Borrar
Gipuzkoa Plaza

Iltze-konstelazioak

Asteartea, 21 martxoa 2023, 17:08

Comenta

Ez dakigu zehaztasunez nondik datozen ametsak, garun-azalean edo kortexean sortzen direla baino. Haien interpretazioari dagokionez, Freud edo Jung bezalako izenak datozkigu gogora. Errepresioa, maila sinbolikoa, subkontzientea… Ismael Kadareren 'Ametsen jauregia' eleberrian, adibidez, alegiazko botere totalitario bat jendearen ametsak burokratikoki kontrolatzen saiatzen da, amets guztiak bilduz eta sailkatuz, errebeldia edo disidentzia zantzu oro antzeman eta prebenitu nahian. Anaia Handia oniriko bat.

Gehienetan, aienatu egiten zaizkigu ametsak, errauts bihurtzen dira biharamunean. Zibilizazio askok dohain igarle eta profetikoak esleitzen zizkieten. Homeroren poemetan, esaterako, behin baino gehiagotan ikusten dugu jainkoek protagonistei hitz egiten dietela azken hauek lotan dauden bitartean. Garai hartako poetei Musek hitz egiten omen zieten, eta horregatik uste zuten poeten hitzaren atzealdean jainkoen hitza zegoela. Ez da harritzekoa, beraz, poetak igarletzat eta benetako jakinduriaren igorletzat hartzea. Ezaguna da, horrexegatik, Platonek bigarren mailakotzat eta mailegatutzat jo zuela poeten jakinduria. Hölderlinek, ordea, irauten duena poetek sortzen dutela esan zuen.

Urrun daude, nolanahi ere, garai haiek. Atzo ospatu zen Poesiaren Egunarekin konformatzen gara orain, jainkotasun edo jainkokeriak alde batera utzita. Ez da gutxi edertasuna, irudimena eta sentikortasuna zabaltzea, batez ere fake albisteez eta amesgaiztoz blaitutako egunerokotasun honetan. Harago ikusteko. «Iltze-konstelazioek hormei elkarrekin eusteko».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iltze-konstelazioak