Borrar
Bere inguruan hainbat heriotz gertatu dira azken urteotan eta horrek kutsu «malenkoniatsu» eman dio diskoari. J. A. Areta Goñi 'Juxe'

«Laboa edo Benito reggaeton moduan egokitzea ez da errespetu falta bat»

Bihar lehen disko luzea aurkeztuko du elgoibartarrak bere sorterriko Herriko Antzokian 19.00etan

Juan G. Andrés

Donostia

Ostirala, 30 urria 2020

Comenta

Garai ilun hauetarako disko aproposa dirudi Amorantek Forbidden Colorus zigiluan kaleratutakoak. Bere inguruan hainbat heriotz gertatu dira azken urteotan eta horrek kutsu «malenkoniatsu eta tristea» eman die zazpi kantei: Gernikako bonbardaketa agertzen da 'Condor' kantan, tanatorioan dagoen ume baten sentipenak islatzen ditu 'Frank' izenekoak, zendutako John Cazale aktoreari gorazarre egiten dio jazz kutsuko instrumentalak... Baina «argi printzak» ere badaude ohiko instrumentazio anitzarekin; besteak beste, tronpeta, pianoa, gitarra, harmoniuma, elektronika eta, nola ez bada, autotunea.

– 'Bat edo hiru'. Titulua Mikel Laboaren 'Bat-hiru' (1974) diskoari keinua al da?

– (Barreak) Ez. Lagun askok aspalditik galdetzen zidaten lehen diskoa noiz aterako nuen, eta nik beti esaten nien aurretik bi erreferentzia labur ditudala, 'amorante' (2016) eta 'manuela eta brueghel zarra' (2017). Horregatik jarri nion titulu hori, lehen diskoa ala hirugarrena izan zitekeelako.

«Beti erreibindikatu dut tradizioari traizio egitea; tradizioa ez da mugiezina edo aldaezina»

– Baina Laboarekin asko konparatu zaituzte beti...

– Badakizu gauza hauek nolakoak diren... Norbaitek aipatzen du kontua iruzkin batean eta ideia bolo-bolo zabaltzen da. Oso erraza da erreferentziak eta etiketak helduleku gisa erabiltzea, baina nik ez dut ikusten nire figura berarekin konparatu ahal denik, ez dut arrazoi handirik ikusten.

– Biek uztartzen dituzue tradizioa eta abangoardia: kantagintza tradizionaletik abiatuta, Laboak doinu aitzindariak jorratu zituen...

– Bada ni kontrakoa ari naiz egiten, musikagintzatik kantagintzara murgildu naiz. Ni musikari izan naiz betidanik: tronpetari lotutako ikasketak egin nituen, musika esperimentalean aritu naiz, operetan eta orkestretan jo dut, baita herriko bandan ere... Nire-tzat gauza berria da hitzari lotuta egotea, kantak hitzetatik abiatzea eta fonetikari erreparatzea, orain arte ez baitut inoiz egin. Karamelu bat...

– Kanta zahar bat eguneratzeko garaian, ba al dago inoiz egingo ez zenukeen zerbait?

– Beti erreibindikatu dut tradizioari traizio egitea... Nahi dituzun elementuak erabili ditzakezu, zure musika zabaltzen duzun unean, munduarena bihurtzen da. Tradizioa ez da mugiezina edo aldaezina. Oso gauza interesgarriak egin daitezke antzinako musikarekin garaikidetasunari eutsiz.

– Batzuei astakeria irudituko zaie autotune (ahots-afinatzaile automatikoa) delakoa erabiltzea Artze eta Laboaren 'Ama hil zaigu' berreskuratzeko, zuk egin duzun bezala...

– Mikel Laboa edo Benito Lertxundi reggaeton moduan egokitzea ez da errespetu falta. Agian artistari eta bere familiari ez zaio gustatuko, baina ez dut uste errespetu falta denik, norberaren inten-tzioak ere kontuan hartu behar direlako. Nik lehen kontzertutik erabili dut autotunea Iparragirreren 'Manuela' kantatzeko eta ez dut uste sakrilegio bat denik. Badakit jende asko autotuneren aurka dagoela, ustez ahotsari naturaltasuna kentzen diolako eta hainbaten iritziz, ospea kentzen dio kantariari.

– Zuk kontrakoa deritzozu, baina...

– Nik naturaltasun osoz erabiltzen dut. Tresnari beste kolore bat emateko efektuak baino ez dira. Gitarrari efektuak, reverb-a edo distortsioa sartzea bezalakoa da, ez dago diferentziarik... Instrumentu batekin eginez gero, zergatik ez ahotsarekin? Halere, egia da autotunek agerian utzi dituela hainbat joera larri: askotan doinuak errepikatu egiten dira han eta hemen. Hip hopak edota musika latinoagoek soinuaren estandarizazioa ekarri dute, gehienbat ekoizpena eta konposizioari dagokienez, eta jende asko elkarri kopia-tzen dabil.

«Euskal Herrian klasistak eta arrazistak izan gara Espainiako hegoaldetik zetozen soinuekiko»

– Letrak aldatzeko ere ez duzu inongo konplexurik... Eraso sexisten aurkako doinu bihurtu duzu 'Behin batian Loiolan'...

– Bilintxen kanta hori guztion imajinarioan dago, Euskal Herrian denok abestu eta dantzatu dugun erromeriako kanta da, Egan taldeak jotzen zuena... Bertsio hau egiteko ideia etorri zitzaidan Bilintxen garaiko erromeriak nola izango ziren pentsatzerakoan. Suposatzen dut garai hartako festetan ere jazarpen sexistak egongo zirela, emakumezkoek are tarte gutxiago zutelako orduko gizartean eta gaur egun baino errepresio bortitzagoa pairatzen zutelako. Orduan erabaki nuen abestiaren leloari buelta bat ematea beste zentzu bat eman eta istorio berri bat sortzeko asmoz.

– Nacho Vegasek lehengoan esan zidan herri-musika modu horizontalean hedatzen zela, belaunaldiz belaunaldi, eta kantari bakoitzak nahi bezala alda zezakeela. «Gaur egun, zaila da hori, autoretza eta egoarekin dugun obsesioagatik», zioen hark...

– Eta nik honako hau gehituko nioke horri: grabazioa. Garai batean, ahozkotasuna zen herri-musikaren indarra. Ahozkotasuna erabiltzen zen doinuak gure memorian finkatzeko, eta modu kontziente ala inkontziente batean, kantaren pasarteak aldatuz joaten ziren. Gaur egun, abesti bat grabatzerakoan kanta bere horretan uzten duzu betiko zentzu 'lapidario' batean. Tradizioa hor dago, iragana hor dago, eta gure memoriak esango digu non jartzen dugun kantatzen dugun gauza bakoitza. Hori entzuleak epaitu eta erabaki behar du.

– Bestakdem zure musikarekin gauza bitxia gertatzen da. 'otoi (mi padre)' ala 'Juliana' bezalako kantek halako tradiziozko usaina dute, antzinako herri-musikatik datozela badirudi...

– Hori nahita eginda dago. (Barreak) Alde batetik, iruditegia hor dago, eta 'otoi' abestian harmoniuma erabiliz gero, soinu teluriko horrek modu jakin batean kantatzera eramaten zaitu, mantra batean bezala... Giro bat, paisaia bat sortzen da... Hasieran beti galdetzen zidaten euskal flamenkoa nintzen, kanta horrek bazuelako halako kutsu flamenkoa, Andaluziakoa... Eta egia da nire proiek-tuari Amorante izena jarri niola Enrique Morenteren omenez, baina hori probokatu nahian ere egin nuen, tradizionalki Euskal Herrian nahiko klasistak eta arrazistak izan garelako Espainiako hegoaldetik zetozen soinuekiko. Kantaera tradizionaletik abiatzen zarenean eta garairik ez duten hitzak kantatzen dituzunean, ezagutu ez dituen leku eta garaietara eraman dezakezu entzulea.

– Orduan, nola sailkatuko zenuke egiten duzuna?

– Herri-musika egiten dut. Herri batean bizi naiz eta musika egiten dut. Gaur egun, gainera, hain nahastuta dago dena, klasifikaziorik egiteak ez baitu zentzurik. Herri-musika iruditzen zait etiketarik egokiena, gainontzekoekin motz ala pasatu egiten zara.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Laboa edo Benito reggaeton moduan egokitzea ez da errespetu falta bat»

«Laboa edo Benito reggaeton moduan egokitzea ez da errespetu falta bat»