Borrar
Euskaltzaindiako ordezkariak Zangozako ikastolako komunitatearekin. Euskaltzaindia
Nafarroa Oinez

Euskaltzaindiako ordezkariak Zangozako ikastolan izan dira bisitan

Urriaren 20an laugarrenez antolatuko du eskualdeko 13 herritara zabaldu den ikastolak Nafarroa Oinez festa

A. Urbieta

Donostia

Igandea, 22 iraila 2024, 20:24

Comenta

Ohi duen legez, Euskaltzaindiak aurten ere bisitatu du Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastola. Zangozako ikastolari egokitu zaio 2024ko jaialdiaren antolakuntza eta bertan izan dira aste honetan Akademiako ordezkariak.

Herrira iritsi bezain pronto udaletxean batzartu ziren Zuzendaritzako kideak eta ondoren, ikastola osatzen duten udaletako kideek eta tokiko mankomunitateko ordezkariek harrera egin zieten euskaltzainei. Ordezkarien artean izan zen Javier Solozábal Zangozako alkatea, Carlos Arecelus Zangozako ikastolaren lehendakariarekin eta Nagore Telletxea zuzendariarekin batera.

Solasaldi eta opari-trukearen ostean –tartean, Sixto Jimenez historialariaren Zangozaldea: ibilbide historiko bat liburua–, ikastolara hurbildu ziren Euskaltzaindiaren ordezkariak, eta bertan ikasleekin eta irakasleekin mintzatu ziren. Ikasgeletako bisitak bukatu eta jolastokira atera ziren denak; bertan, ikastolako zenbait ikaslek potxa edo babarrun-zakuto bana oparitu zieten euskaltzainei. «Eskertu egin behar diogu ikastolari euskararen alde egiten ari den guztia. Hain zuzen, beraiei hauspoa ematera etorri gara», adierazi zuen Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkari Sagrario Alemanek.

Urriaren 20an 'Piztu' leloarekin

Urriaren 20koa Zangozako ikastolak antolatzen duen laugarren Nafarroa Oinez izanen da. 'Piztu!' da hautatu duten leloa eta, antolatzaileek azaldu dutenez, aditzaren adiera guztiekin jostatu nahi da, ekimenaren lau helburu nagusiekin bat egiteko. Piztu (sustatu) kalitatezko hezkuntza, eta, aldi berean, euskarari bultzada ematen jarraitu. Piztu (suspertu) auzolana, piztu (sortu) baliabideak, eta, amaitzeko, piztu energia garbien etengailua (piztu irudimena energia aurrezteko). Horrela adierazi dute behin eta berriz ikastolako arduradunek.

Guztira, hiru Nafarroa Oinez antolatu dira aurretiaz Zangozan. Lehenengoa, 1987an, egungo ikastolaren eraikina sortzeko baliatu zena. 1998an egin zenari esker, erreformak egin ziren, eta 2005ean Haur Hezkuntzako eraikina altxatu zen. Beraz, urriaren 20an ospatuko dena laugarren Nafarroa Oinez izango da udalerrian.

Aurten, 45 urte beteko ditu Zangozako Ikastolak, eta jada ez da herri bakarreko proiektua, eskualdeko 13 herrira zabaldu den ekimena baizik. Horrela, 59 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osatzen dute Ikastola.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaltzaindiako ordezkariak Zangozako ikastolan izan dira bisitan

Euskaltzaindiako ordezkariak Zangozako ikastolan izan dira bisitan