Galderetatik sortu eta «hausnarketarako espazioa» den dantza emanaldia
«Estudio batean sartu, jolastu eta sortzeko» grinak bultzatuta sortu zuten Mari Zaunka kolektibo Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak 'Erreka ondoan, bi gezur' obra. Larunbatean eskainiko dute Gazteszenan (Donostia)
Hausnarketatik eta, batez ere, galderetatik abiatuta sortzen dute Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak dantzariek. Ikuspegi eta desira partekatu horretatik abiatuta, elkarrekin «estudio batean sartu, jolastu eta sortzeko» grinak bultzatuta, jarri zuten martxan 2018an Mari Zaunka kolektiboa. Larunbat honetan bigarren obra, 'Erreka ondoan, bi gezur' eskainiko dute Gazteszenan (Donostia) 19:30ean. «Hausnarketarako espazio» izan nahi duen ikuskizunak «mundu asko» dituela azaltzen du Gurrutxagak eta ikusleak «batetik bestera etengabe jauzi» egingo duela. Dinamikotasun hori, jantziek indartu eta laguntzen dutena, alor askotan islatzen da. «Tonu ezberdinen erabilera dago, seriotasun edo intentsitate emozionaletik umorera», xehatzen du Vesgak.
Publicidad
Obra sortzeko zenbait erreferentzia fikziotik hartuak dela azaltzen dute, baina beste asko euren bizitzatik eta oholtzara hori eraman dutela. Hala, hausnarketa eta gaitegian ere eragina du. «Gu ere bustitzen gara, agian ez zuzenean, baina modu abstraktuan gaiak piezan daude eta umoretik hausnarketa irekitzen dugu», dio Vesgak. Besteak beste generoa, egia eta gezurra zer diren edo gure gizartean nola jasotzen ditugun. «Galderetatik bideratzea da gure modua -gehitzen du Gurrutxagak-, iritzi edo erantzun finko bat eman baino iradokizunak bidali. Eta, noski, emozioak piztea. Hori lortzen bada, gu pozik».
Kolektibo bezala izandako hazkundean, ikusleari partekatzeko eskaintzen dioten «bidaia» aurkeztu zuten lehen obra baino zertxobait luzeagoa da: 50 minutu. 'Leiho Zikin, Zeru Garbi' lanean «ahotsean edo kantuan» esploratzea izan zen oinarrietako bat eta bigarren honetan sakondu egin dute obra osatzen duten «elementu guztiak elkarrizketan» aritzeko. Bide beretik, testua garrantzia hartzen joan da eta bai sormen prozesuan zein obran ere zutabe garrantzitsua izan da. «Entseguetan goizero 10 minutu eskaintzen genizkion idazketa automatikoari eta hortik sortu da obrako mundua edo unibertsoa, gure irudia. Eta hortik jaiotzen da dantza», azaltzen du Gurrutxagak.
'Erreka ondoan, bi gezur'
-
Konpainia: Mari Zaunka.
-
Kideak: Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga.
-
Emanaldia: Larunbata, urtarrilak 27, 19:30ean.
-
Lekua: Gazteszena (Donostia).
-
Iraupena: 50 minutu.
-
Prezioa: 10 euro.
'Erreka ondoan, bi gezur' emanaldian batik bat «antzerkiaren kodeetan» jasoko du ikusleak, baina baita biek sortutako abesti batean. Azken hau da Gurrutxagak zein Vesgak elkarrizketan hainbatetan azpimarratutako 'lan kolektiboaren' adibideetako bat, sormena Luz Gonzálezekin egin baitzuten. «Piezak musika originala dauka eta abestiak, letrak edo melodiak guk sortuak dira. Gonzálezek baseak egiten lagundu zigun». Era horretan, gainera, oso aberasgarritzat jotzen duten kanpo-begiradak txertatu dituzte emanaldia gauzatu ahal izateko beste hainbat alorretan Gurrutxagak azaldu bezala. «Kolaborazioa da gure lan egiteko modua, ideia asko proposatu dizkigute eta erabakiak denon artean hartzeko aukera izan dugu». Besteak beste, jantzitegia diseinatzeko Valentina Azzati izan dute bidaide, josterakoan Lurdes Arrutiren laguntza izan dute eta eszenatokia argiztatzeko Andoni Mendizabalena.
Izan ere, bi sortzaileak oso kontziente izan dira «piezaren barruan» zeudela. «Batzuetan zaila da kanpotik zer ikusten den jakitea, perspektiba hori izatea. Horiei esker forma ematen joan gara», eskertzen die Vesgak. Are gehiago, obrako sormen-prozesua ixtea kostatzen zaienean. «Pieza prozesuan zehar oso bizirik dago eta bukaera arte ez ixten saiatzen gara nola arnasten duen, zein behar dituen sentitzeko». Hala, erabaki asko estreinaldia baina denbora gutxi gehiago hartu zituzten, hein batean kanpo begirada horien laguntzarekin.
Publicidad
Sei urte hauetan ez da izan den garapen bakarra, 2020ko obra kalean gorpuzteko sortu baitzuten eta 'Erreka ondoan, bi gezur' «espazio eszenikoetarako» sortutakoa da, Vesgak azpimarratu bezala. Ildo horretan, baldintza tekniko batzuk behar baditu ere «espaziora moldatzeko» lana dela uste dute. Horixe baita, orokorrean, dantzaren erronka nagusia. «Asko mugitzen gara eta txikia bada zailtasunak sortzen zaizkigu».
Larunbat honetan Donostian eskainiko duten emanaldiaz gain epe laburrera beste bi dituzte agendan, otsailaren 23an Andoaingo Basteron eta maiatzaren 11n Antzuolan, eta gehiago lotzen ari dira. «Udazken aldera baditugu pare bat eta ea gehiago datozen».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión