Durangoko Azoka barrutik
Euskal kulturaren jailadiak gogotsu ekin zion atzo aurtengo edizioari
Nerea Loiola Idazlea
«Irakurleekin sortzen den feed-back-a oso garrantzitsua da»
Eskapu Liburuak bilduma arrakastatsuaren laugarren liburua da 'Oraire' (Erein) liburua, Nerea Loiolaren azken lana eta gaztetxoenen interesa piztu zuena atzo. «Asko gustatu zaie, hori esaten didate, eta feed-back hau izatea oso garrantzitsua da niretzat, horregatik saiatzen naiz ia egunero hemen izaten, ahalegin hori egiten dut». 'Ikastetxean programan' ere parte hartzen du Loiolak, «eta hainbat eskoletako ikasleak ere hurbiltzen zaizkit agurtzera, eta hori ere oso polita da». Baina beste idazleekin elkartzeko gunea ere bada Azoka, «batzuekin urtean behin ikusten naizen lekua da, eta oso interesgarria da beraiekin elkartzea, hitz egitea, elkarren nobedadeak oparitzea...». Lau egun pasata «leher eginda» amaitzen badu ere, «lan ederra» dela aitortzen du.
Publicidad
Yolanda Arrieta Idazlea
«Euskaraz lan egiten dugunontzat hau gure plaza da»
«Hizkuntza txiki batekin lan egiten dugunontzat hau gure plaza da, egon beharreko lekua», eta aldi berean bada ere «soziologia klase» azkar bat Yolanda Arrietaren ustez, «hemen ikusten baita jendeak zer duen gustuko, zer irakurtzen duen eta zer galdetzen duen». Egun hauetan beste idazleekin egoteko aukera izango du, baita hainbat ekitalditan parte hartzeko. Atzo, idazketari buruzko mahai inguru batetan hartu zuen parte Nerea Loiola eta Amaia Egidazu idazleekin, eta iluntzean Olatz Mitxelenarekin izan zen 'Su txikian' liburuaren aurkezpenean. Bihar, 16 elkarrizketaz osatua dagoen 'Lanartea' liburuaren aurkezpenean izango da, bera baita elkarrizkatuetako bat. «Lagun asko elkartzen gara hemen eta irakurleekin ere egoteko aukera dugu, eta hori oso polita eta goxoa da».
Iker Lauroba Musikaria
«Zure lana ezagutzera emateko, Azoka egon beharreko lekua da»
Lehenengo aldiz Iker Lauroba musikariak bere erakusmahaia du, eta lau egunak «goiz eta arratsalde» bertan igaroko ditu. Helburuen artean, jendeak bere azken diskoa, 'Bosgarren solaiturik', ezagutzea, «eta denbora bat pasatzen denean gustatu zaiela esatea», zioen atzo. Hala ere, azken urteetan beti izan da Azokan musikari lagunen alboan, eta ilusio bereziarekin bizi ditu egun hauek. «Jendeari artistarekin egote horrek ilusioa egiten dio eta hori guretzat ere ilusionagarria da». Durangokoa topaleku handia da euskal sortzaileentzat, «egon beharreko lekua da zure musika zabaldu nahi baduzu». Artista «txiki» bezala definitzen da, horregatik salmentak baino, parte hartzeak du garrantzia berarentzat, «eta musika munduan ditudan lagunekin egotea».
Aitziber Jiménez de Aberasturi Katakrak argitaletxeko kidea
«Urtean zehar egindako lana sozializatzen dugu»
Jende eta lagun asko topatzea espero du Katakrak argitaletxeko kide den Aitziber Jiménez de Aberasturik, «jende askorekin elkartzen zara eta sarea eraikitzen da hemen». Azokan parte hartzeak «balio erantsi bat» ematen duela uste du, eta gainera «gure kasuan, Iruñeatik atera eta euskaraz argitaratzen duten beste eragileekin batzea suposatzen du, azken finean, urtean zehar egiten dugun lana sozializatzen dugu hemen». Hamaika nobedade aurkezten ditu argitaletxeak bere erakusmahaian, eta denen artean Amaia Astobizak euskarara ekarritako 'Rosa Park. Nire istoria' liburuak arrakasta izango duela uste du, eskubide zibilen aldeko mugimenduan aintzindari izan zen emakume honen autobiografia, «oso modu goxoan idatzia eta itzulia dagoena».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión