Emakumeak gehiengo Illunbeko finalean
Zortzi sailkatuak ·
Hiru finalista berri eta lehenengo aldiz bost emakume izango dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean datorren 14an DonostianLehenengo aldiz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan emakumeak gehiengo izango dira finalean. Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Elustondo, Ane Labaka eta Eneritz Artetxe finalerako sailkatu dira. Lehenengo biek, gainera, pasea zuzenean lortu zuten jokatutako finalaurrekoak irabazi ondoren, Arrasaten igandean Iguaranek, eta Zarauzko saioan Alaia Martinek azaroak 26an. Beñat Gaztelumendik eskuratu zuen Illunberako lehen txartela Oiartzunen jokatu zen lehenengo finalaurrean puntuazio altuena lortu ondoren. Gainerako bertsolariak puntuazioz sailkatu dira. Honela, aipatutakoez gain, Andoni Rekondo eta Aner Peritz ere izango dira datorren larunbatean, hilak 14an, Illunbeko saioan. Aipatzekoa azken sailkatuen artean izan den lehia estua, izan ere Maider Arregi oñatiarra finaletik kanpo geratu da 511 punturekin, zortzigarren sailkatuak baino puntu bat gutxiagorekin.
Finalean ikusiko den irudia emakumeek bertsoaren munduan parekidetasuna lortzen ari direnaren seinale izango da. Baina badago beste tendentzia bat agerian geratuko dena: gazteak bultzaka datozela. Illunbeko finalean 25 urte azpiko bi bertsolari izango dira: Andoni Rekondo hernaniarra (1999an jaioa) eta Aner Peritz zarauztarra (2002an jaioa). Bien artean erabakiko da nork eramango duen 25 urte azpikoentzat jokoan egongo den saria.
Finalistak
Beñat Gaztelumendi Arandia.
Añorga, 1987. Gipuzkoako txapeldun azken bi edizioetan (2015ean eta 2019an) eta txapeldunorde 2007an eta 2011n.
Alaia Martin Etxebeste.
Oiartzun, 1987. Gipuzkoako txapelunorde izan zen 2015ean eta hirugarren postua lortu zuen 2011n eta 2019an.
Nerea Elustondo Plazaola.
Legazpi, 1981. Laugarren postuan sailkatu zen 2019ko Gipuzkoako Bertsolari txapelketan.
Ane Labaka Mayoz.
Lasarte-Oria, 1992. Idazlea ere bada eta 2019ko Gipuzkoako txapelketan finalista izan zen.
Eneritz Artetxe Eizagirre.
Azkoitia, 1990. Irakasle da Gipuzkoa Bertsozale Elkartean. Bere lehen finala izango da aurtengoa.
Oihana Iguaran Barandiaran.
Amasa-Villabona, 1991. 2011n hartu zuen lehenengoz parte Gipuzkoako Txapelketan eta 2015ean finalista izan zen.
Andoni Rekondo Izagirre.
Hernani, 1999. Zenbait gazte sariketetan hartu du parte. Bere lehenengo finala izango da Gipuzkoako Txapelketan.
Aner Peritz 'Euskitze'
Zarautz, 2002. Eskolartekoetatik hasi eta sari ugari jaso ditu zenbait sariketetan. Lehenengo finala jokatuko du.
Rekondo duela bost urte hasi zen bertsotan Kontrakantxa gaztetxeko eskolan, eta orain Hernaniko bertso eskolan aritzen da. Zenbait gazte sariketetan hartu du parte, eta 2022an bigarren izan zen Lizardi sariketan, bertso onenaren saria lortuta. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean lehen aldiz izango da, baita Aner Peritz 'Euskitze' ere. Zarauztarra (Xabier 'Euskitze' bertsolariaren semea), bere herriko Motxian-Etxebeltz bertsogunean hasi zen 2015an. Ordutik, sari ugari jaso ditu, bat-batean zein bertsopaperetan. Gainera, bertsoa oinarri duten ikuskizun bereziak ere ondu ditu.
Bi bertsolari gazteak ez dira bakarrak izango estreinakoz finalean izango direnak. Eneritz Artetxe azkoitiarra ere lehenengo aldiz sailkatu da finalean aritzeko. Hamar urterekin hasi zen bertso eskolara joaten, eta ordutik bertsolaritzaren mundutik ez da urrundu. Irakasle lanetan aritzen da Gipuzkoako Bertsozale Elkartean, baita Erniarraitz Azpeitiko bertso eskolan.
Gainontzeko finalistak
Debuta egingo duten hiru bertsolariek txapelketan eskarmentua duten bost finalista izango dituzte alboan. Horien artean, azken bi edizioetan (2015ean eta 2019an) txapela jantzi duen Beñat Gaztelumendi. Bosgarren finala izango da añorgarrarentzat eta jarraikako hirugarren garaipena lortzen saiatuko da. Aurtengo txapelketan jokatu diren hiru finalaurrekoetan puntuazio altuena lortu duen bertsolaria izan da (560,5). Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatua, hainbat bertso eskoletan aritu izan da.
Sailkapen fase horretan nabarmendu den bigarren bertsolaria Alaia Martin oiartzuarra izan da, zarauzko finalaurrekoan garaile eta bigarren puntuazio altuena lortu duena (544,5). Gipuzkoako Txapelketan laugarren finala izango da aurtengoa beretzat, eta aurreko guztietan hiru lehenengoen artean sailkatzea lortu zuen. Hirugarren izan zen 2011an eta 2019an, eta txapeldunorde 2015ean. Bertsolari oiartzuarra Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatua da, zinemagintan espezializatua.
Nerea Elustondorentzat, Ane Labakarentzat eta Oihana Iguaranentzat bigarren finala izango da hau. Legazpiarraren kasuan, 2019an laugarren postuan sailkatu zen. Elustondok 2001ean parte hartu zuen lehenengo aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusian eta final erdietara iritsi zen; baita 2013 eta 2017ko Txapelketa Nagusietan ere. Industria Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da eta irakaskuntza du gaur egungo bere ogibidea.
Bertsolaria eta idazlea de Ane Labaka eta hainbat ikerketa ondu ditu bertsolaritza eta genero-ikuspegia uztartuz. Bigarrenez jarraian, Gipuzkoako Txapelketako finalisten artean izango dugu. Baita Ohiana Iguaran, Arrasateko finalaurreko garailea. Hogei urte zituela, 2011an egin zuen debuta txapelketa honetan eta 2015an finalera iristea lortu zuen.
Sei hilabeteko ibilbidea
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik, apirilaren 25an hasi zuten txapelketa 74 bertsolarik eta hilaren 14an bilduko dira zortzi finalistak Illunben, arratsaldeko 17.00etan hasiko den saioan. Udaberrian lurraldeko hainbat herritan jokatu zen Gipuzkoan Bertsotan sailkapen fasea, bi itzulitan. Lehenengotik bigarrenera 48 sailkatu ziren eta horietatik 34k lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela, udazkenean jokatu dena. Hauei 2019ko txapelketan finalaurrekoetan eta finalean sailkatu eta aurtengo txapelketan izena eman zuten bertsolariak batu zitzaizkien.
Apirilean hasi zen ibilbideak, bada, baditu finala jokatuko duten zortzi hautatuak. Guztiekin emango zaio hasiera jardunari Illunben eta puntu gehien metatzen duten bi sailkatuen arteko lehiak erabakiko du zeinek jantziko duen irabazlearen txapela.