Joan Mari Torrealdai beka, Metrokoadroka Kolektiboaren 'Artxibo biluzia' proiektuarentzat
«Abiapuntu sendoa» du proiektuak, epaimahaiaren ustez: zein memoria zatia eta erreferentziarekin bete, etorkizunera begira, Torrealdairi atxilotu zutenean hustu zioten artxiboa?
Asteazkena, 7 abendua 2022, 18:14
Usurbilgo Udalak eta Jakin Fundazioak Joan Mari Torreladai zenaren omenez sortu duten bekaren aurreneko edizioak Metrokoadroka Kolektiboaren lan bat ekarriko du, hauek aurkeztutako 'Artxibo biluzia' izan bait aukeratutako proposamena, asteazken honetan Usurbilen jakinarazi dutenez. 14.000 euroko saria jasoko dute eta 18 hilabeteko epea izango dute proiektua garatu eta jendaurrean aurkezteko
JMT ikerketa bekaren lehen ediziora 13 proiektu aurkeztu dira «askotariko ikuspegiak biltzen zituztenak». Maialen Akizuk, Eduardo Apodakak, Ibai Iztuetak eta Ainara Lasak osatutako epaimahaiak aho batez erabaki zuen 'Artxibo biluzia' proiektua saritzea, proposamen guztien balorazio oso ona egin ostean.
Erabakiaren berri emateko ekitaldian Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak gogoratu duenez, «Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio zen beka, Torrealdaik bizitza osoan egin zuen horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazioan, etorkizunari so». Horixe izango da hurrengo urratsa: «proiektu irabazlea gorpuztea, mamiz betetzea eta, gero, herriari eskaintzea».
Haritz Azurmendi Arrue Jakin-eko kide eta bekaren koordinatzaileak parte hartzea azpimarratu du, nola kopuruz hala mailaz: «Etorkizuneko euskal kulturari begira jartzeko ariketa eskatzen genuen eta proposamenek heldu diote transmisioaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte hartzeari eta ikusgarritasunari, praktika berritzaileei…».
Etorkizuneko artxibo bat
Saritutako proiektuari dagokionez, epaimahaiaren iritziz, «abiapuntua bera oso indartsua da». Metrokoadroka Kolektiboak Joan Mari Torrealdairen bizipen ilun bat hartu du abiapuntu: atxiloketan, beste gauza askoren artean lapurtu zioten artxiboa. Esanguratsua da, hutsik geratu zen artxibo hura betetzeko hautatutako bidea: «Galdera, ea zeintzuk ote liratekeen etorkizunerako berreskuratu nahi diren memoria zatiak, iraganeko eta oraingo ze erreferentzia kulturalekin bete etorkizuneko artxibo hori».
Kolektiboko kide Oier Guillanek eskerrak eman ditu, taldearen izenean, bekak eskainitako aukera eta ikuspegiagatik, eta euren proiektuak iraganerako begiradatzat hartzen den dokumentazioa etorkizunera begira jartzeko premiatik abiatu direla adierazi du, «dokumentakzioa» bilakatzeko.
Bekak, gainera, «garrantzia berezia ematen zion ikerketaren zabalkundeari, eta irabazleek berariaz sortutako antzerki-performance piezez gain, herritarrei tresnak emateko eta euren aletxoa jartzeko tailerrak ere planteatu dituzte».
Solaberrietak gogoratu duenez, udalak eta Jakinek lankidetza hitzarmena sinatu dute aurten, lau urterako, eta bi urtean behin egingo dute deialdia: lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, lana gizarteratzeko. Udalak, urtero, 15.000 euro bideratuko ditu beka deialdia egin eta ikerketatik eratorritako proiektua dibulgatzeko, eta Jakin arduratuko da bekaren kudeaketaz.