz konpainiako dantzariek interpretatuko dute. Apirilaren 5ran estreinatuko da, Gurseko eremuaren 80. urteurrenaren baitan, eta biharamunean emango da Bilboko Loraldia jaialdian.

Egutegi bera du estreinaldirako 'Basotik Itsasora' ikus-entzunezkoak. Beñat Gerekak zuzendutako dokumentalak «errefuxiatuen errealitatea gizarteratzea du helburu» eta, horretarako, basotik itsasora darama ikuslea, Gursetik Mediterraneora, «errefuxiatuek bizi izan zuten eta egun bizi duten egoera ezagutzera». Proiektuan bere alea jarri nahi duenak, hemen du horretarako aukera.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos