Ebatzi dituzte Bertsozale Elkarteak eta Mikel Laboa Katedrak deitutako sariak
Bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik aztertzeko ikerketa deialdian parte hartzeko epea, berriz, ostegun honetantxe amaitu da
Ostirala, 18 azaroa 2022, 17:09
Maddi Soroaren 'Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak' gradu amaierako lanak eta Iñaki Viñasprek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Ruben Sanchezek taldean aurkeztutako 'Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina' proiektuak eskuratu dute UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin Bertsozale Elkarteak deitutako ikerketa sariak.
Uztailean deitu zituzten UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Bertsozale Elkarteak GRAL Saria eta Ikerketa Proiektu Saria lortzeko deialdiak; ikerlanak eta proiektuak jasota eta epaimahaiak horiek aztertuta, iritsi berri da ebazpena.
Maddi Soroa Navarroren 'Bertsolariaren formazioan bertsoa sortzeko eta interpretatzeko konpetentzia arloak' ikerlanak irabazi du GRAL saria. Bertsolaritzari buruzko GRAL Sariaren deialdirako lan gehiago ere aurkeztu dira, eta egileen baimenarekin kontsultagarri daude Xenpelar Dokumentazio Zentroan.
'Bertso-eskola Zaballako espetxean: presoen, espetxearen eta bertso mugimenduaren arteko elkarreragina' izena duen proiektuak irabazi du, aldiz, Ikerketa Proiektu Saria. Taldean aurkeztutako proiektua da, eta Iñaki Viñaspre Simon, Izar Mendiguren Cosgaya, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Ruben Sanchez Bakaikoa dira taldeko kide. Urtebeteko epean egin beharko dute ikerlana.
Izan ere beste zenbait erakunderekin elkarlanean ikerketa deialdiak antolatzen ditu Bertsozale Elkarteak, bertsolaritzaren azterketa bultzatzeko: ikerketa kontratuak, proiektu sariak, Gradu Amaierako Lanak saritzeko deialdia,,,
Ostegun honetantxe amaitu da, han zuzen, 'Bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik aztertzeko ikerketa deialdia 2022', Bertsozale Elkartearen eta Euskaltzaindiaren deialdia da hau, Euskararen Akademiak hartu baitu bere gain hainbat urtez Mintzola Fundazioak egindako lana.