«Guztion taupada izango da beharrezkoa»
«Pandemiak itxi dizkigu Durangoko ateak, baina barruko ateak beti ditugu zabalik», esan zuen irekiera ekitaldian Kirmen Uribek
Inork ez du esan Durangoko Azokak abian jarri duen ariketa ezohikoa, arrisku handikoa, erraza izango denik. Landakoko ateak ireki orduko elkarri bultzaka sartu ohi diren ikasleen zalaparta faltan emango zenik ere ez. Hala izan zen, baina, 55. Durangoko Azokaren aurreneko eguna: konplikatu samarra goiz partean, eta isila.
Hainbat orduz denda birtuala itxita edukitzera behartu zuten arazo teknikoak konponduta, okerrik ez bada datorren asteartera arte izango zuen martxa hartu zuen arrakastaren zati nagusia teknologiaren baitan duen Durangoko Azoka.
«Gutxi batzuk Landakon eta Plateruenan eta beste asko online», horrela laburbildu zuen egoera Xabier Madariagak 'Azokaren lehen taupada' hasierako ekitaldian. Horrela izango da, ezinbestean. Orduak aurrera joan ahala poliki-poliki abiadura hartzen eta taupada egonkortzen zihoan «Azoka ezberdin, imajinaezina» ofizialki inauguratutzat eman zuen ekitaldia bera aurtengo Durangoko Azokaren isla eta entsegu izan zen: gutxi batzuk han, eta asko pantailaren aurrean, streamingaren zaindari guztiei eta egunotarako paratu duten komunikazio azpiegitura sendoari erregutuz motelaldiak izan zitezela motelaldi, eta ez arazo larriagoren baten seinale edo iragarle.
Han, gonbidatu maskaratuekin batera, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakaria eta erakundeetako ordezkariak: Bingen Zupiria Kultura sailburua; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Xabier Arauzo eta Durangoko alkate Inma Garrastatxu. Han ziren halaber Eñaut Elorriaga eta Bagara taldea osatzen duten hiru dantzari durangarrak. Handik at, bakoitza bere 'hemenean', gainerako denak eta, New Yorketik Durangorako zubiaren bi muturretan, Kirmen Uribe.
Alkatearen agurraren ostean, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak aipatu zituen Durangoko Azokaren edizio zail hau posible egin duten eta esperientziatik onik ateratzea ahalbidetuko duten hiru gakoak: berrikuntza eta egokitzeko gaitasuna; teknologia berrietara moldatzea eta «oso kontuan edukitzea erronka berriak agertu diren honetan gizarte legez zein aportazio egin gure esparrutik euskalgintzari». Durangoko Azokaren antolatzaile eta babesleek, esan zuen, «ausardiaz ahalegina» egin dute. Orain, «lagungarri izan dugun kulturak behar gaitu. Kontsumitu kultura».
Komunitatearen beharra
Joseba Sarrionandiak 'Gauzak direna balira'-ren aurkezpen telematikoan esandako hitzak bere egin zituen Zupiria sailburuak, eta aitortu zuen «pribilegiatua» sentitzen dela euskarazko liburuak erosi eta irakurtzen dituenean; euskal musika entzuten duenean; euskarazko komunikabideak ikusi, entzun edo irakurtzen dituenean; sare sozialetan euskaraz komunikatzen denean, «hori ere badelako komunitate baten bizitzan parte hartzeko modu bat».
Durangoko Azoka da, sailburuaren hitzetan, «komunitate horren arnasguneetako bat, komunitateak berak sortua. Askok hemen aurkitu dute bizirauteko behar duten komunitatearen txera eta atxikimendua». Baina orain, «inoiz baino gehiago, komunitatearen sostengua behar du», eta heldu da bueltan emateko jaso dena. Argi mintzatu zen Bingen Zupiria sailburua: «Har dezagun parte komunitatearen biziraupenean, eros dezagun Durangon, har ditzagun bertatik etxerako behar ditugun liburu eta diskoak. Aurten, inoiz baino gehiago, kultura oparitzea tokatzen da, eta Durangoko Azoka da horretarako gune nagusi eta preziatuena».
Klik egin, hortaz, https://durangokoazoka.eus-eko dendan. 45 eurotik gorako erosketek ez dute bidalketa gasturik.
Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak modu pixka bat poetikoagoa aukeratu zuen, baina mezua berbera izan zen.
«Guztion taupada izango da beharrezkoa» esaldia aukeratu zuen gogoratzeko neurri batean azken hilabete hauetan horrenbeste eman digun kulturarekin zorretan gaudela gogoratzeko. «Momentu horiek gogoratzeko eta aletxoa jartzeko unea da, Durangoko Azoka babestuz euskal kultura babesten ari garela jakinik», esan zuen.
1965ean sortu zen Durangoko Azokak, pandemiak kenduta, denetariko zailatasunak dauzka ikusita eta gaindituta aurretik. «Ez da lehen aldia Azokak garai zailak bizi izan dituena, ezta euskal kulgurgintzak ere», gogoratu zuen Mujikak. Eta orain ere «prest dago berriro jaiotzeko», «Euskaraldiaren lekukoa hartu eta abenduaren 8ra arte euskaraz kontsumitzeko konpromisoa» hartuko dutenen sostenguari esker. Egin klik https://durangokoazoka.eus-eko dendan. Egun gutxiren buruan iritsiko dira erosketak etxera.
Mundu zabalean
Beti omen dago alde onen bat, eta «itzelezko zailtasunekin» antolatu duten Durangoko Azokaren edizio honetakoa izan daiteke hedapen sekula baino handiagoa. «Mundu osora zabalduko da datozen egunotan, milaka pertsona egongo gara gure etxeko sofatik konektatuta, gogoko ditugun idazle eta musikariak ikusten eta entzuten. Erosi botoiari emanez, Azokaren taupadak inoz baino indartsuagoak izan daitezen. Inoiz baino elkartuago egongo gara eta egoera ilunari kolore printzak aterako dizkiogu», esan zuen Nerea Mujikak.
Urrutiko hitzak Kirmen Uriberenak izan ziren. New Yorkeko etxetik irakurri zuen testu eder batean ekarri zituen gogora, bata bestearen atzetik, euskarak, euskaldunek eta euskal kulturak gainditu behar izan dituzten oztopo ugariak. Hala ere, «egoera zailenetan eutsi diogu euskaldunok, belaunaldiz belaunaldi». Oraingoan, «pandemiak itxi dizkigu Durangoko ateak baina barruko ateak beti ditugu zabalik». Animoak eta maitasuna bidali zituen urrutitik, eta maitasun kantu bat abestu zuen Eñaut Elorrietak, bihotzen taupadak bizkortzeko.