«Kantuak ez erotzen lagundu dit»
'Muda' bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko du bihar Lugaritzen Thierry Biscary musikariak
Kalakan taldeko kide izan zen; Oreka TXekin, Kukairekin eta Katia eta Marielle Labèque ahizpekin ere aritu da; Manez eta Kobreak proiektuarekin ekin zion bakarkako lanari; eta orain, azkenik, Thierry Biscary izenarekin aurkeztu du bere burua Anhauzen (Behe Nafarroa, 1976) sortutako musikariak. Bihar Donostiako Lugaritz kultur etxean (20.00etan) 'Muda' diskoaren berri emango du; bertan gehiago «biluztu» omen da, honako mezua helarazi nahian: «Nere bizitza aldatzen ahal dut».
Besteak beste, aldaketa pertsonalak eta erresilientzia bezalako gaiak jorratu ditu oraingoan. «Gehienetan aldaketak latzak dira, amore ematen jakin behar da baina nire kasuan, beti nire onurako izan da», aipatu du Kalakan taldea uzteko erabaki «zaila» gogora ekarriz. Gaineratu duenez, urte asko eman ditu «besteak bezalakoa izan nahian», bere «egiazko nortasuna kukutuz». «Oraindik izkutatzen jarraitzen dut (barreak) baina egia erran, nire izatea erakusten gehiago ausartzen naiz. Nire arropak edo jaten dudana neronek hautatzen hasi naizenetik, oro har 'ez' erraten ikasi dudanetik, edo berriki plazaratzen dudan musika neronek konposatzen dudanetik, poliki-poliki, pausuz pausu, nire bizitzaren gida hartu dut», azpimarratu du.
Horiek horrela, «terapia» moduko bat izan da 'Muda' diskoa, bere izenarekin sinatzen duen lehenengoa. Bere burua «lehen planoan» jartzea arrotz egin zaio beti eta orain arte, ez zegoen prest. Baina bere bizitza pertsonalean bizi izandako mudek lana eragin dutenez, amore eman zuen behingoz. «Nire lagun min edo ezezagun batzuen egiazko istorio hunkigarriak kontatu ditut. Garai batean nire baitan oihartzun haundi bat ukan dutelako hautatu ditut. Nire nortasun artistikoa poliki-poliki eraikitzen ari naiz. Osatze ariketa bat da», esan du.
Izan ere, 'Osatze ariketa' da diskoaren abestietako bat, Jon Benitok idatzia. Bakarkako lana izanagatik, hainbat bertsolari, olerkari, musikari, moldatzaile eta artistarekin egin du lan behe-nafarrak. Berriz ere, Euzkitze, Itxaro Borda, Uxue Alberdi eta Joan Maiarengana jo du hitzak eskuratzeko. «Egia errateko, gehien gustatzen zaidana idazleekin lan egitea da, baina letra batzuk nik neuk idatzi ditut ez nuelako beste aukerarik», aitortu du. Testu gehienetan, pertsonaiak aldaketa fasean daude eta gehienek haien drama pertsonalal gainditu dituzte: «Zentzu batean, nire bizitzaren isla dira, gaztetik nahiko berezia sentitu naizelako, beti bazterrean, eta kantuak lagundu dit ez erotzen. Arteari esker eta barneko lan bati esker nire drama pertsonalak gainditu ditut».
Barne iraultza
Aurreko proiektuekin alderatuta, Thierryk gogoratu du Kalakanek «euskal kantu tradizionalen moldaketak» proposatzen zituela, eta hark, orain, «munduko musika, euskal kanta eta pop musika mainstream-aren eragina» dauzkaten kantak egiten ditu. «Manez eta Kobreak eta 'Muda' diskoa ezberdinak dira musikalki baina muinean, antzekoak iduritzen zaizkit», erantsi du. «'Muda' diskoko musika azken hamarkadan entzuten dudan musikaren antzekoa da: lasaia, goxoa, sakona. Abesti berrietarako saiatu nintzen metalezko moldaketekin errepikatzen baina ez zebilen. Abesti hauek sokak eskatzen zizkidaten», azpimarratu du.
Mandolina eta Portugaleko gitarraren erabilera ere nabarmentzekoa da. Izan ere, «fadoaren espiritua» bilatu duela dio Iparraldeko musikariak. «Aldina Duarte Lisboan entzun nuen eta asko gustatu zitzaidan. Geroztik fadotik aparte, Tiago Pereiraren lana izugarriari esker, Portugaleko kantu herrikoien aberastasuna deskubritu dut eta kantari horiekin oso hurbil sentitu naiz. Kantari herrikoia naiz eta azken urteetan munduko musika asko entzun dut. Beraz, nahi ala ez, eragin horiek guziak nire melodietan agertzen dira», esan du.
Edonola ere, kantuok barne iraultza bat egiteko gogoa piztuko duten esperantza du Thierry Biscaryk: «Agian anbizio handiko kontua izango da, baina oraingoz dakidana da mundu hau ezin dudala aldatu. Aldatzen ahal dudan gauza bakarra ni naiz. Orduan, nire bizitza aldatzen ahal badut, agian beste batek berea aldatzen ahal du. Kantu hauen letrek baten bati bere bizitza aldatzeko gogoa pizten badiote, hainbat hobe».
Tokiko artistei babesa
Biharko kontzertuan hiru musikarirekin batera arituko da Lugaritzeko oholtzan: Jérémie Garat (gitarra, mandolina, txeloa, ahotsa), Joël Merah (gitarrak, mandolina, bandurria, ahotsa) eta Amaiur Cajaraville (kontrabajua, ahotsa). www.kalapita.com webgunean eros daiteke 'Muda' diskoa eta Thierryk berak norberaren etxera bidaltzen du postaz. «Lan hau autoekoizpena da. Tokiko ekoizpen hau erosten denean, baserritarrari bere ardi gazta, haragia edo barazkiak erosten zaizkion bezala, tokiko artistaren hurrengo lana preparatzen laguntzen duzu», ohartu du.