Ezbaikaria mintegia uztailaren 7tik 10era San Telmo Museoan eta Tabakaleran
Lehen edizioak Mikel Laboaren Lekeitioak ditu oinarri eta Komunikazio-Inkomunikazio erakusketaren aterkipean diseinatu da
«Ikuskizuna baino entzunkizuna», halaxe definitu dute antolatzaileek uztailaren 7tik 10era San Telmo Museoan eta Tabakaleran ikusgai egongo den Ezbaikaria mintegia. Mikel Laboaren Lekeitioak oinarri dituen mintegi hau Tabakaleran ikusgai dagoen Komunikazio Inkomunikazio erakusketarekin lotutako jardueren artean dago. Ezbaikariak lan esparru ezberdinen gurutzaketa proposatzen du, herri kultura eta abangoardien arteko banaketa gainditu eta iraupen luze eta askotarikoak diren kezka formal eta bihurketak azalarazten dituzten artefaktuak baitira
«Ezbaikariak arrazoi argiko autobide irristakorren ordez zalantzaz betetako bidezidorrak jartzeko eskatu du. Bere gerra askatu nahi du. Eta entzun agurearen zuhurtzia, gaztearen herra, kantuaren errima, artistaren gehiegikeria eta astoaren irrintzia», azaldu dute erakusketaren arduradunek lehen edizioari buruz.
Hitzaldiak San Telmo Museoan eta Tabakaleran egingo dira, eta Iñaki Segurola, Beñat Muguruza, Marta Boccos Garcia, Elixabete Ansa Goikoetxea, Hugo Savino, Germán Labrador, Olatz Otalora, Esther Leslie eta Jon Mantzisidor izango dira hizlariak.
Komunikazio-Inkomunikazio erakusketa
Maiatza amaieran aurkeztutako Komunikazio-Inkomunikazio erakusketaren aterkipean diseinatu da Ezbaikaria mintegia. Hark ere Laboaren figura eta lana izan ditu abiapuntu eta abuztuaren 29a arte egongo da ikusgai Tabakaleran. Bi aretotan, nagusian eta Lau Paretan, euskal kantautorearen Lekeitioak oinarri izanda hogeita hamar artista baino gehiagoren lanak bildu dira, besteak beste, Vicente Ameztoy, Joxean Artze, Tarek Atoui, Txomin Badiola, Francisco de Goya, Susan Hiller, Erlea Maneros, Remigio Mendiburu, Itziar Okariz, Olatz Otalora eta José Luis Zumeta.
Noticia Relacionada
Esto no es una exposición de Mikel Laboa
Egitaraua osatzeko Tabakalerako zinema-aretoan Lekeitioak entzuteko aukera izango da udako hilabeteetan Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean..