Garbiñe Ubeda, 'Lekukoa' trilogia osatzen duten liburuekin. E.A

«Gazteei gure gaztaroaz hitz egiteko dugun ezintasunaren ondorioak pairatzen ari gara»

'Esanezinak'-ekin itxi du Garbiñe Ubedak 80ko hamarkadako Euskal Herrian girotu duen 'Lekukoa' trilogia, gazteei zuzendua

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Lunes, 26 de octubre 2020, 08:58

Iheserako joera du askotan gazte literaturak, errealitatetik –errealitatearen ertz zorrotzenetatik batik bat– urruntzekoa. Ulertzekoa da hortaz Elkar argitaletxeak Garbiñe Ubedari gazteentzako liburu sorta bat idatz zezan eskatu ondoren, ezusteko galanta hartzea 1967an Ibarran jaiotako idazle, kazetari eta diseinatzailearen proposamena jasotzean. Zeren eta, Antxiñe Mendizabal editorearen hitzetan, «gazte literaturari dagozkion estereotipoei ihes egin die hasieratik, oso libre ibili da», eta 'Lekukoak' trilogia kokatu du fantasiarako tarte txikia eskaintzen zuen 80ko hamarkadako Euskal Herrian.

Publicidad

'Sasieskola' eta 'Mehatxua'-ren ondotik, 'Esanezinak' heldu da orain, trilogiaren amaiera. Honetan ere neska gazte baten aurpegiak betetzen du liburuaren azala. Larraitz da, 1984ko ostegun buruzuri batean, eskolan egon beharrean, piper egin eta liluratuta zeukan Martinekin mendira joan zena. Han ikusiko du nola hiltzen dituen hiru pertsona Guardia Zibilak segada batean. Idazlearen arabera, «behar ez zuen lekuan egoteak eta segada haren lekuko izateak hankaz gora jarri zuen bere bizitza, eta areagotu egin zituen azaleratzen ari zitzaizkion arazoak: maitasun kontuak; amarekin zeuzkan tirabirak, generazionalak baino gehiago zirenak; bizitza sozialari lotutakoak...».

Hiru liburuak solte irakur daitezke, baina gauzak gertatzen diren eta argitaratu diren hurrenkeran irakurtzean antzematen da ondoen erretratu orokorra: «Aurrenekoan arazoak sortzen eta azaleratzen dira; bigarrenean korapilatzen dira gauzak –areagotu egingo dira amarekin dituen liskarrak, lagunik gabe geldituko da...–, eta hirugarrena, 'Esanezinak', korapilo guztiak askatzera dator».

«Larraitzek biziko ditu desasosegua, deskolokea eta, azkenean, ikasiko du gauzei aurre egiten»

Liburuz liburu garatzen joan diren hiru fase horietan, Larraitzek ezagutu ditu «desasosegua, deskolokea eta, azkenean, ikasiko du gauzei aurre egiten».

Izan ere, sorta itxi duen 'Esanezinak' ihesaldiaren amaiera dakar –bigarrenean amak Niza aldera bidali zuen uda pasa–, eta gazteak «esku artean dituen gai denei heldu beharko die. Oroitzapenek jarriko dute egiara bidean, eta etxera iristean egingo dituen peskizek puzzlearen azken piezak aurkitzen lagunduko diote». Ez da komeni askoz gehiago kontatzea.

Publicidad

Gazteen jakin-mina

Irakurle heldu askok atseginez irakurriko dituzte liburuok, baina gazteentzat idazteko eskatu zioten Garbiñe Ubedari, eta haientzat idatzi du, bere terminoetan. «Literaturak eskatzen du gelditzea, eta ohitura galtzen ari gara. Nire liburuetan deskribapen gutxi daude, nahiago dut irakurleak betetzea zuloak, egitea bere pelikula, horrek gelditzera behartzen zaituelako. Nerabeak sekulako abiaduran doaz, baina gelditzen ere badakite», dio.

Idazlearentzat «deskubrimendu ikaragarria izan da gazte literatura. Ez nion garrantzi handirik ematen, baina deskubritu ditut beste liburu eta beste ildo batzuk, eta konturatu naiz literaturaren ahizpa txiki honek merezi duela beste begirune bat».

Publicidad

Gazteei zuzendutako literaturak errealitatearen ikuspegi zintzoa ere merezi duela uste du. Liburu hauetara ekarri duena, garaiei eta gaiei erreparatuta bistakoa denez, ez da errealitate gozoa. Askotan ezkutatu egin zaie gazteei, edo ez zaie azaldu, «ez dakigulako gauzak beren testuinguruan jartzen. Garai haien inguruan esanezin asko dago, eta gazteei gure gaztaroaz hitz egiteko dugun ezintasunaren ondorioak pairatzen ari gara».

Ez dira gazteak entzungor egiten dutenak. Aitzitik, «jakin-min handia dute beren gurasoen bizitzaz, eta adina daukagunok badauzkagu gauza asko kontatzeko». Berak kontatu egin ditu, nerabeek gogoko dituzten tramak landuz, irakurleak entretenitu nahirik, «baina arrosa kolorerik gabe, zikin puntu batekin, garai haiek ere bazutelako puntu hori».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad