Borrar
Lurdes Iriondo, promozioko irudi batean. Musikaz harago lan gehiago egin zituela ekarri dute argitara. Argazkiak Bi Tanta

Ez Dok Amairutik at Lurdes Iriondo bat ere izan zelako

Artista hil eta 20 urtera ikus-entzunezko eta liburu banak haren ibilbide luze eta oparoa eta euskal kulturari egindako ekarpenak aldarrikatu dituzte

Jon Agirre

Donostia

Igandea, 21 iraila 2025, 00:41

Comenta

Hutsune», gabezia, «zor bat»... Era askotara defini daiteke euskal gizarteak Lurdes Iriondo (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005) idazle, abeslari, musikari eta «artista polifazetikoarekin» zuena, azken urteotan hainbat ekimenek ohartarazi dutena eta zenbait proiekturen bidez, batez ere, «aldarrikapen eta aitortza» modura, kitatu nahi izan dena. Zerrendan batu dira aurten Inge Mendioroz eta Idoia Garzesek ondu duten 'Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako' dokumentala, Zinemaldiako Zinemira saila irekiko duena, eta Jon Martin-Etxebestek idatzitako 'Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa' ikerketa-liburua. Biek donostiarraz zabaldu den irudi ohikoa, ia klixea, gainditzen lagundu nahi dute, haren ondarea «askoz zabalagoa» zela. Zerrendara batzen azkena Gipuzkoako Foru Aldundia izan da, berriki iragarri baitu 2025eko Urrezko Domina donostiarrarentzat izango dela. Haren heriotzaren 20. urteurrena baliatu nahi izan dute euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpena aitortzeko.

Horixe da, hain zuzen, Mendioroz eta Garzes zein Martin-Etxebesteren lanen funtsa. Galdera bat dute hiruek hasieran, «zergatik duten [Ez Dok Amairuko] kide batzuek aitortza eta besteek ez». Gizarteko matxismoa aipatzen dute arrazoien artean eta hainbat alor «isilaraziak» izan zirela eta direla. Hala piztu zitzaion Mendiorozi dokumentalerako bulkada, «artikuluak irakurtzean beti gauza bera, klixeak» aipatzen zirela ikustean: Ez Dok Amairuko «emakume abeslari bakarlari bakarra» zela –hala dio talde mistoak ere bazirelako–; hari buruz saltzen zen irudi ia klixea, «Euskal Herriko nobia, Ez Dok Amairuko musa, beti polit, eder eta xalo, minigonarekin, ile luzea...»; 1972 eta 1978 bitarteko urteak soilik aipatzen zirela eta direla, «bukaeratxo batean, esaldi pare batean» aipatzen zela idazten zuela edo antzerkia «zer edo zer» egin zuela. «Hala izan da azken hamar urteak arte-edo». Bereziki amorrarazten du Garzes sexualizazioak, «nola oroitzen zaigun» artista. «Ez Dok Amairuren sorreran bera da bultzatzaileetako bat, [Xabier] Leteri ireki ziona aukera. Ez zen idazkari hutsa, aurpegi polita. Hainbat lan egin zituen euskal kulturaren alde», aldarrikatzen du. Hala jasotzen du Martinek ikerketan eta XXI. mendean presente dela erakusten du 1970eko eta osteko joera hura Jasone Osororen 'Arrakasta' (Elkar, 2023) liburuak jasotzen dituen Izaroren bizipenekin lotuz.

Hari horri tiraka, 1978 osteko aroaz ñabardura berehala egiten dute Mendioroz eta Garzesek. «Oholtzatik erretiratu zen, ez bizitza publikotik. Eta ez da aitzakia nahikoa errekonozimendurik ez egiteko». Hala, ikus-entzunezkoan «euskal kulturaren transmisioaren garai gogor horietan eta ostean ale handia» jarri zuela ekarri nahi izan dute argitara. «Bisionaria bat izan zen, aitzindaria, bidegilea», aldarrikatzen du Garzesek. Dokumentalean, hori bai, lehen unetik oso argi izan zuten euren ahotan ez zutela ezer jarri nahi. Hein batean erronka izan da eta buruhausteak ekarri dizkie, materiala eskasa delako. «Ez daukagu Lurdes Iriondo elkarrizketa batean eta hori desabantaila bat izan da». Arrazoi batzuk agerikoak dira, esaterako zuzenekoak ez zirela grabatzen errepresio edo espetxe beldurrez edo Iriondok ez zuela adierazpen askorik egin. Baina baita material asko, eskoletarako egin edo grabatutakoa –Benito Otsoa eta antzerako lanak– galdu direla.

Hitzak ardatz

Txanponaren beste aldean, Mendiorozek esan bezala, haren «hitzak ditugu», letrak, kantuak edo idatzitakoak. «Lurdesek berea botatzen du eta elkarrizketatuek bere printza ematen dute. Hausnarketa ikusleak egin dezala». Hartarako, «azkura» hori sortzeko, galderekin jolastu dute. Zein? «Hobe da jendeak ikus ditzan». Arakatze lan horretan, era berean, segituan ikusi zuten «askoz lehenago hasi eta askoz lehenago amaitu» zuela ibilbidea. Horren adibide dira lan batean zein bestean jasotako datuak: 1964an egin zuen lehen agerraldia, 1965ean 50 kantalditik gora eman zituen, 1966an 170 emanaldi izan ziren eta 1967an kaleratu zituen lehen bi diskoak Belter diskoetxearekin.

Ez da hautsi nahi duten estereotipo bakarra. Bihotzeko eritasuna zela-eta maiz aipatu da «hauskor» bezalakorik, baina «indartsu eta ausartzat» dute eta adibide modura ematen dute 1967an 'Zeruko argia' aldizkarian kaleratutako 'Euskalerriko eskaleak' artikulua, kultura esparruan jardunean ari zirenen profesionaltasuna aldarrikatuz edota 1977an bere ibilbidea deskribatzeko lehen pertsonan idatzitakoa.

Lurdes Iriondo haren azken argazkietako batean. Inge Mendioroz eta Idoia Garzes dokumentalgileak. Dokumentaleko kartela.
Imagen principal - Lurdes Iriondo haren azken argazkietako batean. Inge Mendioroz eta Idoia Garzes dokumentalgileak. Dokumentaleko kartela.
Imagen secundaria 1 - Lurdes Iriondo haren azken argazkietako batean. Inge Mendioroz eta Idoia Garzes dokumentalgileak. Dokumentaleko kartela.
Imagen secundaria 2 - Lurdes Iriondo haren azken argazkietako batean. Inge Mendioroz eta Idoia Garzes dokumentalgileak. Dokumentaleko kartela.

Ez Dok Amairu osteko aroan egindako lana, «bereziki transmisioan» maiz aldarrikatzen dute hitzartzean. Besteak beste Zazpiribai taldean, Lete eta Valverde edo Pantxoa eta Peiorekin egindako kantaldiak, haurrentzako egindako musika, kantu disko edo antzerkiak, Egape ikastolan laguntzaile aritutakoa eta han sortutako antzerki taldea, etab. Hain zuzen, aro horretan ondu zuen 'Asto baten malura' (1975, Gero) «liburuxka» –ez baitira definizioan oso ados jartzen–, lehen bistazoan haurrentzat dirudiena baina geruza asko dituena eta, hein batean, «identifikazio handia» duena Ez Dok Amairurekin eta garaian egon zen «kultur eferbeszentzia» osoarekin: asto bat duen baserritarraren semeak furgoneta erosten du eta animaliari zer gertatuko zaion haren ikuspegitik kontatzen da. «Taldeak tradiziotik asko edaten du baina garai berri baten aurrean daude eta horri erantzuna eman behar diote kulturari dagokionean. Eta astoa [baserrian] tradizioa da, garai berriari erantzun behar dio».

Elkarrizketa «indartsuak»

Dokumentazioarekin, aurkitutako artikuluekin, familiak emandako dokumentu eta audioekin eta, batez ere, egindako zortzi elkarrizketekin, «emakume oso potenteak», lanak izan dituzte sinplifikatu eta «josteko», baina oso pozik dira emaitzarekin. Bizkarrezur modura dute 'Gaualdi' deitu daitekeen emanaldi edo kontzertua, Patxika Erramuzpek aipatu ziena. Hartan «Estibaliz [Robles-Arangiz], Lurdes eta Maite [Idirin] omendu zituzten, haien kantak eta biografia laburrak» uztartuz. Omenaldi hark, diote, zilegitasuna» eman zien Mendioroz eta Garzesi «ez ginelako bakarrak». Ez dute hari eskertzeko bakarra, azaltzen dutenez «mugarri fundamentala» izan baita. Elkarrizketatuetako bat da eta Ez Dok Amairu ostean Iparraldeko eta Hegoaldeko abeslariak batu zituen Zazpiribai taldeko kide izan zen Iriondorekin. Harekin batera lekukotza eman dute Koro Berasategi Iriondo Lurdesen ilobak; oholtzan belaunaldikide izan zituen Maite Idirin eta Ana Guadalupe 'Lupe' abeslariek; azken elkarrizketa egin zion Amagoia Mujika kazetariak; 15. urteurreneko omenaldian 'Ez gaude konforme. Lourdes eta hamaika lore' ikuskizuna zuzendu zuen Agurtzane Intxaurragak; erreferente bezala duen Mariasun Landak eta emakume erreferenteen beharra aldarrikatu duen Jule Goikoetxea ikerlariak. Bederatzigarren bat ere gehitzen dute, Iparraldeko Maite Barnetche kazetaria, «salbatzaile» izendatzen dutena haren grabazioengatik. Tartean Pantxikek irakurtzen duen olerki bat.

Bestelako altxorrak ere topatu dituzte, esaterako Trinitate Plazan Iriondok eta Lupek «bi ahotsetara» eskainitako kontzertua.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ez Dok Amairutik at Lurdes Iriondo bat ere izan zelako

Ez Dok Amairutik at Lurdes Iriondo bat ere izan zelako