Idazle eta ilustratzaile handienak, irakurle gazteenen esanetara
Gaztarora iristean irakurle izaten jarrai dezaten, bilduma berriak sortu dituzte Elkar eta Alberdania argitaletxeek
Zenbakiak ez dira lagunik fidagarrienak literaturaz aritzeko, baina argitzen dute egiaren zati bat, eta zenbakien ikuspegitik esan daiteke liburuei dagokienez haur, nerabeei eta gazteei zuzendutakoek gainerakoek baino azalera handiagoa hartuko dutela, urtero bezala, Landako Guneko erakusmahaietan. Koloretsuagoa ere izango da, jakina.
Publicidad
Haur eta gazteei zuzendutako liburuen inguruan –200 baino gehiago aurten, itzulpenak barne– berezitasun ugari aurki daitezke. Besteak beste, hori da bestela euskarari jaramon handirik egiten ez dioten Estatu mailako argitaletxeen euskarazko 'markek' ustiatzen duten eremua, itzulpenak bultzatuz edo sorkuntza sustatuz.
Haurrei zuzendutako lanak ekarri dituzte aurten, besteak beste, Bernardo Atxagak eta Joseba Sarrionandiak
Euskal Herritik kanpo ere sona handia duten ilustratzaileen presentziarekin batera, beste ezaugarri bat da idazle ospetsuenek irakurle gazteenei zuzendutako liburuekiko duten atxikimendua. Beste askoren artean bi adibide jartzeagatik, aurten haurrei zuzendutako lanak ekarri dituzte Bernardo Atxagak zein Joseba Sarrionandiak. Haurrentzat asko idatzi duen Atxagak, Pamielaren eskutik, Ata Pank eta Ate Punky ahate lotsagabe eta desastre samarren abentura berri bat sortu du –'Ata Pank eta Ate Punky. Desioa'– Mikel Valverde ilustratzailearekin lankidetzan. Umez inguratuta aurkeztu zuen liburua, adieraziz horrekin nahi duela bizi dugun egoerak ezarritako mugak pairatzen ari diren haurrengan barrea, gutxienez iribarrea, eragitea.
Joseba Sarrionandiak Irrimarra bikotearekin batera osatu duen 'Tristura' albuma Ikaselkarren amaitutzat eman duen Kuku! bildumako zati baita. Peru Magdalenak, Karmele Jaiok eta Maite Mutuberriak ere sinatu dituzte aurten haur txikiekin emozioak lantzeko sortu zen bildumako liburuak.
Anjel Lertxundik aspaldiko liburuak berbisitatu ditu aurten. 'Kapitain Frakasa' helduen kasuan, eta 'Tristeak kontsolatzeko makina' haurrentzako literaturaren arloan. Zehazki, 1981ean Ereinek argitaratu zuen liburu hari hasiera ematen zion 'Donostian elefanteak ikusi zirenekoa' ipuina luzatu eta eguneratu du, Antton Olariagarekin batera. Donostiako alkatea ez da ordukoa, baina istorioak berdin-berdin funtzionatzen du.
Publicidad
Haur literaturako klasiko bilakatuta dagoen 'Tristeak kontsolatzeko makina'-ko lehen ipuina berrikusi du Lertxundik
Irakurzaletasunari dagokionez, horren ongi funtzionatzen ez duena da haurtzaroaren eta gaztaroaren arteko trantsizioa, umetan irakurle sutsu izandako askok bazterrean uzten baitituzte liburuak etapa horretan. Nahiz eta zabala –eta bikaina– izan euskaraz haiei zuzendutako eskaintza, beste urrats bat egitea erabaki dute bi argitaletxek, sail berriak sortuz. Hala, Elkarrek #traola bilduma abiarazi du «gazteengan pentsatuz». Jasone Osororen 'Festa', Jordi Sierra y Fabraren 'Malkoak euritan' eta Oihana Iguaranen 'Hormak' dira aurreneko hiru liburuak.
Alberdaniak 'Erria txikota!' bilduma sortu du, gaztetxoak gogoan hartuta. Mitxel Muruak itzuli duen Teresa Caloren 'Aurkituko zaitut' eta Amaia Telleriaren 'Pitzatuta gaude denok!' eleberriak dira bide horretan egin dituzten lehen bi urratsak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión