2.300 ikusle izan ditu Donostiako Poltsiko Antzerkiaren jaialdiak
Antolatzaileek nabarmendu dute publikoak bikain erantzuten jarraitu duela jaialdia tabernetara itzuli den edizio honetan
Asteartea, 24 maiatza 2022, 19:11
Donostiako kultur etxeek Poltsiko Antzerkiaren 31 jaialdiaren balantze bikaina egin dute, bai hiritarren erantzunagatik, bai antolakuntzari dagokionez. Covid19aren eragina gainditzen ari garen urte honetan, batez beste, 2.300 lagun bertaratu dira antzerkiaz, umoreaz, magiaz, musikaz eta kabaretaz gozatzera maiatzaren 5etik 22ra.
Iazko edizioarekin parekatuta, aurtengoa berreskuratzen ari garen normalitatera begira antolatutakoa izan da. Aurrekoa aldiz, irailera atzeratu eta kanpokaldean kokatutako karpetan egin zen indarrean ziren uneko segurtasun- eta osasun-arauak bermatzeko. Behin osasun egoera hobetuta, Donostia Kulturak auzoetako ostalaritzaren alde egiten jarraitu nahi izan du eta ikuskizunen programazioarekin normalitatea berreskuratzen lagundu.
Aurtengo programazioari dagokionez, betiko moduan bi hizkuntza ofizialen erabilera eta emakumeen presentzia nahiko parekatuak izatea lortu da. Guztira 14 konpainiek 16 ikuskizun eskaini dituzte 34 emanaldietan eta horietatik 17 euskaraz izan dira eta gainerako 17ak, gazteleraz. Emanaldiak hiriko 24 espaziotan banatu dira.
Konpainiek eskerrak eman dizkiote Donostia Kulturari eta ikuslegoari. Antolatzaileei, egungo egoeran sektorearen eta jaialdiaren alde egiten jarraitzeagatik, eta ikusleei, emanaldietara ilusioz itzuli izanagatik.
Era berean, antolakuntzak hiritarrei eskertu nahi die emanaldiei harrera bikaina egin dietelako. Poltsiko Antzerki Jaialdiak beti izan du publiko fidela eta aurten ere hainbat ikusle elkar topatu dira Donostiako kultur programazioan klasikoa den ekitaldian
Amaitzeko, antolatzaileek nabarmendu dute «jaialdi hau Donostiako kultur etxeen eguneroko lanaren adibide argia dela. Izan ere, kultur etxeek bestelako begirada bat ematen diete hiriko kultur programei hiritarrengandik hurbil dauden ekipamenduak baitira».