Euskal antzerkigintzaren ikuspegi zabala Ganbila.eus atarian
Euskaraz sortutako teatro testuak, hemeroteka, ikus-entzunezkoak eta Ganbila bildumako paperezko edizioak topatu daitezke EHAZE elkartearen eta Susa argitaletxearen arteko lankidetzatik sortu den gunean
Jueves, 25 de agosto 2022, 12:58
Ikuspen gutxiko tokietan jarri ohi dira ispilu ganbilak, bestela bistatik at geratuko liratekeen uneak ikusarazteko. EHAZE antzerkizale elkartea eta Susa argitaletxea elkarlanean garatzen ari diren Ganbila proiektua ere hori ari da lortzen: euskarazko antzerkiari ikusgarritasun handiagoa ematea, bai izen bereko bildumaren bitartez -2019az geroztik, eta Oier Guillanek koordinaturik, sei bat liburu argitaratzen dituzte urtean-, baita Ganbila.eus euskal antzerkiaren atariaren bidez ere.
Publicidad
Azken hori berritu egin dute, euskal antzerkigintzari agertoki zabala eskaintzeko moduan. Izan ere, «euskaraz sortutako teatro testuak, kritikak, kronikak, erreportajeak, elkarrizketak, ikus-entzunekoak eta Ganbila bildumako paperezko edizioak» topatu daitezke bertan.
Teatro testuei dagokien atalean aurretik argitaratutako 153 obra irakur daitezke oso-osorik. Kopurua ez ezik, hartzen duen garaia ere garrantzitsua da, euskal antzerkigintzaren 50 urteko emaitza jaso baita. Lourdes Iriondoren 'Martin Arotza eta Jaun Deabrua' eta 'Sendagile maltzurra', Gero-k 1973an argitaratuak, dira kronologikoki lehenengo biak, eta hirugarrena da Bernardo Atxagaren 'Antzerki minimum bat' (Panpina Ustela, 1975). Berrienak, berriz, aurten bertan argitaratu diren Ana Labaka Mayoz eta Beatriz Egiazabal Ollokiegiren 'Erradikalak gara' eta 'Erradikalak ginen' eta Mikel Gurrearen 'Soka' dira, denak ere Ganbila bilduman argitaratuak. Etengabe handitzen doan Hemeroteka atalean -ostegun honetan, 889 artikulu daude- antzezpen eta liburu kritikak, analisiak, errportajeak eta elkarrizketak jaso dituzte.
Ikus-entzunezkoek atalak, berriz, 41 antzezlan osorik ikusteko aukera eskaintzen du. 78 teaser edo aurkezpen bideo labur eta zenbait obraren zatiak ere ikus daitezke atal horretan. Osorik dauden antzezlan ia denak mende honetakoak dira. Osorik sareratu dituzten azkenak plazaz plazako ibilbidea amaitu duten Artedrama-ren 'Atzerrian lurra garratz', eta Axut-en 'Amua' dira. Aspalditxoko harribitxi bat ere ikus daiteke: 1990eko 'Ama begira zazu'. Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean, Euskal Herriko antzokiak bete zituzten antzezlan horrekin Kontxu Odriozolak, Elene Iruretak, Joxe Ramon Soroizek eta Mikel Garmendiak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión