Borrar
54. Durangoko Azoka

Euskaldunen eta eskoziarren arteko elkarrizketa musikatua

'Throwing voices' nazioarteko proiektuan Uxue Alberdi eta Ciara MacLaverty idazleek hartu dute parte

NAHIKARI CALVO

Asteazkena, 4 abendua 2019, 13:18

Comenta

Objektu bakar batek mila interpretazio izan ditzake. Imajina seik... Era horretan eman zitzaion hasiera 'Throwing voices' nazioarteko proiektuari. Uxue Alberdi idazle eta bertsolaria igorle Euskal Herritik. Bere etxean, euskaraz gutunak idazten. Kantauri itsasoaren beste aldean, berriz, har­tzailea, beste emakume idazle bat: Ciara MacLaverty, Eskozian. Uxuek bere izebak oihal-zati desberdinez osatutako tapiz zati bat bidali zion, poemaz eta bestelako literatur testuz lagundurik, Ciarak irakurri eta interpretatu zitzan.

Orain Ciararen txanda da: pasaporte eskoziar bat Euskal Herrira bueltan, gaelikoz idatzitako poema batekin. Horrela sei aldiz, ideiak, pentsamenduak eta sentimenduak elkar trukatzen. Ondorioz, elkar ezagutzen ez zuten ziren jatorri ezberdineko bi idazle hauek uste baino harreman sendoagoa eratzen hasi ziren.

Uxue Alberdiren esanetan, esperientzia «benetan ederra» izan da eskutitzak beste jatorri bateko eta beste hizkuntza bateko sor­tzaile batekin trukatzea. Halere, 'Throwing voices' proiektua haratago doa, eta emozioz beteriko ikuskizun bihurtu zuten udan Edinburgoko 'International Book Festival' izeneko liburu azokan.

Igandean, errezitaldia

Bidalitako testu eta poemekin errezitaldia egin zuten bertan Alberdik eta eta MacLavertyk, Rachel Newtonen harparen doinu gozoek lagundurik. «Polita bai, baina gogorra ere izan zen. Bi egun izan ginen entseatzen sei edo zazpi orduz, lanean geratu gabe, oso sakona izan zen. Horrek, azken finean, Ciararen eta nire artean harreman berezia sendotzen lagundu zuen», azaldu du Alberdik.

Datorren igandean, abenduaren 7an, Euskal Herriko kultur plazarik handienean, Durangoko Azokan, errepikatuko dute emanaldia. «Oso ikuskizun hunkigarria izan zen, ziur Durangon ere horrela izango dela», aurreratu du Uxue Alberdik. Zoritxarrez, Ciara MacLavertyk ezin izango du bertaratu «arazo pertsonalengatik» ezinezkoa zaiolako. Oraingoan, beraz, hirukote hau bikote bihurtuko da Landako Gunean kokatutako Areto Nagusian. «Pena da Ciara ezin etorri izana, halere goraipatzekoa da Rachel-en lana, bere musikarekin performance oso berezia egiten du», aitortzen du Alberdik.

Bertan egingo duten emanaldian, Uxuek berak igorritako eskutitzak izango ditu eskuan, denak «gurekin edo gure kultura edo hizkuntzarekin lotutako objektuak, gure izaeraren sinbolo bat izango balira bezala aukeratuak». Ildo horretan, beraz, euskaldunak oihalaz gain, ia ehun autoreren poemen zatiekin sortutako poesia eder bat, aterki irudi bat euriari buruzko literatur testu bati lotua eta orain dela gutxi argitaratu den zulo beltzaren argazkia igorri zion Ciarari, kon­tzientziaz edota oroimenaz ari zen testu sakon batez lagundurik.

Etxepareren eskutik

'Throwing voices' egitasmoa 'Scot­land Goes Basque' Etxepare Euskal Institutuak Eskozian sustatutako proiektu kulturalaren barnean kokatuta dago. Pasa den abuztuan, programa horren bidez euskal sorkuntza eta kultura garaikidea mundu mailan koka­tzeko eta erakusteko leihoak sortu zituen Etxeparek prestigio handiko nazioarteko jaialdietan. «Lehen aldia izan da hainbat diziplinatan, toki berean eta batera, horrelako programa bat sustatzen dugula. Aste oso oparoa izan zen, eta oso pozik gaude emaitzarekin», aditzera eman du Imanol Otaegik, Etxepareko kultura sustatu eta hedatzeko zuzendariak.

Eskoziako hiriburura gerturatu ziren 48 euskal sortzaile, bakoitza bere lana aurkezten. Haien artean, besteak beste, Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak aritu ziren, Uxue Alberdiz gain. Azken honek aitortzen duenez, Eskoziakoak gehigarri bat zeukan horrelako beste egitasmoekin alderatuz, «hemen denok geunden parean, mundu osotik etorritako sortzaileek eta hizkuntza bakarreko hiztunek aukera izan genuen hizkuntza ezberdinetako aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko», arrazoitu du.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskaldunen eta eskoziarren arteko elkarrizketa musikatua

Euskaldunen eta eskoziarren arteko elkarrizketa musikatua