«Galtzaile izatearen kontzientzia dute gure kantariek, baina ez dute negar egin»
Gotzon Barandiaran idazleak euskal idazle eta kantarien arteko harremanetatik sortutako emaitza ederren kronika egin du 'Hitzen ahairea' liburuan
Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974) olerki liburu batzuk plazaratu zituen lehenbizi, gero nobela pare bat, eta orain saiakera bat, euskal idazleen eta musikarien arteko elkarlanen berri ematen duena. 'Hitzen ahairea' (184 orri; 14,25 euro) Susak argitaratu du.
Publicidad
– Esadazu zure lan honetako ondorioren bat.
- XIX. mendetik XXI. mende hasiera arte, euskaldunok, batez ere, gure identitateari kantatu diogu. Eta, Koldo Izagirrek esandakoarekin bat eginez, kantatu diogu gure identitateari, galtzaile izatearen kontzientzia kolektibo bat dagoelako gure idazleen testuetan. Kontzientzia horrek idazlea eta kantaria ez daramatza negarrera, lantu hutsera, baizik eta aldarrira, borrokarako deia egitera.
– Nabarmena da euskal kantagintzaren aberastasuna. Kantu asko eta onak ditugu.
– Baina liburu honek ez dihardu kantagintzaz, baizik eta idazle eta kantarien edo musikarien harremanez. Kantu asko gelditu dira liburutik kanpo. Beste ondorio bat: emakumeari ez diogula ahotsik eman. Koldo Izagirrek egin zuen bere lan hartan, XX. Mendeko Poesia Kaieretan, lau emakume aukeratu zituen, eta lau haietatik bakarrik Itxaro Bordaren testuak musikatu izan dira. Tere Irastortzaren testu bat, eta Arantxa Urretabizkaia eta Amaia Lasaren testu bat bera ere ez. Zergatik? Horien testuak oso musikagarriak dira, gizonezko askorenak baino gehiago, baina hala ere… Aztertzeko moduko kontua da. Emakume horiek bazituzten lagun kantari eta musikariak, baina… Gainera, emakumea agertzen denean kanta-letretan, beti dago negarrez, beti dago zain, beti dago borrokara joandako gizonaren zain…
– Zer gehiago ikasi duzu lan hau egitean?
– Esango dizut beste ondorio bat. XX. mendeari, idazle eta kantarien artean oso giro hiperpolitizatu batekin eman genion amaiera, baina XXI. mende hasieratik hori ez da horrela. 70eko hamarkadan Izagirre eta Atxagak manifestua atera zuten Ustela aldizkarian: 'Ez dezagun konpostura gal, hala ere', non literaturaren autonomia aldarrikatzen zen. Hau da, esaten zuten literaturak –eta edozein sorkuntza lanek, ulertu behar da– bere bidea egin behar duela, eta inork ez duela kanpotik zuzendu edo gidatu behar.
– Aipatu ditzagun idazle-musikari bikote nabarmen batzuk. Hor dugu, adibidez, Joseba Tapia-Koldo Izagirre bikotea, Jose Luis Otamendi-Bide Ertzean…
– Asko daude! Adibidez, Antton Valverdek Lauaxeta eta Lizardiri disko bana eskaini zien, Aresti eta Oskorriren arteko harremana oso estua izan zen, Xabier Amuriza eta Oskorriren artekoa ere bai… Amuriza da, Jon Maiarekin batera, kanta-letra gehien idatzi dituenetako bat. Atxaga-Ruper Ordorika bikotea ere hor dago, eta Atxaga-Jabier Muguruza… Orainera etorrita, Harkaitz Canok, adibidez, Petti eta Iker Laurobarentzat testu asko egin ditu; Eider Rodriguez eta Sorkunek disko oso bat egin zuten duela bi urte… Garik, Hertzainak utzi eta gero, etengabe egin du lan Jon Benito, Jose Luis Padron eta Jon Maiarekin.
Publicidad
– Eta gehien musikatu diren idazleak?
– Xabier Amuriza, Jon Maia, Itxaro Borda, Aresti bera…
– Eta Xabier Lete…
– Xabier Leteren kasua berezia da. Aldi berean idazle eta kantaria baitzen.
– Idazle musikariak ez dira asko.
– Lete, Xabier Montoia, Jabier Muguruza, Asier Serrano… Ez dauzkagu sobera… Beste zenbaitetan, kantariek hildako idazle edo bertsolarien testuak hartu dituzte, hala nola Laboak eta Benito Lertxundik.
– Zuk zeuk norentzat egin dituzu testuak?
Publicidad
– Uf! Askorentzat. Katamalo taldea ere sortu nuen neure testuak plazaratzeko. Rafa Ruedarentzat testu asko egin ditut, adibidez.
«Rockeroak hasi zirenean hemen, 80ko hamarkadan, harreman gutxi izan zuten idazleekin»
«Gehien musikatu diren idazleak? Xabier Amuriza, Jon Maia, Itxaro Borda, Aresti bera...»
– Inoiz gertatu izan da kantari batek idazlearen testua dezente edo guztiz aldatzea. Liburuan aipatzen duzu kasu bat, nola Urkok Gabriel Arestiren testu bat moldatu zuen bere erara 'Guk euskaraz, zuk zergatik ez?' kantu hartan.
– Horrelako kasu asko ez daude. Ruper Ordorikak bere lehen diskoa egin zuenean Atxagaren 'Etiopia' liburuko testuak hartu zituen, eta aldatu eta egokitu, besteak beste luzera kontuengatik, baina Atxagaren baimenarekin. Laboa eta Lertxundik aspaldiko bertsolarien testuak hartu dituztenean ez dituzte bertso sorta osoak kantatu. Baina hori normala da.
Publicidad
– Irudipena daukat, musika zenbat eta gogorragoa, rocka zenbat eta gogorragoa, orduan eta elkarlan gutxiago gertatzen da musikari eta idazleen artean.
– Alberto Irazuk liburu interesgarria atera zuen iaz, nik asko erabili dudana: 'Rocka eta puntua'. Hor ederki azaltzen da kontua. 80ko hamarkadan, rockak eztanda egin zuenean gurean, oso talde gutxi atera zen euskaraz: Hertzaina, Zarama... Gero Kortatuk hizkuntza ordezkapena egin zuen. Hasiera hartan rocka, gehienbat, gaztelaniaz –edo frantsesez– egin zen. Gainera, kontuan hartu behar da punkaren leloa: 'Egin zeuk dakizuna'. Zuk dakizuna egin, eta ez egon beste inoren zain. Rockeroek ere bere egin zuten lelo hori, eta eurek idazten zituzten beren testuak. Nabarmena, eta alde batetik salbuespena, Hertzainak izan zen. Erdal jendeak esan zien euskaraz kantatu behar zutela, nahi bazuten rockeroak izan, eta Euskal Herriko bazter batekoak izanda ere, Gasteizkoak, Mirande eta Itxaro Bordaren testuak kantatu zituzten, Euskal Herriko beste puntako idazleenak. Kortatuk hizkuntz aldaketa egin zuzenean, Fermin Muguruzak Xabier Montoia, Mikel Antza eta Josu Landaren testu batzuk kantatu zituen, baina bestela garai hartan oso harreman gutxi egon zen idazleen eta rock taldeen artean.
– Galdera pertsonal bat: zein musikari iruditzen zaizu bereziki trebea, bereziki ondo uztartu duena jasotako testua eta bere doinua?
– Ez dakit ba. Nik oso musika desberdinak entzuten ditut, aldartearen arabera. Ez dugu aipatu, baina, adibidez, Pantxoa eta Peiok oso abesti onak sortu dituzte, Manex Pagola, Telesforo Monzon eta Manex Erdozaintziren testuak hartuta. Oso musikari onak izan ditugu eta oso idazle onak, eta uztartu direnean oso emaitza ederrak atera dira.
Publicidad
– Azaldu liburu honen barne-historia. Noiz hasi zinen, nolatan...
– Aspaldi piztu zitzaidan hazia. Guk, Bihotz Bakartien Klubeko lagunok, hemen Larrabetzun Literatura Eskola jarri genuen martxan. Eskatu genien Iñigo Aranbarri eta Anariri musika eta literaturaren inguruan hitz egiteko, eta haiei entzunda hazia piztu zitzaidan. Pentsatu nuen zerbait egin behar nuela, baina ez nekien zer. Baita ere, hor zegoen Rafa Rueda aspaldiko lagunarekin partekatu dudan kezka: zer gertatzen da gure kantagintzarekin, gure literaturarekin, gero eta jende gutxiago joaten baita musika emanaldietara, gero eta jende gutxiagok irakurtzen baititu euskarazko liburuak... Pentsatu genuen zerbait egin behar zela, eta, Idazleen Elkartearen laguntzarekin, hasi ginen DBH eta Batxilergoko ikasleekin saio batzuk egiten, musika eta literaturaren gaineko azalpenak emateko. Orain ere egiten ditugu horrelakoak. Eskola horiek prestatzeko dokumentazio asko bildu dut, eta hain zuzen ere hortik sortu da liburua. Baina oso laburtuta dago. Berez, material askoz gehiago daukat.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión