Jokin Zaitegiren dokumentu-bilduma sarean jarri du Euskaltzaindiak

Haren artxiboa hiru ataletan banatzen da: Gutuneria, Euzko Gogoa eta arrasatearraren beraren lanen jatorrizko bertsioak

Jon Agirre

Donostia

Viernes, 3 de octubre 2025, 12:29

Ez ziren gutxi izan Jokin Zaitegi (1906-1979) euskal idazle, itzultzaile, irakasle eta apaiz arrasatearrak eta agian irakurleak dakizkienak baino are gehiago izango dira, modu askotara sinatu baitzituen bere lanak: Udalaizpe, Artzai, Zaitegi´tar Iokin eta beste hainbat. Orain denak dira sarean, Euskaltzaindiak dokumentu-bilduma eskegi baitu.

Publicidad

Bere garaian mota askotako lanak egin bazituen ere, batez ere euskal kulturaren eragile eta bultzatzaile gisa nabarmendu zen; Euzko Gogoa (1950-1959) aldizkaria izan zen emaitza nagusia, baina ez bakarra, zeren ugariak baitira haren eskutik jalgitako fruituak: poesiak, saiakerak, artikuluak eta, bereziki, itzulpenak.

Haren artxiboa hiru ataletan banatzen da: Gutuneria: garai horretako bildumarik aberatsenetakoa, orduko euskal idazle ia guztien gutunak aurki daitezke; Euzko Gogoa: aldizkarian argitaratutako artikuluen jatorrizko bertsioak eta bestelako materialak; eta Zaitegiren beraren lanen jatorrizko bertsioak. Ez dago digitalizatuta baina Azkue Biblioteka eta Artxiboaren irakurgelan kontsultatu daiteke.

Lan horietan guztietan, bi elementu hauteman daitezke: euskaltzaletasun sutsu bat, fede kristau sakonarekin batera. Hirugarren elementu bat ere erantsi daiteke: Filosofia eta Teologiarako maitasuna. Izan ere, Zaitegiren euskaltzaletasunak herri xehearen hizkuntzatik edaten zuen, baina helburutzat zeukan elite euskaltzale bat sortzea, herria gidatuko zuen elite bat. Horretarako euskal unibertsitate bat behar genuen, alegia, goitik behera euskaraz funtzionatuko zuen unibertsitate bat, horra Euzko Gogoaren giltza, horra Sofoklesen, Euripidesen edo Platonen itzulpenen arrazoi sakona, euskal unibertsitate horretarako materialak sortzea, giro bat mamitzea euskaldunen artean. Zentzu horretan, esan daiteke haren bi saiakera nagusiak, Bidalien egiñak (1955) eta Platon´eneko atarian (1962) elkarren osagarriak direla. Eta esanguratsua da Sofoklesen Antigone (1933) izatea haren lehen itzulpen handia, eta bizitzako azken proiektua, Platonen elkarrizketak itzultzea, biak baitira teologo kristauen artean berebiziko interesa sorrarazi duten lanak. Platonena Euskaltzaindiak argitaratu zituen, sei tomotan (1975-1989). Erraldoi baten lana, zinez.

Zaitegik betidanik izan zuen harreman handia Euskaltzaindiarekin, bizitzaren azken urteotan oraindik gehiago estutu zena, zeren zahartuta eta gaixorik, Oñatiko zaharren egoitzan babestu zenean, Luis Villasante eta beste euskaltzain batzuk joaten zitzaizkion bisitan. Hil eta gero, haren ondarea bitan banatu zen: biblioteka Arrasateko Udalak hartu zuen (han dago ordutik) eta artxiboa Euskaltzaindiak.

Publicidad

Bere omenezko sariketa

Aitortza honetaz gain, 2002tik bere izena daraman sariketa antolatzen dute Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkarteak eta Elkar argitaletxeak hain zuzen Zaitegik egindako itzulpengintza lanari jarraipena emateko. Hala, urtero Nobel saridunaren lan bat hautatzen da, lehena Imre Kerteszen 'Zoririk ez' eta itzultzaileek euren laguna bidali ostean bat hautatzen da. Orduan Urtzi Urrutikoetxeak itzuli zuen eta, oraingoz azkena -orain ari da lanean- Gema Lopez Las Herasen proposamena izan da Han Kang idazle korearraren 'Barazkijalea' eleberria itzultzeko. Bigarrenez nagusitu da itzultzailea

Zerrenda osatzen dute: J.M. Coetzee, 'Lotsaizuna' (Oskar Arana, 2003); Harold Pinter, 'Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk' (Iñigo Errasti, 2005); Orhan Pamuk, 'Elurra' (Monika Etxebarria eta Fernando Rey, 2006); Doris Lessing, 'Belarra kantari' (Koro Navarro, 2007); Jean-Marie Gustave Le Clézio, 'Basamortua' (Luis Berrizbeitia, 2008); Herta Müller, 'Hatsaren kulunka' (Ibon Uribarri, 2009); Mario Vargas Llosa, 'Pantaleon eta bisitariak' (Santi Leoné, 2010); Tomas Tranströmer, 'Bizientzat eta hilentzat' (Juan Mari Agirreurreta, 2011); Mo Yan, 'Hori da umorea, maisu!' (Maialen Marin eta Aiora Jaka, 2012); Svetlana Aleksievitx, 'Gerrak ez du emakume aurpegirik' (Iker Sancho Insausti, 2015); Bob Dylan, 'Ehun kanta' (2016); Kazuo Ishiguro, 'Egunaren hondarrak' (Amaia Apalauza eta Iñigo Roque, 2017); Olga Tokarczuk, 'Erabili goldea hilen hezurren gainetik' (Amaia Apalauza eta Sonia Kolaczek, 2018); Peter Handke, 'Atezainaren larria penalti-jaurtiketan' (Joxe Mari Berasategi, 2019); Louise Glück, 'Basairisa' (Garazi Ugalde, 2020); Abdulrazak Gurnah, 'Paradise' (Maialen Berasategi eta Joxe Mari Berasategi, 2021); Annie Ernaux, 'Emakume izoztua' (Gema Lopez Las Heras, 2022) eta Jon Fosse: Trilogia (Joannes Jauregi, 2023).

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad