Ver 47 fotos
«Ederra, anitza eta aktuala izango da aurtengo Azoka»
Erakunde eta Gerediagako ordezkariek «euskal kulturaren jai erraldoian» parte hartzeko gonbita luzatu dute Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldian
Durangoko Azokak lehen jardunaldi jendetsua bizi izan zuen eta kulturazaleek nobedade eta egitarau oparoaz gozatu zutenitziar altunadurango. Ateak ireki eta minutu gutxira Landako guneko erakusmahaien arteko kaleak jendez gainezka zeuden. Azokak eskaintzen duen guztia bizi eta sentitzeko gogoz hurbildu ziren atzo milaka lagun Durangora, bost egunez euskal kulturaren plaza nagusi izango dena. Guztira 257 erakusmahai, 950 nobedade eta egitarau oparo eta anitza antolatu du Gerediagak. «Azoka fresko eta gaztea» izango dela iragarri zuen Nerea Mujikak, elkarteko presidenteak. «Zuena bada ere Azoka eta gurekin nahi zaituztegu». Eta lehen orduetan ikusitakoak esandakoa beteko dela egiaztatzeko balio izan zuen. Dozenaka gaztek errenkadan itxaron zuten gustuko dituzten abeslariekin hitz egiteko. Izarok, Iñigo Etxezarretak (ETS) edo Tomas Lizarazuk (Bulego) orduak eman zituzten musika zaletuekin solasean eta argazkiak ateratzen. Beste hainbat idazlek bezala, izan ere, denen esanetan, irakurle eta entzuleekin iritziak eta kontuak partekatzeko plaza ezin hobea da Durangokoa.
Publicidad
Landako eta Azokako beste guneek egitarau zabala eskaini zuten egun osoan zehar. Aurkezpen, estreinaldi, solasaldi eta kontzertuekin gozatzeko parada izan zuten bisitariek, baita Amaia Lejarreta artistaren MADA izeneko performance-arekin, artistak zuzendutako 'Erro' film laburretik jaiotako zuzeneko ikuskizuna, dantza eta margoa uztartzen dituena, eta Azokako inaugurazio ekitaldia itxi zuena San Agustin Kultur Gunean.
Bertan izan ziren euskal kulturaren festa hau posible egiten duten eragile eta erakunde publikoetako ordezkariak, besteak beste Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Bere esanetan, elkargune «itzela» izango da aurtengo Azoka, bertan egiten baitute topo «sortzaile, irakurle, musika entzule eta erosleek». Zupiriak gaineratu zuen sorkuntza eta kontsumoa direla «bermatu eta sendotu behar ditugun zutabeak, euskaraz sortutako eta ekoitzitako kulturak bizimodu oparoa, itxura ona, mami atsegina eta iraupena bermatuta izan ditzan», eta zutabe horiek indartzera zuzenduta daudela hainbat erakundeek eta Jaurlaritzaren politikak. Beste egitasmoen artean, datorren urtean sorkuntza literariorako beka abian jarriko duela Kultura Sailak iragarri zuen, BBV Fundazioarekin elkarlanean, euskaraz sortzen duten idazleei zuzenduko dena eta «gure kulturgintzako erreferente handi baten izena» eramango duena. Azkenik, azoka «jendetsua eta arrakastatsua» opa izan zien Gerediagako lagunei, baita «herritarren patriken berotasuna» argitaletxeen, idazleen, musikarien eta abeslarien alde jartzea.
Durangoko Azokaren 58. edizioa posible egin duten guztiei eskerrak emanez hasi du bere mintzaldia Nerea Mujikak, eta aurtengoa topagune «ederra, anitza eta aktuala ere» izango dela aurreikusi du, izan ere gaur egun denon ahotan dabiltzan gaiak jorratuko dituzten hainbat ekitaldi antolatu dira, besteak beste, etorkizuneko teknologien inguruko gogoetak, dokumental mamitsuak edo bideo berritzaileen proiekzioak. Gerediagako presidenteak gogoratu du «euskal kulturaren jai erraldoia» dela Durangoko Azoka, «gure kultura erdigunean» jartzen duena, eta orain, inoiz baino gehiago, ezin dugula ahaztu «euskarak eta euskal kulturak bultzada behar dutela». «Azken aldian kontran doan oldarraldia bizi izan dugu baina ez gaude atzera egiteko prest. Euskal kultura indartzeko lanari eutsiko diogu», adierazi du.
Noticias relacionadas
Gerediaga elkartearen deiari erantzunez, ehundaka kulturazale bildu ziren Landakon eta Azokaren gainerako guneetan, ekintzak zuzenean ikusi edota horietan parte hartzeko. Nogen taldearen kontzertuak edo Gure Zirkua barrutik ikusteko aukera eskaintzen duen filmaren estreinaldiak jendetza bildu zuten. Baita liburu eta diskoen aurkezpenek. Atzokoan, besteak beste, Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta edo Jon Arretxek beren azken lanak aurkeztu zituzten, irakurle askoren gozamenerako.
Publicidad
Izan ere, irakurleak dira Landako gunea 'hartu' dutenak. Askok urtero errepikatzen dute bisita, Ezkioko Kontxi eta bere lagunek bezala. «Urteak dira etortzen garela, lehen herriko kultur elkarteak antolatzen zuen txangoa Durangora, baina orain ez, beraz bost lagun elkartzen gara gure kontu etortzeko». Liburu tartean murgiltzeaz gain, artisau feria ere bisitatu zuten, elkarrekin bazkaltzera joan aurretik. «Oso egun polita da guretzat».
Idiazabaletik Maitanek ere ez du inoiz huts egiten. Bere gurasoekin etortzen zen lehen, «buruan sartu ziguten zerbait da», eta orain bere semearekin dator. Gainera, «idazle asko ezagunak ditut, eta beraiek ikustera nator». Bere ustez, euskal kulturaren arloan zer egin den ikusteko aukera paregabea da Azoka, «gaurko mundua hain dispertsoa da, hona etorrita zer daukagun ikusteko aukera dugula». Bere seme Oihanen kasuan, Izaro eta Pello Reparazekin egoteko aprobetxatu zuen goiza. Mallabitarraren disko berria erosi eta «bere fana naizela esan diot, diskoa sinatu dit eta argazkia ere atera dugu». Zetak-eko abeslariari aldiz, bere musika entzutea «plazerra» dela esateko parada izan zuen.
Publicidad
Idazleekin batera, musikariek beren gunea dute Landakon, eta askorentzako Azoka «beti berezia da». Hori zioen En Tol Samiento (ETS) taldeko abeslariak, Iñigo Echezarretak, zaletuekin argazkiak ateratzen zituen bitartean. «Kontzertuetan jendearen emozioa ikusten dugu, baina ez dakigu zehatz zer pentsatzen duten gure musikaz. Hemen distantzia hori murrizten da, zirkulu bat ixten da nolabait esateko». Pisu bat alokairuan hartu eta «bost egunez hemen izango gara. Poza sentitzen dugu hainbeste urte eta gero horrelako publikoa mantentzeagatik. Aurtengo uda oso berezia izan da eta hartu eman hori mantendu nahi dugu».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión