Jeanne Moreau paregabea filmeko fotograma batean.

Jazz doinuaz igoko gara urkamendira

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 24 de julio 2022, 13:09

Sekula ez dugu jakingo zerk ekarri duen zer. Udan gaudelako entzuten dugu jazza, edo jazza entzuten dugulako arrimatzen da jazza gure plazetara, gure hondartzetara, gure aretoetara?

Publicidad

Batek ere ezin erantzun, baina horra hor jende multzoa, zaletu-saldoa, amateur-andana Getxoko, Donostiako eta Gasteizko jazzaldietan. Kontzertuetan gora kontzertuetan behera. Zuzenekoetan zein tabernako emanaldi kasik intimoetan edo, aukeran, berriro bizi ezingo dugun itsasoaren aurreko jam session-etan

Pantailetatik ere tronpetak, saxoak, pianoak deitzen gaituzte uztaileko jazz zorabiora. Zeluloidezko jazza non-nahi. Ez bakarrik Donostiako Tabakaleran. Ez bakarrik Bitorixeko Artiumen. Ez soilik Bilboko Arte Ederrak Museoan. Ez, Estatu Batuetako Hegoaldeko kotoi-plantazioetan eta banpiroek hartutako New Orleansen egiten ziren hileta jendetsuetan sorturiko musikak ez du inoiz mugarik ez ezagutu ez onartu. Horrexegatik, Euskadiko Filmategiak antolaturiko zinema zikloa ikusgai izango da ez bakarrik sanferminetako aje guztiak uxaturik, ateak ireki berri dituen Golem Yamaguchin baizik eta Hendaiako Les Varietés bezala eta Miarritzeko Le Royal nola, zeluloideak gozoki zauritutik duen Donibane Lohizuneko Le Selecten ere. Bide batez, bertako taberna dotorean eskaintzen duten jatekoa eta edatekoa zinema gelatan eskura ohi duzun hori bezain aukerakoa da

Izkribu hau noiz irakurriko eta egun hauetan munduko zein iskinetan zaren arabera, oraindik izan dezakezu beta eta parada Zinemaren eta Jazzaren arteko harremanaren oinarri, funts eta zimendua ezarri zuen filma pantaila handian ikusteko. Abuztuaren lehen eta bigarren egunotan Donibanen eta Iruñean da programatua, Gasteiztik eta Donostiatik pasa ondoren.

Louis Malleren 'Ascenseur pour l´échafaud /Urkamendirako igogailua/Elevator to the Gallows/ Ascensor para el cadalso' 1957ko filmaz ari natzaizue. Zuribeltzezko pelikula noir bat. Noir oso. Garaiko zuribeltzak zituen ñabardura guztiek tindatua. Errepikaezina den zuribeltz hark bilduta, hartua, harrapatua, besarkatua, blai eginda.

Publicidad

Errepikaezina, bai. Eta ez bakarrik Chabrolekin, Truffautekin eta beste maisu askorekin lan egina zen Henri Decaé argazki zuzendari aparta aspaldi hil zelako eta bera bezalakorik ez dagoelako. Ez horixe. Ba dira argiak Ezina, kontua teknikoa da: egun ez dago iragan hurbilean erabiltzen ziren zilarrezko emultsio pozoitsu eder haiek prestatzerik…

'Urkamendirako igogailua'k baditu patuak markaturiko hamaika anai-arreba zineman. Hala nola Raymond Chandlerk idatzi eta Billy Wilderrek zuzendu zuen 'Double Indemnity' hori, gurean 'Perdición' izenburua hartu zuena. Hala nola urte berekoa (1944koa, hots) den 'Postman Always Rings Twice/El cartero siempre llama dos veces'.

Publicidad

Eta berdingabea den Jeanne Moreauk baditu Barbara Stanwyck, Lana Turner edo Joan Crawford markaz fuerako zeluloidezko ahizpak. Elkarrekin osatu zuten fotogrametako Gaitzaren ahizpatasun bikaina….

Jazz munduan mugarri

Baina jazzaz ari gara. Eta jazz munduan izan zen 'Ascenseur pour l´échafaud' mugarri. Sortua zen filmerako soinu banda. Baina inor ez zuen konbenzitzen. Jazz-zale amorratua zen teknikari batek, gero zinemagile ona izango zen Jean Michael Rappeannauk, jakin bazekien Miles Davis, Estatu Batuetako arrazakeriatik ihesari emanda, Parisen zegoela. Kasik seguru zegoen pelikularako musika grabatzeko prest egongo zela. Eta halaxe suertatu zen.

Azkar demonio beste musikari bikain batzuk konbentzitu ondoren, jazzaren Historian mito bihurtu ziren ordu eskasetan, filmaren zati batzuk ikusi eta gero, Louis Delluc sari garrantzitsua lortuko zuen soinua gorpuztu zuen tronpeta maitale zuen Milesek

Publicidad

10 kanta. 10 zeluloidezko pasarterako. Barney Wilen saxoarekin, René Urtreger pianoan, Pierre Michelot kontrabaxuan eta Kenny Clarke baterian.

Soinu banda hori biltzen duen biniloa bilduma egiten dutenentzako desira objektu bihurtu da. Baina eskura dago saltoki birtualetan. Ez du galdu ez, antzinako xarma eta gainera, beste hainbat kanta paregabe gehitu zieten aspaldian… Pelikula galtzen baduzue pantaila handian ez egin negarrik, plataformetan baita. Erori zaitezte tentaldian.

Bide batez, erreparatu, arren, kontakizunean horrenbesteko garrantzia duten bi kotxeri. Pantailan, protagonistak kasik, egun milioi bat dolar balio duen Mercedes-Benz 300SL W198 'Gullwing' eta 1952ko Chevrolet Styleline Convertible. A, bai… loradendaren parean aparkaturik ikusiko duzuen bitxikeri hori hiru gurpileko Isetta bat da. Bigarren Mundu Gerraosteko Europan modan jarri ziren mikro-auto horietako bat…

Publicidad

Har ezazu, urkamendirako igogailua eta gero, jaisterik baduzue, ikusi Otto Premingerren 'Anatomy of a Murder'. Bertako musika Duke Ellingtonek sortu zuen, Miles Davisek botatako erronkari erantzuteko asmo ederretan.

Udaldian gaude. Jazzaldian gaude.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad