Feminismoari heldu diote aurtengo musikalean Jaso Ikastolako ikasleek
Hamargarren ikuskizuna, 'Sutan' izenburua duena, ostiral honetan estreinatuko dute Barañainen eta udazkenean aurkeztuko da Donostiako Kursaalen
m. imaz
Osteguna, 5 maiatza 2022, 14:11
Hamargarren urtez, ikuskizun musikal landua prestatu dute Iruñeko Jaso Ikastolako ikasleek. Aurtengoan «feminismoari eta lan-berdintasunari» heldu diote ostiral honetan Barañaingo Auditorioan estrainatuko duten 'Sutan'-en. Aurretik, goizean bertan, ikastolako eta Barañaingo Alaitz eskolako ikasleentzat musikalak aurre-estreinaldia egingo du.
Aurkezpenean nabarmendu zutenez, «ikuskizun honek jaso ikastolak lantzen duen hezkuntza ereduan du iturria eta, hain zuzen ere, sormena, ekintzailetza, lan kooperatiboa eta autogestioa ardatz dituen hezkuntza-programa baten emaitza da». Hain zuzen ere, ikasturtean zehar joan dira ikasleak ikuskizuna prestatzen. 12 eta 16 urte bitarteko 50 bat ikaske inguruk parte hartzen dute berezko sormen proiektu honetan, eta irakasle eta gurasoen borondatezko-lana ere garrantzitsua da.
Zuzendariak, berriz, Imanol Janicesek Gorputz Heziketako irakaslea eta Irantzu Zabaltza Lehen Hezkuntzako tutorea dira eta «arte eszenikoekin berariaz lotutako gaitasunez gain, gaitasun hezkuntza, sormena, garapen emozionala, bizikidetza eta euskararen erabilera bezalako baloreak» landu nahi ditu jada ikastolatik eta Iruñetik kanpo oso ezaguna egin den ekimenak.
Baloreak lantzeko modua
Musikalaren edizio bakoitzak gai sozial zehatz bat lantzen baitu, «ikasleek beraiek aldez aurretik eztabaidatu eta aukeratutakoa. 'Sutan' izenburua duen aurtengoak «feminismoaren eta genero berdintasuna lan-eremuak ditu ardatz». Istorioa XX. Mendearen hasieran su hartu zuen New Yorkeko lantegi batean bultzatu zuten 'atorgileen greba' deiturikoan oinarritzen da. Hain zuzen ere, martxoaren 8an ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunak gertaera horretan du jatorria.
Aurreko edizioetan, ikuskizunak beste gai sozial batzuk jorratu ditu, «hala nola Alzheimerra eta adineko pertsonak, teknologia berrien erabilera, genero-aniztasuna, memoria historikoa, jasangarritasuna, migrazio-mugimenduak edo diruarekiko atxikimendua, besteak beste».
Oraingoan ere «antzezpena, kantua, dantza, akrobazia eta efektu bereziak elkartzen dituen ikuskizuna da Jaso musikala». Ikasleek prozesu guztian hartzen dute parte, eta euren gain hartzen dituzte gidoia, abestien egokitzapena, koreografiak, eszenografia, jantziak, atrezzoa, argia eta soinua, baita postprodukzioko, marketineko, babesletzako, sustapeneko edo sare sozialen kudeaketa lanak ere.
Aurten, gainera, Iruñeko Gazte Orkestraren kolaborazio berezia izango dute lehen aldiz, eta haren emanaldiarekin batera, ikasleek interpretatzen dituzten zenbait musika-alorretan arituko da. Euskararen inguruko helburuak ere oso garrantzitsuak direnez ekimen honetan, Euskarabidea-Nafarroako Euskararen Institutuak Jaso Fundazioarekin duen hitzarmena berritu du aurten, «musikaren bidez, eta bizitzaren arlo guztietan, euskararen presentzia eta erabilera bultzatzeko, kultur eskaintza eta jarduera sustatuz eta programatuz». Hitzarmenak 'Sutan' proiektua uztailean Islandiako Reykjavik hiriburuan egingo den hezkuntza eta antzerkiari buruzko bederatzigarren kongresuan aurkeztea ere jasotzen du.
Barañaingo Auditorioan estreinatu ondoren, 'Sutan'-ek bira bat egiteko asmoa du. Badituzte bi emanaldi garrantzitsu Iruñean. Eta Gainera, Ikastolen Elkartearekin duten lankidetzari esker, beste bi emanaldi egingo dira udazkenean, Donostiako Kursaalen eta Bilboko Campos Elíseos Antzokian.