'The Wall of Shadows' film poloniarra garaile BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian
Palmares zabalean ametsek bultzatutako eta zorigaitzak jotako espedizio baten berri ematen duen 'Mendiak 1976' eta Itziar Zabala eskalatzainearen inguruko 'Amagana' filmak ere badute tokite
Domingo, 12 de diciembre 2021, 13:30
'Sciana Cieni (The Wall of Shadows)' filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiko Sari Nagusia. 14. edizioko palmaresaren berri emateko banatu duten oharrean diotenez, «Eliza Kubarska zinegile poloniarrak zuzendutako filma Jannu edo Kumbhakarna (Himalaia, 7.710m) mendiaren altzoan kokatzen da, Dmitry Golovchenko eta Sergey Nilov alpinista errusiarrek 2019ko udaberrian burutako jardueraren inguruan. Protagonista nagusia, ordea, espedizioarentzat lanean ari den sherpa familia da: mendi sakratuari zor dioten errespetua eta beldurra, lan-ordainaren menpekotasuna, semeari ikasketetarako aukera emateko gurasoek duten gogoa, eta erronkan tragikoki atzentzen ari diren alpinistekiko kezka».
Publicidad
Mauro Leveghi Trento Film Festivaleko Presidenteak, Kepa Sojo zinegileak, Paula Olaz eta Joaquín Gómez soinu banda konposatzaileek eta Arrate Landaluze, ikus-entzunezkoetako itzultzaileak osatutako epaimahaiaren balorazioaren arabera, «filmak ikuskera oso originala du, eta alpinismoaren munduan oso gutxitan entzuten den ahots bati egiten dio lekua. Sotila eta zirraragarria, gidari sherpek gaur egun duten dikotomia islatzen du, eta gizakiari bere mugak onar ditzan eskatzen dio». Sari Nagusia irabaztean, 'Eguzkilorea' eta 6.000 euro jaso ditu 'Sciana Cieni. The Wall of Shadows'-ek.
'Mendiak 1976' eta 'Amagana'
Palmares zabalean bertako filmeek ere badute tokia. Mendiko Film Onenari emandako saria 'Mendiak 1976'-entzat izan da. Publikoaren saria ere horrexek irabazi du. Luis Arrieta, Jesús Iriarte eta Daniel Burguiren filmak kontatzen du 1976 urtean mendizale talde batek 7.116 metroko Shakhaur mendira (HinduKush/Afganistan) egin zuen igoera. «Lehendabiziko 7.000ko euskalduna» izan zen.
«Istorio ezezaguna, erronkaz, ametsez eta abenturaz baina minez beterikoa ere», alegia Shakhaurren jaitsieran Leandro Arbeloa hil zelako. Urtebete beranduago, Javier Pastorrek bizitza galduko zuen Julian Lasterrarekin Mont Blanceko Couloir Gervasuttiko eskaladan. «Ametsez zein zorigaitzez beteriko istorio» ahaztu hura azaleratu duen filmari buruz honakoa esan du epaimahaiak: «Hunkiberatasuna, umiltasuna eta hurbiltasuna dira filmaren hiru «tasun» nagusiak; izan ere, lanak ezin argiago erakusten du alpinismoaren muin-muinean dagoen balioa: sokakideen arteko anaitasuna».
Euskarazko film onena, berriz, 'Amagana'-rentzat izan da. Bertan, Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peral zuzendariek Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren ibilbidea, bizipenak eta paisaiak islatu dituzte, Bihotz Gorosperen ahotsak eta musikak ere protagonismo handia duelarik. «Gure sustraietarako bidaia erakusten du filmak, musikaren, euskararen aberastasun dialektalaren eta naturarekiko eta ama lurrarekiko maitasunaren bidez», nabarmendu du epaihamaiak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión