Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu du Pantailak Euskaraz mugimenduak
Mundu horretan «euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela ikusita», hamar neurri proposatu dituzte Euskal Herri osorako, «arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak» barne
Sábado, 4 de diciembre 2021, 17:10
Euskal liburu eta diskoei ikusgarritasuna emateko sortu bazen ere, sorkuntza eta kulturgintzaren beste arlo batzuetara joan da zabaltzen Durangoko Azoka, eta gaurko gizartean horren eragin handia duen ikus-entzunezkoa ezin salbuespena izan. Ikus-entzunezkoak gune propioa du Azokan, Irudienea, eta bertan aurkeztu du Pantailak Euskaraz mugimenduak 'Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua', euskalgintzako, hezkuntzako eta ikus-entzunezkoen arloko eragile askoren atxikimendua jaso duena. Horrez gain, une honetan pil-pilean dagoen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren tramitazioaren inguruko irakurketa ere egin du.
Publicidad
«Geroz eta anitz eta zabalagoa den ikus-entzunezkoen munduan euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela ikusita, eta egoera honek euskaldunon orainean eta, batez ere, etorkizunean izan ditzakeen ondorio konponezinekin arduraturik, gure hizkuntzan bizi ahal izango garen etorkizun bat ziurtatzeko beharrezkoak diren neurriak» proposatu dituzte manifestua sustatu duten eragileek, gogoratuz indarrean dagoen legediak aipatzen dituela «ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan jasotzeko herritarrok dugun eskubidea eta erakundeek hau bermatzeko duten betebeharra».
Egoera horretatik urrun gaudelakoan, proposatu dituzten hamar neurrien helburu nagusia da «hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, kalitatezko bikoizketa eta azpidatziak indartzea, eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea». Euskal Herri osorako proposatu dituzte neurriak eta, horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko alderdi politiko eta eragileei eskatzen diete «aldarrikapenok bere egin ditzatela eta euskarazko ikus-entzunezkoen industria, gure kultura eta gure hizkuntza dagokien lekuan jartzeko lan egin dezatela»
Hamar neurri
Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea da lehen neurria, ikuspegi askotatik sektore estrategikoa delakoan. Euskal Irrati Telebista indartzea eta hau euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea da proposatzen duten bigarren neurria eta hirugarrena, berriz, «euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako nazioarteko edukiak bilduko dituen» euskarazko streaming plataforma bat sortzea. Horrekin batera eskatzen duten «streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia bermatu eta areagotzea», azken datuen arabera euskaldunon erdiak -hamarretik zortzik gazteen artean- kontsumitzen baitititu euskarak ia presentziarik ez duen plataformetako edukiak. Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dute «Estatuetako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrietan eragitea euskararen presentzia bermatzeko, euskarari gutxieneko kuotak ezarriz, bai euskarazko ekoizpenerako bai katalogoan euskarara bikoiztu eta azpidatzitako eduki kopuruan». Netflix, HBOmax, Disney+, Amazon Prime Video eta gainontzeko plataformetan bermatu beharko lirateke euskarazko edukiak, «beharrezkoak diren neurriak hartuz»
Zinemaren Lege propioak sortzea, bideo-jokoetan zein sortzaile-plataformetan eta sare sozialetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea ere bada neurrietako bat. Gainerakoetan bezala, atalez atal daude xehatuta, eta proposamena ere oso zehatza da, arlo bakoitzerako neurriak proposatuz.
Publicidad
«Arloa bere osotasunean legez arautuko duten Ikus-entzunezkoen Lege propioak sortzea» beharrezkoa ikusten dute, «eskumen hori duten lurralde administrazioetan». Lurralde-administrazio bakoitzean ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea da bederatzigarren neurria, «Kontseilu horren ardura bereziki euskaldunon hizkuntza eskubideak betetzen direla gainbegiratzea» izango dela gehituz. Azkenik, eskatzen dute Espainiar eta Frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea. «RTVE eta Groupe France Télévisions diru publikoz finantzatzen diren irrati-telebista taldeak izaki, estatuetako hizkuntza aniztasuna euren programazioetan bermatu dezatela eta edukiak euskaraz eskaini ditzatela eskatzen diegu.
Eragile askoren atxikimendua
Atxikimendu zabala lortu du manifestuak, honakoak direlarik horrekin bat egin duten eragileak: AEK, APIKA ikus-entzunezko produktoreen elkartea, Bertsozale Elkartea, Biuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea, Bilboko Kafe Antzokia, Disney Plus + Euskaraz ekimena, EBI Elizbarrutiko Ikastetxeak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, Ene Kantak taldea, Euskal Encodings ekimena, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, EPE/APV Euskal Produktoreen Elkartea, Game Erauntsia elkartea, Hekimen euskal hedabideen elkartea, Ibaia ikus-entzunezkoen euskal ekoizle burujabeen elkartea, Ikastolen Elkartea, Izarkom Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa, Kantu Kolore taldea, Katxiporreta elkartea, Euskalgintzaren Kontseilua, Kristau Eskola, Lanartea euskararen langile profesionalen elkartea, Napar ikus-entzunezkoen ekoizpen naparra, Netflix euskaraz ekimena, Sortzen eskola publiko berriaren aldeko elkartea, Tinko Euskara elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, 3000Twitz ekimena, UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitatea, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, ZINEA.EUS ataria, Zinemak Euskaraz ekimena eta Zukugailea elkartea.
Publicidad
Pantailak Euskaraz ekimenak, gainera, adierazi du mugimendua osatzen duten Disney + euskaraz, Netflix euskaraz, Zinemak euskaraz, eta 3000Twitz kanpainek 30.200dik gora sinadura jaso dituztela, gaur egunera arte.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión