Borrar
Malen Amenabar eta YolandaLarreategui, bien ekarpenekinosatu den albumaren aurkezpenean. USOZ

«Istorio triste eta gogorra», modu poetikoan kontatua

Yolanda Larreateguiren narrazioak eta Malen Amenabarren ilustrazioak 'Bi txantxangorri haritz adarrean' albumean

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Asteazkena, 18 azaroa 2020, 12:12

Comenta

Bitxia da Erein argitaletxeak eta Markina-Xemeingo Udalak elkarlanean antolatzen duen Peru Abarka Album Lehiaketa. Izan ere, bikoitza da: aurrena testu bat aukeratzen eta saritzen da, eta bigarren urrats batean testu hori ilustratzeko proposamena.

Apirilean saritu zuten Yolanda Larreateguiren (Markina-Xemein, 1979) 'Bi txantxangorri haritz adarrean' narrazioa. Abuztuan erabaki zuen epaimahaiak, berriz, Malen Amenabarren (Larrabetzu, 1994) 'Kaiola' zela ilustrazio proposamen onena. Eta aste honetan aurkeztu da Donostian elkarrekin lan egin gabe burutu duten elkarlanaren emaitza, 'Bi txantxangorri haritz adarrean' albuma, Ereinek argitaratua.

Formatuaren inguruko aurreiritziek besterik iradoki badezakete ere, helduentzako albuma da; gauzei aurrez aurre begiratzen dieten helduentzako, Inazio Mujika Iraola editoreak azaldu bezala «istorio triste eta gogorra» baitu abiapuntu egile biek «modu poetikoan» sortu duten lanak.

Maitasuna eta heriotza

Yolanda Larreateguik azaldu zuen «maitasun istorio batetik, promesa batetik» abiatu zela narrazio saritua. Izan ere, bikote bateko bi kideek promesa bat egin zioten elkarri, eta heldu da betetzeko momentua. Ipuinak kontatzen du «ibilbidetxo bat, agur esan arte», eta idazleak bidean uzten dituen apurtxoei esker doa irakurlea istorioa osatzen eta protagonisten bizitza eta egoera itxuratzen, irudimena baliatzeko tarte zabala eskaintzen baitu egileak.

Pertsonaiei dagokienez, hitza duenak urtetsua ematen du. Haren hitzen hartzaileak –Magik– ere bai. Idazleak, baina, gazterik nozitu zuen heriotzaren zartada, orain urte batzuk senarra hil zitzaionean. Oso gogoko zituen txantxangorrietan eta haritzetan dago haren arrastoa. Amona ere hil zitzaion Larreateguiri. «Denok daukagu joaten zaigun jendea», alegia, «eta 'niri tokatzen zaidanean, nolakoa izango da?' galdetzeko joera ere bai. «Beldur horretatik abiatu zen» proiektu saritua. Heriotzaren inguruko tabuak –tabuak, oro har– deuseztatzeko gogotik ere bai, besteak beste.

«Metafora ilustratua»

«Testu errealista» jaso zuen Malen Amenabarrek haren gaineko ilustrazioak egiteko. Txakur Gorria sormen taldeko kide gisa, ohituta dago lanak partekatzera, baina gogoa zeukan «lan hau bakarrik egiteko, eta bukatu arte ez nion erakutsi Yolandari. Eskerrak gustatu zaion!», adierazi zuen.

Idazleak gauza asko kontatzen zituela ikusi zuen ikustratzaileak. Kontatu gabe asko uzten zituela ere bai, eta erabaki zuen «testuaren interpretazio bat egitea», «metafora ilustratua».

Hala «iraganaren zama» irudikatzeko, kaiola bat jarri dio bizkarrean protagonistari, eta kaiolaren barruan txantxangorri bat. Magi? Gainerako guztia «pertsonaiak kontatzen duenaren arabera aldatzen doan» basoan dago. Grisak eta sosegua transmititzen duten kolore bareak nagusi diren baso aldakor eta baketsuan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Istorio triste eta gogorra», modu poetikoan kontatua

«Istorio triste eta gogorra», modu poetikoan kontatua