Emakumeen presentzia indartsuarekin abiatu da Erriberriko Antzerki Jaialdia
Hilaren 31an amaituko den jaialdia bi emakume bilbotarrek zuzentzen dute aurtengo ediziotik aurrera: Ane Pikaza aktore, artista eta ilustratzaileak eta María Goiricelaya zuzendari, aktore eta dramaturgoak
n. azurmendi
Larunbata, 16 uztaila 2022, 15:12
Ostiral honetan abiatu eta hilaren 31ra arte luzatuko den Erriberriko Antzerki Jaialdiak berezkoa du tokatzen zaizkion garaietara egokitzeko gaitasuna, etapa guztiak batuta burutu duen 41 urteko ibilbidean erakutsi duen moduan. Izenez aldatu du, arduradunez, estiloz, baina Nafarroako kultur hitzordu nagusia izaten jarraitzen du. 1981an egin zen aurreneko edizioa, 'Festivales de Olite' izenarekin, 'El Lebrel Blanco' konpainiaren eta antzerkiaren inguruko beste hainbat ekimenen sustatzaile Valentín Redín zenaren (2010ean hil zen, 66 urterekin) zuzendaritzapean. Udako jaialdi gisa jaio zen Olitekoa, askotarikoa programazioaren aldetik eta anbizio handikoa. Bigarren edizioan, esaterako, Lindsay Kemp-en konpainia, Alicia Alonsoren Kubako Ballet Nazionala, Marcel Marceau mimoa edo José Luis Gómezen 'Edipo rey' ikusi ahal izan ziren 3.000 biztanletara iristen ez zen herri batean...
Oliteko Jaialdia Nafarroakoa bilakatu zen hiru urteren buruan, eta 'Festivales de Navarra' izenpean beste herri batzuetara hedatzen jasi hasi zen, formatu horretan moteltzen joan arte. 1999an itzuli zen ekimena herrira, 'Festival de Teatro Clásico de Olite' izenarekin. Beste jauzi garrantzitsu bat egin zuen aurrerago, Erriberriko Antzerki Jaialdia/Festival de Teatro de Olite bilakatuta. Aurtengo edizioak, azken eraldaketa handiaz geroztiko 23.ak, berritasun nanarmenak dakartza, aurreneko aldiz zuzendaritza kolegiatua izango baitu, bi emakumeren artean partekatua: Ane Pikaza (Bilbo, 1984) aktore, artista eta ilustratzailea eta María Goiricelaya (Bilbo, 1983) zuzendari, antzerkigile eta aktorearen artean.
Emakumeen ekarpena
«Erriberriko Antzerki Jaialditik eguneroko errealitateari eta inguratzen gaituen munduari buruzko begirada sutsua eta konprometitua partekatu nahi dugu gurekin egon nahi duten guztiekin», idatzi dute edizio honen aurkezpenerako zuzendari berriek, «belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen dien jaialdia» izango dela aurreratuz, «espazio libre, bizi eta aldakorra».
Zuzendaritzan ez ezik, agertoki desberdinetan aurkeztuko diren proposamenetan ere presentzia indartsua izango dute emakumeek, programatutako 22 ikuskizunetatik 11 haiek sortu, idatzi edo zuzendu baitituzte. Horietatik, «bederatzi Nafarroako konpainienak dira; bi, nazioartekoak; bat, inklusiboa; eta beste bat euskaraz, familiei zuzendua». Antzerkiaz gain, musika, dantza eta zirku ikuskizunak izango dira. Guztira 28 emanaldi eskainiko dira, eta horiei gehitu behar zaizkie bi Egonaldi, bakoitza bi erakustaldirekin. Baita 'Erriberriko Esperientzia' desberdinak ere: bi musika-talde, audioz gidatutako bisita bat Erriberriko kaleetan barrena eta goi-mailako zirku-pieza bat.
Karlos III.aren Plazan aurkeztu zen 'Marabunta' ikuskizunarekin eta La Cava-n antzeztu zen Centro Dramático Nacional-en, Açafrão Producciones-en, El Silencio Teatro-ren eta Iria Producciones-en arteko ekoizpena den 'La panadera'-rekin abiatu den jaialdiak indarra hartuko du asteburuan.
Larunbatean, esaterako, edizio honetako euskarazko ikuskizun bakarra eskainiko da 19:00etan Tafalla Kulturgunean: 'Ilargiaren atzean' antzezlana, Maialen Díazek idatzia, Virginia Cerverak zuzendua eta Malaspulgas-ek ekoitzua
Igandean, uztailak 17, protagonismo berezia izango dute Agurtzane Intxaurragak eta Hika Teatroa konpainiaren azken proiektuak. Izan ere, Josi Alvaradoren testuan oinarrituta Intxaurragak egokitu eta zuzendu duen 'La Tarara' antzeztuko da 22:00ean La Cava-n. Aurretik, eguerdiko 13:00etan, 'La panadera'-ren egile eta zuzendari Sandra Ferrús eta Agurtzane Intxaurraga bera, Daniel Galindo, Machús Osinaga eta Raúl Losánezekin batera, 'Emakumeak eta eszena' gaiaz arituko dira.