«Errealitateei beste perspektiba batzuetatik» kantatuko diete Iruñeko Bertso Egunean
Hilaren 13an Gayarre antzokian egingo den emanaldirako sarrerak salgai daude, aretorakoak zein internetez ikustea ahalbidetuko dutenak
Asteazkena, 3 otsaila 2021, 18:01
Bigarrena izan behar zuen, baina aurrenekoa izango da hilaren 13an Iruñeko Gayarre antzokian egingo de Bertso Eguna, urtarrilaren 30erako Hazparnen iragarrita zegoena bertan behera geratu baitzen osasun egoeraren ondorioz, Lapurdin indarrean dauden neurriekin ezinezkoa baita bertso saiorik egitea. Hori dela eta, maiatzaren 22ra arte atzeratu dute Hazparneko saioa. Bien artean Getariakoa egingo da, martxoaren 27an, Balenciaga Museoan.
Baliteke hamar egun barru lurraldeen arteko mugikortasunak mugatuta jarraitzea, baina hala ere edonork jarraitu ahal izango du Iruñeko saioa, internet bidez ere eskainiko baita, zuzenean. Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, salgai daude sarrerak; bai antzokirakoak, baita online saioa jarraitzeko modua ematen dutenak ere.
Saioari dagokionez, Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan Gayarren, 18:00etan hasita, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen esanetara. Eneko Lazkoz eta Oihane Perea bertsolariek ere hartuko dute parte emanaldian.
Aurreratu dutenez, «protagonistek, lekuak, testuinguruak eta bestek, izango du zeresanik Bertso Egunean». «Errealitateei beste ikuspuntu edo perspektiba batzuetatik kantatuko diegu. Abiapuntuak egiten baitu gaia, kantatzeko hautatu dugun lekuak aldatzen baititu esanahiak, kolektiboan aritzeak aldatzen baitu bakarka marraztu dugun errealitatea» aurreratu du aurrelanean aritu den Saioa Alkaizak.
Antzokirako sarrerak bertako webgunean daude eskuragai, 12 euroren truke; 9 eurotan izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek. Aretora joan gabe, internetez zuzenean ikusi nahi duenak ere izango du aukera. Horretarako ere sarrera hartu behar da, baina bertsosarrerak atarian: 5 eurotan eskuratu ahal izango dira sarrerok, eta 3 eurotan izango dituzte bazkideek. Behin sarrera erosita, internetez nola jarraitu azaltzeko argibideak bidaliko zaizkie zaleei.